Kaotiko taldeak 25 urte bete ditu, eta ospatzeko XX5 diskoa kaleratu du; taldearen ibilbidearen 25 kanta biltzen dituen diskoa. Abesti ezagunenak ez ezik, "denetarik" egotea saiatu direla esan du Xabi Aldaz bateria jole etxarriarrak.Otsailaren 14an bira mustu zuten, Iruñeko Zentral aretoan eman zuten kontzertuarekin, eta ondoren Euskal Herriko eta espainiar estatuko hainbat aretotan izanen dira. Toki askotan Sarrerak agortuta kartela jarri dute.
25 urte pasa dira, eta hasieratik zaude taldean.
Hasierako taldekoa naiz. Jon Morcillo, olaztiarra, beranduago sartu zen, 2014an, Fontak utzi zuenean; bide erdia ere darama. 25 urte pasa dira. Inork ez genuen espero hainbeste urte mantentzea. Behintzat horrelako maila batean; hainbeste kontzertu, bira, eta hainbeste zaleekin. Egia da zalerik gabe ezin duzula modu honetan mantendu.
Nola heldu zitzaizun gonbidapena?
14 urterekin bateria jotzen hasi nintzen, eta Kontraesaka taldea sortu genuen Adur Goikoetxea, Aiert Lizarraga eta Juanpa Aguirre etxarriarrek eta Mikel Reparaz arbizuarrak. Ekipo xelebrea geunden. Mundu honetan murgildu nintzen. Gero, segituan, Mundiñano anaiekin berbena mundu hori ere ukitu nuen, eta ondoren, momentu horretan, ez nituen talde bat egiteko espektatibarik, eta lagun baten aldetik aukera heldu zitzaidan; Aguraingo talde horrekin utzi zutela... Nik ez nuen Kaos Etiliko entzuten heavyagotik eta musika gogorragotik etortzen nintzelako, baina esa nuen: orain ez daukatenez ezer, probatuko dut. Hasi nintzen, eta 25 urte. Ez nuen espero hainbeste urte mantentzea proiektu batean. Zaila da. Gaur egun horrelako proiektu bat mantentzea zaila da hainbeste musikarekin, talderekin eta musika entzuteko dagoen moduarekin.
Gauza asko aldatu dira?
Niretako gaur egun musika kontsumo azkarrekoa da. Hainbeste genero dago, eta egunero musika berria ateratzen da. Orduan, sartzen da gorputzean horrelako presio bat aditzeko asko duzulako. Ez da lehen bezala; disko bat hasieratik bukaeraraino milaka aldiz entzuten zenuen. Gaur egun, hainbeste dago entzuteko trituradora musikal baten antzekoa dela. Talde askorendako ona izan daiteke, baina dualki. Talde gehienak tinteroan gelditzen dira. Hor dago koxka. Azkenean, gu zaharrenak garela, badakigu nolakoa zen: kasete bat, agian irratitik grabatzen genituen abestiak... Streamingak eta Internetek gauza on asko dauzka, baina arriskutsua izan daiteke hainbeste gauza egonda ez duelako aukerarik ematen ongi zaporeatzeko.
Baina zuek belaunaldi asko biltzen dituzue, ezta?
"Belaunaldi aldaketak egon dira; mantendu dugu eta berriak sartu dira"
Egia da. Nik uste horrek garrantzia handia daukala gu hemen irauten egoteko. Azkenean, belaunaldi aldaketak egon dira, eta lehenengo generazioak mantendu dira, berriak sartu dira, eta orain hirugarrenak ere sartzen ari dira. Ikusi ditugu gurasoak seme-alabekin, eta orain seme-alaba horiek seme-alabekin ikusten ari gara ere. 25 urte pila bat dira, eta nik uste belaunaldien topaketa horrek egiten duela eszenatokian mantentzea. Abesti batzuk oso ongi zahartu dira ere. Horrek ere garrantzia eta pisu handia dauka. Orain esaten dugu kontsumo azkarreko musika dagoela, eta hor mantentzea urte pila bateko abestiak oso ona da.
25 kanta berreskuratu dituzue. Zaharrenak?
