Antton Telleria Ni ni ni-rekin Etxarri Aranazko kultur etxean izan zen martxoaren 14an, herriko kultur zerbitzuak antolatu duen Irrizikloaren barruan. Sarrerak agortu aurretik agortu ziren.
Zer kontatzen du 'Ni ni ni' bakarrizketak?
Nire hainbat pasadizo kontatzen ditu. Jabetu naiz nagusiki gaia dela ni, eta gero ni, eta gero ni. Hori dela eta izenburua. Badelako halako egolatria ariketa hirukoitz bat: aurrena ni, gero ni eta gero ere ni. Material berria idazten eta prestatzen hasi nintzen garaian jabetu nintzen bere garaian banuela joera gauza gehiago asmatzeko eta komediaren zerbitzura gezurrak ere esateko. Gertatu zaizkidan pasadizoak asmatu eta horetik txisteak atera. Etengabe ikasten ari gara, eta aurrez egindako horretatik guztitik, pereza apur bat ematen zidan. Kontrara, askoz aberasgarriagoa eta askoz indartsuagoa iruditzen zitzaidan benetan niri geratutakoari buruz hitz egitea eta pixka bat nire bizimodua eta nire burutazioak eta pasarteak kontatzea. Hortik abiatuta bai bestelako gauza asmatuak izan daitezke, baina abiapuntua behintzat nahi nuen benetako izatea. Hori dela eta gaia eta izenburua.
Zer transmititu nahi duzu?
Umorea transmititu nahi dut. Beti izaten da helburuetako bat. Nagusia ez bada. Jendeak barre egin dezala. Gogoz, gainera. Alde berean, gustatzen zait idazketa lan hori ere lantzea eta gauza nahiko fin bat ematea. Gustatzen zait jendeak hori apreziatzen duenean. Orduan, hori transmititu nahiko nuke: umorea eta gero baten batek esatea: "Nahiko fin!".
Zertan inspiratu zara?
Formatua nahiko egonkortuta zegoen, alegia, stand up ikuskizun bat egin nuen. Deskubritu nuen duela laupabost urte stand up egin nahi nuela, eta ikuskizuna ere formatu horretara eraman nuen. Alde horretatik ez dago berritasun gehiegirik. Baina pixka bat joera pertsonal horretan agian aipatuko nituzke bi komiko estatubatuar: Mike Birbiglia eta Marc Maron. Horiek joera handia dute beren buruhausteak eta abar eskenaratzeko. Askotan bertigo handiagoa ematen du horrek. Oso txiste efektiboak eta barregarriekin badakizu jendeak seguruenik barre egingo duela, baina gauza intimoagoetan eta delikatuagoetan, zure alde hauskorragoa erakusten hasten zarenean, ez dakizu nola erantzugo du publikoak. Barre egingo dute edo ez? Horretan horiek izan dira inspirazioa.
Zer harrera izan du?
Harrera mundiala. Kuantitatiboki pasada bat izaten ari da, egia esan. Sarrerak saldu eta saldu ari dira. Saiatzen naiz esaten: kontu hau normal-normala ez da. Ospatzekoa eta zoragarria da, eta oso eskertzekoa, noski. Jendeak prestutasun oso handia adierazi du antzokietara joateko eta jendeari entzundakoengatik oso gauza politak izan dira. Beti dago denetarik, baina orohoar jendea gustura ateratzen da.
Zein da bakarrizketa bat sortzeko prozesua?
Esango nuke prozesua norberaren buruan hasten dela. Hor behar da agian puntu obsesibo bat. Ideia baten atzetik segi eta segi; gero beste ideia batzuk etortzen dira. Radarra aktibatuta bezala egoten da, material berria sortzen ari zarenean, bereziki. Itxita dagoenean erlaxatzen zara. Baina materiala sortzen zentzumenak aktibo daude. Gero buruan daukazuna landu eta garatu egin behar da, eta horretarako eseri eta idazten hasi behar da. Eta apertu. Eta esan hau kaka bat da, eta buelta bat eman. Behin idazketa lan hori eginda probak egin behar dira, eta ikusi jendeak zer-nolako erantzuna ematen duen, eta horren arabera pixka bat findu.
Zerbait berezia behar da umorea egiteko?
Nik ez dut mitifikaziora jotzen; ez dut uste umorea egiteko zerbait berezia behar dela edo senarekin jaio behar denik. Gustatu behar zaizu. Egia da badagoela jende bat talentu handiagoa daukana beste batzuek baino. Baina gehienbat azpimarratuko nuke gogoa. Gainontzekoa gogorra da. Plaza ona denean dena da mundiala, baina plaza gogorretan sufritu egiten da. Orduan, testuinguru horretan aurrera segi eta idazten jarraitu behar da. Saltsa batetik atera eta beste batean sartu. Zurrunbilo horetan egotea da gehien behar dena. Gogoa eta bulkada hori sentitu.
Euskal umorearen loraldi bat dago?
"Euskal umorearen eszena bat loratzen ari da; lehen ez zegoen horrelakorik"
Gehiago esango nuke eszena bat loratzen ari dela, eta lehen ez zegoen horrelakorik. Urtetan jendeak proposamen asko eta bikainak egin dituen arren azken bizpahiru urte hauetan nabaritu dut nik komikoak elkarrekin ari direla, saretu eta gauzak antolatzeko elkarren berri izateko kontu hori. Oso pozgarria iruditzen zait. Kartelak han eta hemen ikusten ari naiz: umore gaua, umore saioa, formatu oso desberdinak...
'Nekatutak' grabatu zenuen. Nola sentitzen zara horren aurrean?
Horrek poz handia eman zidan; nolabait lehenengo harritxoa jartzea. Ondoren etorri dira bestelako proposamenak. Mundu mailan stand up eszenan komiko baten edo ikuskizun baten irudi naturala da; eszenatoki batetik bestera ibili eta hori egonkortu denean grabatu eta zabaldu. Euskaraz ez zen sekula horrelakorik egin. Egin nuen nahi nuelako eta sentizen nuelako. Ni ni ni-rekin beste hainbeste egiteko asmoa daukat. Aurretik asko ikasi dugu; horretan ere ariko gara laster.