Inazio Araña “Axio” Ordizia Errugbi Taldeko jokalari, entrenatzaile eta alma materra martxoaren 7an zendu zen, 63 urte zituela, gaixotasun luze eta larri baten eraginez. Etxarriarra ia hogei urtez Ordizia taldeko errugbi jokalaria izan zen, eta beste hogei urtez entrenatzaile izan zen, taldeko garai onenetan. Bere aginduteara igo zen taldea 2005ean Espainiako Ohorezko Mailara, eta bera zen entrenatzaile eta taldeko ikur Ordizia 2011n eta 2012an ligako txapeldunorde izan zenean eta 2012ko eta 2013ko Espainiako Kopak irabazi zituenean. 2012An Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lana saritu zuen.
Bere ibilbide ia guztia Ordizia taldeari lotuta egon zen, bi tartetan izan ezik. Bi urtez Atletico San Sebastian taldean jokatu zuen, eta Ordizia utzi ondoren, 2013an, taldea gorenean zegoela, Iruñeko La Unicacko teknikari aritu zen hiru denboralditan. Bestalde, Euskadiko errugbi selekzioan ere jokatu zuen.
Ordizia Errugbi Taldeak, La Unicak, Euskadiko Errugbi Federazioak eta bestelako klubek haren heriotzaren aurrean samina azaldu dute, eta errugbiko familia osoa gehitu da atsekabera. “Ordiziako errugbizaleok ez dugu Axio ahaztuko: haren ezpatak beti lagunduko gaitu” azaldu du Ordizia Errugbi Taldeak, Axio “taldeko zutabeetako bat” izan zela gaineratuz, “taldea gorenean egotearen eragile nagusienetarikoa”.
Ordizia Errugbi Taldeak jokatutako partida guztietan omendu du taldeko jokalari eta entrenatzaile ohi izandakoa.