1 Dena prest?
Gutxi gorabehera. Ez dut asko entrenatu. Zapatila berriak ez ditut erabiliko. Azken egunetan zapatila berekin ibiltzen naiz, hanka egiteko. Aldiren batean San Adriaineraino oinez joan-etorria egin izan dut. 10 km dira. Eta gutxi gehiago, egia esan.
2 Beraz, bidea oinez egiteko asmoz?
Hori da asmoa, bai. Elotik Xabierra 35 km daudela uste dut (Irurtzundik Altsasura 31 daude).
3 Entrenatu, bakarrik edo lagunduta?
Bakarrik joaten naiz. Eta ez pentsa azken hilabeteetan astean behin-edo joan naizela. Ez, bitan besterik ez naiz joan, pixka bat nola nagoen ikusteko. Eta oina zapatilara egiteko. Babak ez egiteko. Azkenerako hori izaten baita arazorik handiena. Bide erdian-edo hanka azpian babaren batzuk egiten bazaizkizu, horrek molestatzen du. Eta pila bat kostatzen da erabat sendatzea.
4 Bidea, bakarrik edo taldean egiteko asmoa duzu?
Burutik Xabierraldira joatea pasa zitzaidan, bakarrik joanen naiz. Autobusean ezagunen bat ikusten badut, edo bakarren batekin joateko aukera baldin badaukat, joanen naiz. Bestela, printzipioz, oinez egun guztia bakarrik.
5 Zeure buruarekin egoteko modu bat ere bada, ez?
Hori da. Azkenerako beti gaude jendez eta hotsez inguratuta. Eta honek zeure buruarekin egoteko aukera ematen du.
6 Aldamenean bakarren bat hitz eta putz izanik, arinagoa da?
Hala da, bai. Eta nekea gutxiagoa da. Hori ere abantaila da. Baina garrantzitsua da oinez ibiltzean bakoitzak bere erritmoa izatea. Ez da komeni mantsoegi edo azkarregi joatea, bakoitzak bere erritmoan joan behar du. Nik nire erritmoa zein den badakit, eta martxa horretan joanen naiz. Jan ugari eramanen dut, eta kitto. Nekatzean edozein tokitan gelditu, eta nahiko.
7 Zenbatean eginen duzu bidea?
Zazpi ordu, edo horrelakoren bat izanen direla pentsatzen dut. Meza Xabierren 17:00etan da. Ordurako iristeko nahikoa denbora dago. Hura bukatzean autobusez bueltatuko gara. Garai batean errepidea besterik ez zegoen, orain aldamenean autobia dago. Hura egin dutenetik ez naiz joan, baina orain oinezkoendako askoz hobea izanen dela pentsatzen dut.
8 Aurreneko Xabierraldia?
Hasteko, 12 eta 14 urte bitartean Xabierko kolegioan ikasi nuen. Han izan nuen Xabierraldiaren berri. Orduz geroztik lauzpabost aldiz joan naiz. Oroitzapen berezia dut: behin Jose Luisekin eta Jose Adolforekin Etxarritik hasita joan ginen Xabierra oinez. Hura oso-oso-oso nekagarria izan zen. Gainera, entrenatu gabe nengoen. Erdi hilda iritsi nintzen. Eta, aldi berean, asebeteta.
9 Han ikasle, jendetza iristen ikustea?
Hainbeste jende ikusten duzun lehendabiziko aldia zen. Eta hango ikasleak ginenez, nahiz eta haur batzuk izan, hura pixka bat antolatzen laguntzen genuen, gure ekarpena egiten genuen.
10 Erronkatzat du jendeak?
Helburuak, mila. Iruñetik joaten den ia jende guztia Noaindik abiatzen da, 50 km edo halakoren bat izanen dira. Elotik 35 dira. Ez da beste munduko gauza. Sinbolikoa da. Bakoitzak bere motibazioa du. Nik ebakuntza bat izan nuen, eta nahiko gaizki joaten zen kontua. Azkenerako ongi joan da. Eta eskertuta nago biziarekin, Jaungoikoarekin eta denarekin. Xabierraldia eskerrak emateko modua, erronka da. Hori da aurtengo motibazioa. Eta Xabierrera iristean bizipenak biziberrituko ditut. Nahasketa da. Hara joaten naizen aldiro 12 eta 14 urte bitarteko oroitzapenak bueltatzen zaizkit. Denok adin horretan pentsatzen jarriz gero nostalgia eta oroitzapen onak etortzen zaizkigu. Haurra izan nintzeneko oroitzapen horiek oraingoekin eta kirol motibazioarekin nahasten zaizkit.
11 Xabierraldia egin nahi duenari, zer gomendio emanen zenizkioke?
Animatzeko. Sakanako parrokiek elkarrekin antolatzen dute autobus hori. Izena ematea badago. Giro polita egoten da. Jende pila joaten da, motibazio ugarirekin: erlijiozkoak, kirolekoak, erronkak... Gauza interesgarria da. Bakarren batek nahiko balu, anima dadila! Bakoitza nahi duen tokitik abiatzen da, bere gogo eta baldintzen arabera. Kontuan izan ere Xabier Nafarroako patroia dela, bere historia. Bakoitzak bere bizi eta motibazioarekin, Xabier aldera abiatzea. Eta mezaren ondoren etxera asebeteta bueltatzea.