Nekane Villarroel Karasatorre etxarriarra iaz aritu zen lehenengoz hyrox proba batean. Aurten errepikatu du, Ainhoa Baz aldamenarekin bikotea osatuta.
Nola sartu zinen hyrox-aren munduan?
Nik ez nuen ezagutu ere egiten. Nik korrika egiten nuen, baina zertxobait gehiago behar nuela konturatzen nintzen, gorputz guztia lantzeko. Aizkorrin hasi nintzen eta han hyrox-a ezagutu nuen. Gustatu zitzaidan, korrika eta bestelako ariketak konbinatzen dituelako. Gaizka monitoreak iaz Hyrox Bilbao proban parte hartzera animatu ninduen, eta bikoteka aritu nintzen, bakarrik ez nintzelako ausartzen. Pila bat gustatu zitzaidan. Hyrox-a korrika ariketekin konbinatutako kirola da. Zortzi ariketa edo lan zona kilometro bateko zortzi korrikaldiekin konbinatzen dira. Beraz, guztira 8 km korrika egiten dira, eta zortzi ariketa.
Ariketa horiek nolakoak dira?
Otsailaren 16an Hyrox Bilbao 2025ean egin genuena kontatuko dut. Lehenik eta behin BEC pabilioiari bi buelta eman genizkion, eta kilometro bat osatu. Lehen lan eremuan sartu ginen segidan, ski erg makinan. Makinarekin kilometro bat egin genuen, binaka geundenez, txandaka. Ondoren, korrika, beste kilometro bat egin genuen. Hurrengo gunea lera edo trineoarena zen. Lerak 102 kiloko karga zuen, eta 12,5 metroko distantzia edo plaza lau aldiz egin behar izan genuen, lera bultzatuz. Hura bukatuta, berriro kilometro bateko korrikaldia egin genuen, eta lerara bueltatu ginen, baina kasu honetan 58 kilo gainean zituen leratik tira egin behar genuen, eta beste lau plaza osatu. Atzera ere kilometro bat egin genuen korrika, eta hurrengo gunera iritsi ginen: burpee saltoak.
Nolako saltoak dira?
Salto bat gora egin, eta lurrera bota. Horrela, 80 m osatu behar dira, baina ezin dituzu besoak gaizki jarri. Ondoan pertsona bat dago ariketa ongi egiten duzula ziurtatzeko. Hura bukatuta, berriro kilometro bateko korrikaldia egin, eta segidan arraun makinara joan ginen, kilometro bat egitera. Segidan, kilometro bateko korrikaldia egin, eta hurrengo eremura sartu ginen: txingak. 16 kiloko txingekin 200 metro egin genituen. Beste kilometro bateko korrikaldiaren ondotik, hurrengo ariketa lunges delakoa izan zen, oinkadak. Hau da, 10 kiloko zakuarekin oinkadak egin, guztira 50 metro. Berriro kilometro bateko korrikaldia egin genuen, eta azken probari ekin genion: wall bals edo baloia handiak. 4 kilo pisatzen dituzten baloiak dira, eta distantzia batera jarrita dagoen dianari 100 aldiz jo behar zaio. Listo.
"Edonork egin ditzake Hyrox-eko ariketak; adin guztietako jendea aritzen da, eta jende guztia animatzen dut"
Prestakuntza handia eskatuko du.
Proba jokatu aurretik ariketa hauek egiten gehiago zentratzen gara, baina asteroko klaseetan egiten ditugun ariketak dira. Jakina, korrikako atala norberak bere kabuz landu behar du. Ohitura hori ere izan behar duzu.
Hyrox Bilbao bezalako proba batean aritzea saltoa izango da, ez?
Bai. Iaz lehenengo aldiz aritu nintzen, Binakako txapelketan emakumeen 40-49 adin tarteko kategorian. Kategoria bakoitzaren arabera, pisuak aldatzen dira. Pro mailakoek, lehiaketa maila gorenekoek, pisu gehiago izaten dute, esaterako, baina korrikako eremua denondako berdina da, 8 km guztira. Milaka pertsonak parte hartzen dute, pasada bat da. Aurten otsailaren 15ean jokatu behar zen, baina zegoen eskaria ikusita otsailaren 16raino luzatu zuten, bi egunetan, eta jendea kanpoan geratu zen. Guztira 8.000 inguru aritu omen ginen. Aizkorritik larunbatean hiru talde erraz joango ziren, eta igandean hiruzpalau talde eta bi neska, bakarka.
Norekin osatu zenuen bikotea?
Ainhoa Baz nire aldamenarekin, oso gustura. Berak ez zuen hyrox-a egiten, baina nire aurreko urteko bikoteak aurten ez zuen aritu nahi, Ainhoari aipatu nion, korrika egitera berarekin joaten naizelako, eta animatu zen. Bere kabuz hasi zen entrenatzen, baina azken hilabeteetan Aizkorrira etorri zen. Gustura aritu ginen Bilbon. Ainhoa, zer esanik ez. Dagoeneko esan dit datorren urtean berriro Bilbora bagoazela, eta, agian, aurten beste probaren bat ateratzen bada, hara goazela (kar-kar). Gustatuko litzaiguke, gogotsu gaude.
Zer espero zenuten?
Azken unera arte lesionatuta ibili ginen biak, eta azken hilabetean ezin izan genuen behar bezala entrenatu, nik bizkarra gaizki nuelako eta berak belaunean arazoak zituelako. Beraz, proba minik gabe bukatzea, hori zen gure helburua, eta disfrutatzea. Nahiz eta proban tarteka nekatuta aritu, ikusten genuenean ahal genuela, goraka egiten genuen. 1:18:58, hori izan zen gure denbora. Ahal genuen guztia eman genuen, eta, beraz, egindakoarekin oso pozik gaude. Emakumezkoen binakako 40-49 urte arteko gure mailan igandean tarte horretan aritu ginen 30 bikoteetatik hamahirugarrenak izan ginen, guretako super ongi. Ezin dugu gehiago eskatu. Hyrox txapelketan uneoro arnasestuka zoaz, eta pentsatzen duzu: "nork aginduko zidan niri honutza etortzea!" Baina bukatzen duzunean sentsazioa sekulakoa da: "lortu dut"... satisfazioa handia da.
Hyroxa crossfit-etik dator. Zergatik uste duzu halako arrakasta duela?
Niri korrika egitea bakarrik aspergarri egiten zitzaidan, eta konbinazioa primerakoa iruditzen zait. Ainhoak ere hori bera esan zidan. Aparte, ez da crossfit-a bezalako kirol teknikoa. Nik uste dut edonork egin ditzakeela hyrox-eko ariketak, bakoitzak bere neurrian, jakina. Adin guztietako jendea zegoen Bilbon: gazteak, helduak, beteranoak.. Guztiek egin dezakete kirol hau.
Behin hasita, zure buruari gehiago eskatuko diozu.
Kirol guztietan bezala. Azkenean, denok pikatzen gara pixka bat eta hobetu nahi dugu. Gero, denetatik dago: helburu eta denbora batzuk finkatzen dituztenak, proba bukatzera doazenak...
Zergatik animatuko zenuke jendea hyrox-a egitera?
Gorputz guztia lantzen duzu, adin guztietako jendeak egin dezake, ariketa errazak dira, edozeinek egin ahal dituenak, oso dibertigarria da, eta proba gainditzen duzunean duzun sentsazio hori... guztiz asetzen nau. Adin guztietako jendea animatzen dut!