"Ikasle asko izateagatik joan ginen Parlamentura"

Guaixe 2025eko otsailaren 25a

Iñigo Orella, Izaskun Mugika lehendakaria eta Leire Agirre gurasoa. PARLAMENTUA

Nafarroako Parlamentuan izan zen Andra Mari ikastolako ordezkaritza otsailaren 19an. Hezkuntza Departamentuarekin duten gatazkaren inguruko azalpenak eman zituzten. Han izan zen Iñigo Orella Alzueta, pedagogia zuzendaria.

Gela baten bikoizketa ukatzeak Andra Mari ikastolako ordezkaritza parlamentarien aurrera azalpenak ematera eraman zituen. Izaskun Mugika Mugika lehendakaria, Leire Agirre Lizarraga gurasoa eta Iñigo Orella Alzuetak osatu zuten Andra Mari ikastolaren ordezkaritza. 

Nolaz bukatu zenuten Nafarroako Parlamentuan? 
Gure gogoaren kontra izan zen, eta prozesu oso luzea baten ondoren. Hainbat gauza pasa dira azken urte eta erdian-edo. Ikastolara gero eta ikasle gehiago etortzen zaizkigu ikastolara, adin desberdinetan. Ondorioz, klaseko ikasle kopuruaren gehienezko ratioa gainditu dugu. Lehen Hezkuntzan (LH) gelako 25 ikasle da. Halako egoeretan gelak bikoizteko akordioak ditugu Nafarroako Gobernuarekin, baina erabaki du ez bikoiztea. Ikasle asko izatearen ondorioa izan da. 

Zer da gela bikoizketa bat? 
Ikastolan LHn bi lerro (gela) izateko baimena du. Gehienezko kopurua 25 ikasle dira. Joan zen ikasturtea 24 ikaslerekin hasi genuen gela batean, baina kurtso bukaerarako 26 genituen. Gainera, aurrematrikulazio garaian beste bi izen emate izan genituen. 28 ikasle. Ilbeltzean hurrengo ikasturterako eskaerak egiten dira. Egoera aurreikusi genuenez, gela bikoiztea eskatu genuen. Bestalde, LHn sei urterako sinatzen diren ituntze akordioak daude. Guk hamaika gela izatea onartuta dugu, eta egun bederatzi ditugu. Azken ikasturtetik hona gela bat murriztu digute, gure ustez inongo arrazoirik gabe. Gela horren bikoizketa eskatu genuen eta ez digute onartu, nahiz eta baimen eta akordio guztiak bete, eta ikasle kopurua erraz gainditzen genuen.

Zer ondorio ditu gela ez bikoizteak?
Hasteko, ikastolara etorri nahi zuten bi familia horiek kanpoan gelditu dira. Ez zaie eman aukera. Hori gure filosofiaren kontrakoa da, zeren ikastola zabalik dago, denondako espazioa da, denondako ikastetxea da eta guk ez diogu inoiz inori esan: “ez etorri ikastolara”. 26 ikasleak gela batean daude eta guraso kooperatiba garenez, daukagun autonomia hari esker, bikoizketa partziala bere gain hartu du kooperatibak. Ikasleak oso ongi daude, aurrera egiten ari dira, baina ez Nafarroako Gobernuaren finantzazioari esker, baizik eta kooperatibaren konpromisoari esker. Guk Sakanan kalitatezko euskarazko hezkuntza bermatu nahi dugu. Konprometituta gaude eskualdearekin eta gure baliabide guztiak gure komunitatearen eskura jartzen saiatzen gara.

Noiz aurkeztu zenuten eskaera?
2024ko ilbeltzean hasi ginen. 24 ikasle genituen, aurreikusi genuen eskariak izanen genituela eta etor zitekeela kanpotik etorritako ikasleren bat. Eskolaratze Batzordeak Erdialdeko Amerikatik  etorritako ikasle bat bidali zigun maiatzean. Esku zabalik hartzen ditugu halako ikasleak. Baino askoz egokiagoa da eskolaratzea 13ko taldea batean 26koan baino. Ikasturtea 26 ikasle eta bi kanpo eskarirekin bukatu genuen. Uda osoa Hezkuntza Departamentuaren atzetik ibili ginen, eta ez genuen komunikaziorik lortu. Azkenean, Arartekoarengana jo genuen. Lastailean eman zuen ebazpena eta esaten zuen gela bikoizteko aukera genuela. Baina Hezkuntza Departamentuak ez dio kasurik egin. Eta guk aurkeztutako helegiteei ezezkoa eman die ilbeltzean, epez kanpo. Gure ustez tranpa bat erabili du. Legeak baimentzen du ratioaren %10 handitzea ikasturtean zehar etortzen diren ikasleak artatzeko. Joan zen urtean etorritako ikasle bat hartu du berehalako premia duen ikasle gisa ikasturte honetan. Guk ikasle hura hartu genuen. Baina ikasturte berriari begira gela hori bikoiztea zegokigula uste genuen. Ez digute onartu. 

Parlamentura joanez, zer espero duzue?
Gurea ez da kasu isolatua. Departamentuak berak esan digu Nafarroan 120 gela baino gehiago ratiotik gora daudela. Esaten dute %10eko ratio gehikuntza aplikatzen zaiela gela horiei guztiei. Astakeria iruditzen zaigu. De facto 28 ikasleko kopurua gainditu arte ez dute gelarik bikoizten. Legearen kontra eginez, 25eko ratioa beharrean 28koa aplikatzen ari dira. Ez zaigu justua eta bidezkoa iruditzen. Parlamentua da utzi diguten bide bakarra. Alderdi politikoek badute aukera arautzeko Nafarroan zein den aplikatu beharreko ratioa. Errekurtsoa ebatzita, utzi diguten beste bidea epaitegietara jotzea da. 

Epaitegian luzeko joko luke. 
Lege aholkulariarekin bide hori aztertzen ari gara. Luze joko luke eta ikasle horiek ez lukete lege horren onurarik izanen. Parlamentuko bidea azkarragoa iruditzen zaigu. Ez gure kasua ebazteko, baizik eta antzeko egoeran dauden beste ikasleen egoera ebazteko. Ikasleak ikastolara etorri nahi izatearen ondorioa da hau guztia. Berriz eskatu dugu gela bikoiztea. Zoritxarrez, oraingoan, bi familia kanpoan gelditu zaizkigu. Ea hurrengo ikasturteari begira posible den. Gure ikasleen eta beraien ongizatearen alde borroka segituko dugu.