Astekaria

"Inoiz amestuko nuena baino hobea izaten ari da 'Katana'"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko otsailaren 10a

Ana Goitia umoregilea. barreman

Ana Goitia bakarrizketalari lekeitiarrak Etxarri Aranazko Irrizikloan parte hartu zuen otsailaren 7an, bere 'Katana' bakarrizketarekin. "Terapia" modukoa dela esan dio jendeak

Ana Goitia Katana-rekin Etxarri Aranazko kultur etxean izan zen otsailaren 7an, herriko kultur zerbitzuak antolatu duen Irrizikloaren barruan. Publikoak "oso-oso ondo" pasako duela esan du umoregileak: "Aste gogorraren ondoren barre egiteko terapia da Katana". Ondoren poteatzen barre egiten jarraituko dutela esan du. 

Nondik dator 'Katana'?
Katana dator nire mingaina katana bat bezalakoa delako. Mozten du eta zorroztuta dago. Bakarrizketa barre egiteko da, baina esaten ditut gauza batzuk denok identifikatuta sentitzen garela. Batzuetan konturatu gabe hausnartzera eramaten gaitu. Betiere umoretik ondo pasatzetik. 

Zure lehenengo bakarrizketa da? 
Bai; lehenengo bakarrizketa luzea nolabait esateko. Urte eta erdi edo bi urte ibili naiz leku desberdinetatik bakarrizketalari talde batekin bakarrizketa motzak egiten. Etxarri Aranatzen egon ginen, gaztetxean, duela urte bat inguru eta, egia esan, oso gustura aritu ginen. Pentsatu nuen luze bat egiteko momentua zela. Adin bat badaukat, eta zergatik ez probatu? Horrela izan zen; pentsatu eta egin. 

Eta nola da bakarrizketa bat sortzeko prozesua? 
Azkenean, lehendik probatuta nituen testuak hartu ditut; oso ondo funtzionatzen dutenak hartu eta ildo horretatik zer kontatu nahi dudan. Zer mezu esan nahi dudan. Testu asko nituen eta egia esan ez zen oso erraza izan kanpoan zer utzi erabakitzea. Beharbada testu bat ez nuela sartuko esan, eta nirekin bakarrizketak egiten aritzen direnek esaten zidaten: "Baina nola ez duzu sartuko! Sartu behar duzu!". Bada, sartu beharko dut. 

Zer transmititu nahi duzu?

"Anekdotak transmititzen ditut; nire bizitza oso anekdotikoa da"

Anekdotak transmititzen ditut. Nire bizitza oso anekdotikoa da, gauza asko pasatzen zaizkit nahiko barregarriak direnak. Barregarriak edo nola hartzen ditudan nik gauza horiek ere bada. Badago ere euskal gizarteari buruzko hausnarketa txiki bat. Musika asko ikutzen dut izugarri gustatzen zaidalako; ama naiz eta orduan guraso izatearen hortik ere gauzak komentatzen ditut; matxismoaren gaia lantzen dut ere... Hainbat gai jorratzen ditut, nik bizi dudana; nire egunerokotasuna. Horretan oinarritzen naiz, eta jendea asko identifikatzen da. 

Beraz, zure bizitzan inspiratzen zara? 
Nire inguruan. Orain gainera obsesio bat da. Zerbait kontatu eta: "Horrek monologo bat dauka!". Edozerekin egin daiteke bakarrizketa bat.

Zer behar da bakarrizketalari izateko? 
Nirea nahi gabe izan da. Nire bizitzan gertatu diren gauza guztiak bezala. Edozertara animatu izan naiz. Egingo duzu hau? Aurrera. Egia esan betidanik gustatu izan zait bakarrizketen mundua eta egunen batean bakarrizketa bat egin behar nuela pentsatzen nuen. Baina, besterik gabe. Barre Librean hasi nintzen, gero Antton Telleriarekin eta beste bakarrizketalari batzuekin... Eta bizia ematen zidala ikusi nuen. Horrela hasi nintzen, anekdotikoa izan zen ere. Ez da zerbait prestatu dudana. Baina egia da garrantzitsua dela sena edukitzea; azkenean daukazu edo ez daukazu. Txikitatik kuadrillarekin eta abar beti izan naiz gauzak modu berezian kontatzen dituena edo pixka bat xelebreagoa dena. Puntu hori eduki behar da. Azkenean, gehienok autodidaktak gara. Ondo pasatzen dudala ikusi nuen, publikoan ez zuten gaizki hartzen eta probatu nuen. Eta, egia esan, oso ongi. Ikusiko dugu Etxarri Aranatzen, baina azken aldian ikusi nuenaren arabera, ederra da. 

Zer moduz hartu du publikoak 'Katana'?

"Jendeak gero eta gehiago eskatzen du umorea euskaraz, eta zein polita den"

Izugarri ondo. Espektatibarik gabe sortu nuen; espektatiba gutxi batzurekin. Baina esaten nuen: "Norbait etorriko da ikustera? Inor ez badator etorriko zarete zuek behin eta berriz?". Lagunei esaten nien, eta haiek etorriko zirela... Baina uste baino askoz hobeto joan da. Oso zoriontsu nago. Katana ez nuen sortu bakarrik esateko nik egin behar dut hau beti nahi izan dudalako, niretzako oso garrantzitsua da kultura euskaraz egitea eta horrelako ikuskizunak egitea. Gainera, emakume bezala. Zoritxarrez ez dago hainbeste emakume oholtzaren gainean bakarrik aritzen direnak, eta niretzako gauza horiek oso garrantzitsuak dira. Ikusten ari naiz jendeak nahi duela; oso ongi hartzen du, gogoa du eta asko disfrutatzen du emanaldian. Niretzako inoiz amestuko nuena baino hobea da. Izugarri betetzen dit eta oso gustura nabil. Ikusi dut euskaldunok nahi dugula. Jendeak gero eta gehiago eskatzen du umorea, eta zein polita eta zer garrantzitsua den. 

Behar delako ere, ezta? 
Hori da. Nik uste duela bi urtetik hona berpizkunde bat egon dela euskal umoregileen artean. Zorionez geroz eta gehiago daude, oso onak, eta gazte pila bat. Hori izugarri gustatzen zait. Etorkizuna badaukagu. Emakumeak ere gero eta gehiago dira. Hor egon dira Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena, urte pila bat daramatzate, lagunak ditut eta erreferenteak; baina gehiago daude: Maria Blanco, Maialen Sorzabalbere, Esti Curiel... Asko ateratzen ari dira, eta etorriko direnak ere. Hori behar dugu. Mutilen kasuan ere asko daude. Zorionez ere toki gehiago ditugu. Euskal umorea behar dugu, bai komunikabideetan bai plazetan, kaleetan, herrietan... Umorea eta euskalduna behar dugu, eta horretan gaude.