Udaberri akaberan ibai ertzeko txipu bat ibaira erori zen. Ibaiaren emariak NA-120 errepideko zubiaren kontra eraman zuen. Etxarri Aranazko Udalak Ebroko Ur Konfederazioari eskatu zion txipua kentzeko. Baina hark ezetz, udalaren eskumena zela. Denboraren joanarekin zubiaren kontra gero eta enbor, adar eta ibaiaren emariak zekarren zabor guztia pilatzen hasi zen, plastikozko ontziak, plastiko zatiak, porespan zatiak, pilotak, eta abar.
Zubiaren kontra zegoen zaborra, azkenean Nafarroako Gobernuko Errepideen Mantentze Zerbitzuak kendu zuen otsailaren 25ean. "Gurdikada pila bete zituzten", Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu duenez. Haren esanetan, "antza, zerbitzu horren ardura da zubiaren mantentzea. Ur Konfederazioari behin eta berriz eskatu diogu pilatutako zabor guztia kentzeko, eta beti ezetz erantzun digute. Haien egitekoaren ardura udalei pasa nahi digute. Baina, nahi dutenean, eskumena beraiena da".
Alkateak azaldu duenez, pilatutako egurra eta gainerako zaborra kendu ondoren "halako zikinkeria baltsa bat gelditu da uharkaren kontra. Foruzaingoa eta suhiltzaileak gaztigatu genituen, baina larrialdi bat ez denez, Ingurumen Departamendura bideratu gaituzte". Udalean haien erantzunaren zain daude. Baina martxoko lehen asteburuko euriek guztia garbitu zuten.
Hala ere, Saez de Albenizek adierazi duenez, "konfederazioak ez digu ibai bazterreko txipuak mozten uzten. Eta haien egoera ikusita, berriro ere antzeko egoera izan dezakegu zubian". Dagoeneko alkateak aipatutako txipuetako bat erori da.