Eskolako eguzki plakek segida izanen dute

Guaixe 2025eko otsailaren 20a

San Donato eskolako teilatuan jarri ditu udalak eguzki plakak.

Etxarri Aranazko Udalak San Donato eskolako teilatuan eguzki plakak jarri ditu. Gehiago jartzeko aukera du. Eta beste udal eraikin batzuetan horretarako aukera aztertua du.

Kanpineko aldagelen eta tabernaren eraikinean eguzki plakak jarri zituen Etxarri Aranazko Udalak 2022an. Han sortutako argindarra han bertan kontsumitzen da. Udalak jarritako aurreneko eguzki plaken instalazioa izan zen hura. Bigarrena San Donato eskola publikoan jarritakoa da: 80 bat plaka jarri dira, 48 kW-eko potentzia sortu dezaketenak. Lanek 39.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Haiek jartzeko udalak 19.000 euroko dirulaguntza izan du. Arkaitz Errazkin Beltza zinegotziak azaldu duenez, "plakak ikasturtea hasterako jarrita zeuden. Argindar instalazioa udazken hasierarako". Zinegotziak zehaztu duenez, "plakek sortzen duten elektrizitatea baliatzeko Iberdrolak eguzki plaken sarea azpiestazio elektrikoarekin lotzea besterik ez da falta. Enpresatik esan digutenez, bi hilabete inguru beharko dituzte lotura egiteko". 

Errazkinek azaldu duenez, "sortutako argindarra eskolan bertan kontsumituko da. Teilatuan plaka gehiago jartzeko aukera dago. Jarri dugun argindar instalazioa ehun plakara arteko gaitasuna du. Epe motzean hori izanen da udalaren helburua: eskolan ehun plaka jartzea. Baina ikastetxean 200 plaka jartzeko aukera dago", zehaztu du zinegotziak. Azken asmo hori gauzatuko balitz, "udalaren elektrizitate premiak aseko lirateke". 

Energia komunitatea 
San Donato eskolan jarritako instalazio fotovoltaikoa ikastetxea elektrizitatez hornitzeko baliatuko da. "Baina, tarteka, sobera egonen da. Udalaren hasierako asmoa zen argindar hori bere beste udal eraikin batzuetan erabiltzea. Baina energia komunitatea sortu denez, herrian hari bulkada bat emateko hari uztea pentsatu dugu. Energia komunitateari proposamena egin diogu eta erantzun zain gaude. Hura eratzeko prozesuan dago, eta aurkeztu beharreko paperak martxan jartzea atzeratu du", esan du Errazkinek. 

Zinegotziak jakinarazi duenez, "udalak eguzki plakak jartzeko beste egitasmo batzuk ere baditu. Alde batetik, Euskalerriari frontoia. Lehenik teilatuko uralita kendu beharko litzateke. Maisuen etxea izandako eraikineko teilatua ere hor dago. Musika eskolakoa ez dugu baztertzen. Teilatuak uzteko aukera ematen du energia komunitateak, eta haren bidez herritarren esku utzi daitezke haien fakturak murrizteko".  

Udalak ur hornidura sarea argindarra sortzeko aukera gisa ere aztertu du. "Lizarragako moduko turbina jarri daiteke Amaiturrietako iturburuaren eta ur biltegi zaharraren artean. Kontua da haraino doan argindar sarerik ez dagoela, eta hori egitea oso garestia da. Beste aukera bat da turbinak ur sarean jartzea, presio murriztaileak dauden tokian", azaldu du Errazkinek. Baina aukera horiek, oraingoz, ez dira eginen. Turbinak jartzeko dirulaguntzak daudenean, noizbait, eginen dira". 

Egur loteak 
Zinegotziak azaldu duenez, "energia trantsiziorako beste pauso bat egur loteak dira. Etxeetako energia gastu handiena berogailuak dira. Egurra badugu eta baliatu daiteke". Udalaren asmoa da "hala eskatzen duenari, egur loteak etxera eramatea. Hainbatek ez dute egur lotea egiteko tresneriarik ezta egurra basotik ateratzeko traktorerik ere. Egurra etxera eramanda berak egurra txikitu eta etxea zerekin berotu izanen luke. Zerbitzu horretan etxarriarrek interesa duten jakiteko udalak aurki bandoa aterako du", aurreratu du Errazkinek. "Udalak ehun lote banatu zituen joan zen urtean. Horrela, egur loteak jende gehiagoren eskura jarri nahi genituzke", azaldu du zinegotziak.