"Botazio antzeko bat egin genuen, eta hamar abesti diskoan egon behar ziren bai ala bai"
Gehienbat abesti zaharrak sartu ditugu, besteak freskoagoak dira, eta orain dela gutxi gehiago entzun dira. Aukeraketa nahiko erraza izan zen; botazio antzeko bat egin genuen bostok, demokratikoki ea zer ateratzen zen gehiago ikusteko, eta hamar abesti bai ala bai sartzekoak ateratzen ziren. Gero besteak gehiago kostatu zitzaizkigun. Gauza da bost buru eta bost estilo desberdinetako jendea garela. Gauza batzuetan ez, baina abestiak aukeratzeko bakoitzak estilo eta gustu propioa du. Baina pentsatu genuen ez genuela disko bat dena hits edo abesti tipiko guztiekin. Zuzenekoetan jotzen genituenak. Saiatu ginen zuzenean hainbeste jo ez ditugun edo urte pila bat jo gabe egon garenak sartzen. Ez izateko disko tipiko bat. Pixka bat denetarik dago. Guk uste txukun gelditu dela; ez da bakarrik abesti ezagun-ezagunenak.
"Duela 25 urteko abestien letrek gaur egun balio dute; hori bai dela tristea"
Kuriosoa da abestiak aukeratzean ere konturatu garelako duela 25 urteko letrak gaur egun ere balio dutela. Hori bai dela tristea. Gehienak, eta ez bakarrik Kaotikoko abestiekin. RIP, La Polla... Gertuko taldeen letrekin ere. Orain dela 40 edo 45 urteko letrak oraindik mantentzen dira; badirudi gaur idatzitakoak direla. Horrek esan nahi du gizarte honek sozialki eta politikoki asko landu beharra daukala. Beraiek gu matxakatzen gaituzte. Gu talde bezala letra asko parrandaren inguruan egin izan ditugu, baina kritika soziala eta politikoa ere egiten dugu, eta jarraituko dugu egiten. Azkenean, urteekin pentsamenduak aldatzen dira, baina pentsamendu kritiko hori ez. Gure modura jarraituko dugu horrekin ere.
Eta diskoaren barruan argazkiak.
Poster antzeko bat dago. Ez genituen letrak sartu behar Interneten daudelako eta jendeak orokorrean ezagutzen dituelako. Orduan, pentsatu genuen argazkiak sartzea. Kreditu guztiak eta abar eta gero 25 urte hauetako argazkien potpurri bat. Polita da.
Grabatzeko moduan aldaketak egon dira?
Lana ez da lehen bezala egiten. Lehen maketak egiteko lokalean kasete batekin REC botoia zapaldu eta gero bilatu behar zenuen non zegoen puxka hori. Gaur egun disko bat egin dezakezu lokaletik. Abesti asko daude, eta aldi berean estudioan eta lokaleko estudioan grabatzen egon gara. Gero nahasketak eta produkzioa estudioan egin dute, baina joan gara alde berean grabatzen. 25 abesti asko dira, eta aurrekontua ere igotzen da. Soinu aldetik saiatu gara erabat mantentzen lehengo soinua. Pixka bat Kaotikoren gaurko soinua sartu dugu, agresiboagoa dena, baina abestiak, matiz txiki batzuk kenduta, berdin-berdinak dira.
Ilusioa berdina da?
"Ilusiorik gabe, ez nuke jarraituko; eszenatokira igotzeko gogoa beti dugu"
Azkenean, bizimodu bat da. Nahiz eta hasiera hobbie moduan hasi eta gero lana bihurtu, eta gero ere nahiz eta gustuko lan bat egin badira egunak eta egunak... Normal gaudenean ilusio berdin-berdina da. Hiru hilabete, ia lau, jo gabe daramatzagu, eta nik sekulako gogoak ditut gainean egoteko. Bira bukatzen duzunean egia da nekatuta zaudela eta herrian, etxea, bikotekidearekin, familiarekin eta lagunekin egotea nahi duzula, eta beste gauza batzuk egin. Baina hiru hilabete pasatzen direnean, deskantso nahikoa bada. Jendeari ezin zaio engainatu, eta gustura zaudenean nabaritzen da. Beti esaten dut, ilusiorik gabe utziko nuen. Musikaren munduan jarraituko nuke, beste talderen batean edo dena delakoa. Baina gogoa daukagu beti. Pribilegiatu batzuk gara; batzuetan kexatzen naiz, eta pentsatzen dut ezin naizela kexatu. Bai eta ez. Badago nahiko okerrago pasatzen duen jendea.
