Futbola

Etxarri Aranatz, kopako finalera

Guaixe 2025ko mar. 10a, 09:25

Etxarriarrak, finalera sailkatu izana ospatzen. ETXARRI ARANATZ KIROL ELKARTEA

Finalerdietan Zirauki mendean hartu eta gero, finalerako txartela lortu dute etxarriarrek

Erregional mailako Etxarri Aranatzek kopako finalerdia jokatu zuen martxoaren 1ean Ziraukiren kontra. Etxarriarrek autobusa antolatu zuten Ziraukin euren zaleen babesa gertu izateko, eta euren animoak primeran etorri zitzaizkien. 

Ziraukiren eta Etxarriren arteko lehia estua izan zen, jokoan asko zegoelako. 26. minutuan Mattin Altzelaik Etxarri aurreratu zuen, eta abantaila horrekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian bizi-bizi jarraitu zuen lehiak. Partida bukaera aldera, 83. minutuan, Oinatz Carreñok Etxarriren bigarren gola sartu zuen, finalerdia itxita utzita, etxarriarrek ederki ospatu zutena. 92. minutuan Ziraukik gola sartu zuen, baina beranduegi zen eurendako. 

1-2 irabazita, apirilaren 17an Etxarrik kopako final handia jokatuko du Carcastilloko Larrate taldearen kontra oraindik zehaztu ez den tokian.