Miguel Angel Aristorena

"Sariak pozten nau, baina, lehena, nesken pala da"

Maider Betelu Ganboa 2025ko mar. 18a, 13:00

Aristorena, omenaldian jasotako oroigarri batekin. nafarroako pilota federazioa

Miguel Angel Aristorena Lakuntza urte luzez Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko nesken pala arduradun izandakoak Bella Esparza saria jaso du emakumezkoen pala sustatzeagatik

Etxarri Aranazko Gure Pilota klubeko Miguel Angel Aristorena Lakuntzak Bella Esparza 2025 Saria jaso zuen martxoaren 7an Nafarroa Arenan egindako ekitaldian. Sariketa Nafarroako Pilota Federazioko Emakume eta Pilota Batzordeak antolatzen du, La Caixa Fundazioaren babesarekin. Aristorenak "Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkarteko gomazko paleta atalaren bidez emakumeen artean kirola sustatzeko egindako lanagatik, eredugarritasunagatik eta egindako ekarpenagatik" jaso zuen aitortza. 

Emakumeen pala sustatzeagatik jaso duzu Bella Esparza saria.
Nafarroako Pilota Federazioa iaz hasi zen sari hauek ematen. Bella Esparza erraketista profesional bat izan zen, bere garaian sekulakoa izan zena, oso ona. Duela bizpahiru urte zendu zen. Bere omenez antolatu zuten sariketa, pilotan eta erremintan emakumezkoen lana aitortzeko. Iaz Maite Ruiz de Larramendi pilotariari eman zioten saria, eta aurten nik jaso dut. Bella Esparzaren senitartekoak ere izan ziren ekitaldian. 

Nola hartu zenuen saria?
Sorpresa handiz. Ekitaldian esan zuten aho betez onartu zutela saria niri ematea. Hori ulertu nuen, behintzat. Oso urduri nengoen. 

Omenaldi elegantea egin zizuten Nafarroa Arenan. Sarreran palistek pasilloa egin zizuten, aurreskua dantzatu zizuten eta makina bat oroigarri jaso zenituen. 
Nafarroako elite mailako palista denak zeuden, Gure Pilota eskolako pila bat, Nafarroako Pilota Federazioko presidente Andrea Lusarreta, Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albeniz, Mankomunitateko presidente Aitor Larraza, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko ordezkariak, familia... gonbidatu asko zeuden. Egia esan, gehiegi izan zen. 

"Horrenbestekoa izango zenik ez nuen espero; jende asko zegoen Nafarroa Arenan"

Hunkitu zinen?
Jakina, halakoetan nola ez zara hunkituko? Ekitaldian 100 pertsonatik gora zeuden, eta denak niri begira. Palisten pasilloa, aurreskua, sariak, duela 20 urteko palistek bidalitako bideoak, jendearen zorionak.... ez nekien horrenbesterako izango zenik. Ez nago halako gauzetara ohituta: bi egun daldaketan egon nintzen (kar-kar). Guztiek horrenbeste urtetan emakumezkoen pala sustatzeko egindako lana aipatu zidaten, eta Gabonetan antolatzen dugun Sakanako Nesken Pala Txapelketa; txapelketa garrantzitsua da, palista guztiendako erreferentea. 

Nafarroako Gobernuak 2021ean emandako Zilarrezko Dominaren atzetik iritsi zaizu Bella Esparza saria, biak merezitakoak.
Ni ez naiz halakoen oso zalea. Onartzen ditut, eta pertsonalki sariak jasotzea oso polita da; harro nago, bizitza guztian egindakoaren nolabaiteko aitortza bezalakoak. Baina nik hau guztia beste modu batera ikusten dut. Emakumeek ikusgarritasuna behar dute, komunikabideetan ateratzea. Laguntza hori behar dute. Eta sari hauekin hori lortzen dugu. Halakoak, nahiz eta niri gehiegi ez gustatu, neskengatik egin behar dira, neskak ikustarazteko. Beraiek dira omenaldia merezi dutenak. 

Emakumezkoen palan aldaketa handia egon da hasi zinetenetik.
Duela 25 urte inguru hasi nintzen neskak palan trebatzen, alabek eskatuta. Orduan lau katu ziren. Astelehenean federazioan egon nintzen eta emakumezkoen ia 300 fitxa daude gaur egun. Orain presidente berria dugu, Andrea Lusarreta palista ohia, eta uste dut emakumezkoen pilotari bultzada emango diola. Hori da, behintzat, nahia. Federazioan lan asko daude egiteko, eta emakumezkoen pilota sustatzea da horietako bat. Azken bospasei urteetan, geldi-geldi, pausoak ematen ari gara.