Astekaria

Eneko Lazkozek Bertsopaper Lehiaketako saria irabazi du

Guaixe 2025ko ots. 18a, 10:14

Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa; Lazkoz ez zen egon. IRUÑEKO UDALA

'Inoiz ez da berandu! Edo agian bai?' lanarekin irabazi du bertsolari etxarriarrak sari nagusia bere kategorian.

26 egilek parte hartu dute Iruñeko Bertsopaper Lehiaketan, 28 lanekin. Lehiaketa hiru kategorietan banatuta dago: A kategoria, 2011tik aurrera jaiotakoak, B kategoria 2007 eta 2010 artekoak eta C kategoria 2006 baino lehenago jaiotakoak. Kategoria honetan Eneko Lazkoz Martinez etxarriarrak irabazi du lehen saria Inoiz ez da berandu! Edo agian bai? lanarekin. 

Epaimahaiak lana teknikoki "oso lan ona" dela nabarmendu du, baita "gai konplexua, bide ez errezenetik jorratua" dagoela ere. 1.500 euroko saria irabazi du. Kategoria berean Joanes Illarregik bigarren eta Erika Lagomak hirugarren saria irabazi dute. 

A kategorian Enaitz Zestauk, lehenengo eta hirugarren, eta Araia Irigibelek, bigarren saria, irabazi dute, eta B kategorian Kattin Madariagak lehenengo eta bigarren saria irabazi ditu, eta Kattalin Lizarragak hirugarrena.