Udalak herriko bide sarea egin nahi du

Guaixe 2025eko otsailaren 17a

Etxarri Aranatz eta eskolarako bidea aparkalekutik.

Oinezkoendako eta bizikletendako bidea izanen da. Parte hartze prozesua eginen du aurki.

Sakanako bizikleta bide sareak eginen duen bezala, Donejakue bideak ibarra zeharkatzen du.  Sakanako Done Jakue Bidea deritzona Nafarroako bosgarren Done Jakue Bidea da, seinaleztatuta dago eta erromesarendako beharrezko zerbitzuak ditu. Etxarri Aranatzera bi bideak errepide zaharretik Eragaraino iritsiko dira. Puntu horretan bizikleta sareko bideak zuzen joko du errotondaraino. Donejakue bideak, berriz, Eragan eskolarako bidea hartu eta handik herrira jotzen du. Arañaz eta Mundiño kaletik udaletxeraino joanen dira erromesak.

Horren jakitun izanda, Etxarri Aranazko Udalak dirulaguntza eskuratu dio Nafarroako Gobernuari herriko Alde Zaharra eta eskola arteko bidea txukuntzeko. Hasteko, eskola pareko aparkalekuaren ondoan erromesendako atsedenleku bat eginen da. Handik herrira oinezkoendako eta bizikletendako hiru metro zabaleko bide bat abiatuko da. Bide hori horizontalki eta bertikalki seinaleztatuko da. Herrira joateko bihurgunetik aurrera, eskoletako bidean, bizikletendako bi norabideko bide bat eginen da, 2,20 metro zabal dituena. Gainerako 2,80 metroak oinezkoendako izanen dira. Eskoletako bidean ez da autorik ibiliko. Eskoletako bideko zorua tarte batzuetan konpondu eginen da. Baita hondatuta dauden barandak ere. Gehienezko abiadura 15 km orduko izanen da tarte horretan.

Aranaz eta Mundiño kaletik plazaraino iritsiko dira erromesak. Bi kale horietan erabilera partekatu beharko dute oinezkoek, bizikletek eta autoek, baina bizikletek lehentasuna izanen dute. Kaleetan seinaleztapen horizontala eta bertikala jarriko dira, erabilera duala adieraziz, eta abiadura orduko 20 km-ra mugatuko da. Ibilgailuen trafikoaren egungo norabidea mantenduko da. 

Deialdia 
Udalak lanak emateko deialdia egin du. Eskaintzak martxoaren 7ra arte aurkez daitezke. Kontratua bereganatzen duen enpresak hamar aste izanen ditu lanak despeditzeko. Obrak garagarrilaren 15erako bukatuta egon beharko du. Lanek 77.990,09 euroko (BEZa barne) aurrekontua dute, eta Nafarroako Gobernuaren %75eko dirulaguntza du. Europar Batasuneko Next Generation finantza-tresnaren barruan dagoen Europako Berreskuratze eta Erresilientzia Funtsaren kontura finantzatuko da jarduketa, Donejakue Bideko ibilbideetarako, atseden hartzeko eta paisaia kontserbatzeko eremuetarako eta zirkulatzeko bizitokietarako tokiko erakundeendako dirulaguntzen deialdiaren bidez.

Arkaitz Errazkin Beltza zinegotziak azaldu duenez, "lan horrek herriaren eta hezkuntza eta kirol gunearen arteko lotura hobetuko du. Baina udalaren asmo handiago baten zati bat besterik ez da". Jakinik, Sakanako bizikleta bide sarea eta Donejakue bidea daudela, udalak "horiekin lotura izanen duen herri mailako bide sare bat sortu nahi du oinezkoendako eta bizikletan ibiltzeko". Udalak ideia batzuk baditu ere, etxarriarren ekarpenak jaso nahi ditu. Horregatik, aurki, parte hartze prozesua martxan jarriko du. "Herri mailako bide sare horrek ere energia trantsizioan bere ekarpena eginen du", azaldu du Errazkinek.