Bira batean elkarrekin denbora asko zaudete. Nolakoa da harremana?
Taldekideak ordu, egun eta hilabeteak pasatzen ditugu elkarrekin. Familia bat gara. Lagun oso onak. Horregatik mantendu gara 25 urte. Kohesioa eta dena behar duzu. Landu behar da, eta jakin behar da zein puntutan gauden. Diskusio txiki bat egon daiteke, handiagora joaten dena... Bira barruan zaudenean horrelakoak gertatzen dira. Baina elkar ezagutzen dugu, eta badakigu nola maneiatu horrelako gauzak.
Eta etxean? Nola da musikari batekin bizitzea?
Bikotekidearekin opor hilabete hauek topera disfrutatzen dituzu; gero asteburutan ezin duzulako. Bira estatu osotik bueltan egiten dugu, baita kanpoan ere. Azkenean, oreka puntu hori bilatu behar duzu. Disfrutatu behar duzu. Bestela, ez bazaude ongi, ez du ezertarako balio.
Sasoian egon behar zarete ere, ezta?
Denak antzeko egon behar gara. Lehertuta bukatzen dugu, baina niretako furgonetako bidaiak gehiago lehertzen du. Asteburu batean hemezortzi ordu furgonetan batean egoten gara. Lehen gazteago ginenean errazago bueltatzen ginen. Baina hori da agian gehien kostatzen zaidana: bidaiak. Eta hori furgoneta handi bat dugula eta gure artean giro ona dagoela eta ez dela pisutsua egiten. Baina fisikoki leherturik bukatzen dut. Azkenean hori da: ez daukagu 20 urte.
Sarrera agorturik duzue toki askotan. Hori jakinda, nola ateratzen zara oholtzara?
Oso pozik gaude. Euskal Herrikoak agortu dira, Zaragozakoak ere, Espainia mailan ere Leon, Toledo, Valladoliden oso fuerte izaten da... Harrera oso ona izan da. Guretako izugarria da; 25 urte ondoren garitoak betetzea sekulakoa da. Egia da azkenaldian badagoela sarrerarik gabe gelditzeko beldurragatik edo lehen bait lehen hartzeko joera. Azken urtetan gora egin du: hilabete pila bat lehenago sarrerak hartu badaezpada. Ona da, baina aldi berea despistatuta egoten den jendea ezer gabe gelditzen da. Desberdintasuna da duela 25 urte fisikoki saltzen zirela, eta %20 txarteldegian saltzeko utzi behar ziren. Lege bat zegoen. Orain mundu digitala sartu zenetik ez dago lege hori, eta dena online saltzen baduzu, ez dago ezer. Bi emanaldi ematea eskaini ziguten, eta Iruñerriaren kasuan uda ondoren zerbait egitea pentsatu dugu. Aukera hori izango dugu. Toki askotan esan digute bi emanaldi egiteko, baina ezinezkoa da. Jendea gogotsu dago, eta gu ere bai.
Gehienbat hirietara joaten zarete?
Bai. Azpiegiturengatik errazago delako. Aretoak dira. Herri txikietan ere aretoak daude, baina produkzio aldetik ez dira hain aproposak jende asko sartzeko. Gaztetxetan ere egin ditugu beti. Badakigu nondik gatozen, eta gustatzen zaigu jendearekiko kontaktu hori; eszenario txikia eta jendea ondoan egotea. Baina egia da hiriburuetan egiten ditugula gehiago, aretoak guretako toki aproposenak direlako.
Nolakoa izango da bira?
Errepertorioa gehienbat bat abesti zaharrak izango dira. Lehenengo bi edo hiru diskoenak. Azkenean, guri atera zitzaizkigunak dira. Batzuk jo gabe urte asko daramatzagu, eta gogoa bageneukan. Estudioan horrelako nostalgia puntu bat izan nuen. Grabatzen nengoen eta teknikoari esan nion: hau duela 25 urte grabatu nuen, eta ari naiz sentitzen 20 urte izango banu bezala. Oroitzapen asko datoz burura eta momentu emozionantea eta nostalgikoa izan zen. Horrelako abestiak jotzea bira honetan berezia izango da. Sekulako gogoa daukagu. Jendea ere gustura egongo da. Gure zuzenekoak dibertigarriak dira, eta jendea horretara dago.