Egur lotea etxera eramateko aukera eskaini du udalak

Guaixe 2025ko mar. 18a, 11:16

Etxarri Aranazko beheko basoaren eta Aldapasoro auzoaren ikuspegia. ARTXIBOA

Estreinako aldia da. Enpresa batek adierazitako tokira eramanen lizkioke enborrak eskatzaileari.

Etxarri Aranazko Udalak egur loteak eskatzeko deialdia zabaldu du. Aurten bi aukera izanen da. Batetik, orain arte bezala, nork bere loteko zuhaitzak moztu eta bere bitartekoen bidez etxera eramatea. Lote horren prezioa 44 eurokoa da. Aukera horren bidez egur loteak eskatzeko epea zabaltzen denean udaletxean eskaria idatzia bete beharko da.

Aurtengo deialdiaren berritasuna da sutarako egurra nahi eta beharrezko tresneria eta garraiatzeko modurik ez dutenek ere lotea eskatzeko aukera izanen  dutela. Izan ere, baso-enpresa bat arduratuko da eskatutako lote horiek mozteaz eta adierazitako lekura eramateaz. Herritarrak lotea etxera ekartzearen kostua bere gain hartuko du eta kostu hori lotearen pisuaren araberakoa izanen da. Bigarren aukera horretan interesaturik egonez gero, udaletxean idatziz jakinarazi beharko da.