Hiru hizkuntzatan eman dute 'Regreso a Etxarri Aranatz' liburua

Guaixe 2025eko otsailaren 11

Liburuaren aurkezpenean Tomas Caballero Martinez eta Jose Ignacio Ulaiar Mundiñano izan ziren. @crisibarrola_

Euskaraz, frantsesez eta ingelesez eman dute. Egileak Etxarriko Ulaiar familiaren kasuan oinarrituta idatzi zuen liburua, ETAk Jesus hil aurretik eta ondoren bizi izan zituztenak kontatzeko.

Tomas Caballero fundazioak eta Victimas del Terrorismo elkarteek argitaratuta, Javier Marrodan Ciordiak Regreso a Etxarri Aranatz 2004ko azaroaren 23an aurkeztu zuen. ETAk Jesus Ulaiar Liziaga alkate ohia 1979ko ilbeltzaren 27an hil zuen. Hilketaren 25. urteurrenaren harira, Etxarri Aranatzen bi mila pertsona elkartu zituen ekitaldi bat egin zen 2004ko ilbeltzaren 24an. Egileak bitarte horretan Ulaiar familiak bizi izandakoa jaso zuen. 

Fundazioak liburua, atzera ere, argitaratu du. Oraingoan euskaraz, frantsesez eta ingelesez, Aritz Gorrotxategik, Séverine Vigneronek eta Claire Thompsonek itzulita. Haren aurkezpena Iruñean egin zuten ilbeltzaren 31n. Egileak ezin izan zuen ekitaldian presente egon, baina ohar bidez adierazi zuenez, "Ulaiar familiaren kasua ikono bat izan da, eta da. Bere bizi gorabeherek osagai guztiak dituzte: mina, iraina, bost hamarkadatan luzatu zen ETAren jardueraren aurreko bakardadea eta inpotentzia". 

Liburuak fundazioaren webgunearen bidez dohainik deskarga daitezke. Eta bide bera erabili daiteke paperezko bertsioa eskatzeko. Fundazioko presidente Tomas Caballero Martinezek esan zuenez, "euskarazko azalpenaren lehentasuna da beste hizkuntza batean irakurri ez zutenengana lekukotza eramatea. Liburua euskaraz ere egia eta askatasun mezua da". Frantsesezko itzulpenarekin "biktimen egia pertsona gehiagorengana iristeko" egin dutela adierazi zuen, "historia zen bezala konta dadin, manipulazio eta ahanzturarik gabe". Ingelesa "berez, nazioarteko hizkuntza da, eta historia hori maila globalean zabaltzea ahalbidetzen digu. Herrialde askotan Espainiako terrorismoaren errealitatea ez da ezagutzen, edo desitxuratu egin da".