Luis Lizarraga kapitaina 1473-1521. Nafarroako askatasunaren indarra Sakanan deitzen da Juan Luis Larraza idazle etxarriarren bigarren eleberria. Luis Lizarragaren istorioan oinarrituta dago; liburua fikzioa da, baina historialariek emandako informazioarekin osatu du: "Bizitza asmatu dugu, fikzioaz jantzi, eta egitura bat eman". Martxoaren 26an, asteazkena, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean aurkeztuko du; martxoaren 28an, ostirala, Lizarragabengoan, eta apirilaren 1ean eta 4an, Altsasun eta Arbizun, hurrenez hurren. Liburua GK Diseinua eta Komunikazioak maketatu du.
Nola jakin zenuen Luis Lizarragaz?
Nire bizitza pertsonalak zerikusia badu. Betidanik ikastola munduan ibili naiz eta jubilatu aurretiko 16 urteak Zangozako ikastolan eman nituen. Orain dela 24 urte Nafarroako historiari buruzko jardunaldiak antolatzen genituen ikastolan, eta musika jaialdi batekin amaitzen genituen. Orduan, jardunaldi horietan Pedro Esarte baztandarra, Pedro Monteano edota historialari asko pasatu ziren. Oso gogoan dut Pedro Esarte egon zela, garai horretan Nafarroa 1500-1530 liburua kaleratua zuen, eta han agertzen zen Luis Lizarraga; nola bere jabegoa eta bere ondasunak kendu zizkioten. Nire barnean pentsatzen nuen: Lizarraga hau nor izango da? Urteak joan dira eta historialari guztien liburuetan begiratzen jarraitu dut, eta Monteanok gaia asko landu du eta bere lanean behin eta berriz agertzen da. Monteanorekin harremanetan jarri nintzen eta hiru urte hauetan artxiboan begiratzen egon naiz. Artxiboan egon ginen bi alditan erreferentzia batekin joan nintzen eta dozena bat papera soka batekin lotuta eman zidaten. Soka hura askatzerakoan ogi apurrak bezala apurtzen zen papera, hain zen zaharra papera. Kontu handiz ulertzen nuena apuntatu nuen, zeren garai hartako erdara ez zen oso ulergarria. Ahal nituen izenak apuntatu nituen: Lizarraga, Olazti, Altsasu, Iturmendi, Etxarri eta Ergoienako izenak agertzen ziren. Handik gutxira lortu genuen Luis Lizarragaren testamendua aurkitzea. Testamendua izenpetua dago 1511ko abuztuaren 15ean, ama birjinaren egunean. Testamendu hori erreferentziatzat hartuta, landua nuen zirriborroari berzentzu bat eman behar izan nion; aldatu behar izan nuen, bertan agertzen ziren datuak lotu zitezen errealitatearekin. Beraz, liburuak badu berez egiazkoa den zati handi bat, testamenduan oinarritzen delako. Ulertzekoak zailak ziren puntu asko eta asko jasotzen dira eleberrian. Nobela kutsu emanda, baina egiazkoak izan zitezkeenak testamenduan agertzen direlako.
Beraz, pertsonaia aurretik ezagutzen zenuen?
Bai. Pertsonaia banuen. Informazioa ez zen asko, baina testamendua agertu zenean ate bat ireki zitzaidan. Oso garrantzitsuak dira bi alaba eta seme bat izan zituela. Bi alaben norabidea jakiteak asko lagundu zidan nobelari zentzu bat edo beste emateko. Bestela, hor galdu nintekeen. Horrek bere bizitzaz eta familiaz argibide asko ematen ditu. Kontuan eduki behar da ezkonduta zegoela Ameskoetako Pascuala de Baquedanorekin. Oso interesgarria da; nola ezagutu zuten elkar? Lehen ez zegoen telefonorik eta tartean Urbasa mendia zegoen.
"Nobelek nekazal edo rural ikuspegi pixka bat dute; pertsonaiak oso herrikoiak dira"
Nire nobelek ikuspegi nekazari edo rural pixka bat dute. Idazten diren nobela gehienetan denak dira jauntxoak, jaunak eta ongi jantziak daudenak, eta nolabaiteko bere estatusa mantentzen dutenak. Nire bi nobeletan agertzen diren pertsonaiak oso hemengoak dira. Oso herrikoiak. Ez dute handikeriarik. Eskualdea pobrea zen, jateko ere nahiko lan zuten. Koska horretan doa Pascuala de Baquedanoren istorioa. Tartean Lizarra dago, Nafarroako Errege eta erreginen egoitzetako bat zen. Tartean ere Pascuala de Baquedanoren anaia Juan Ramirez de Baquedano dago, Jaime Velaz de Medranoren oso lagun estua zela. Jaime Velaz de Medrano, Juan Ramirez de Baquedano eta Luis de Lizarraga liburua zehar osatzen dute hirukote sendo eta etenik gabekoa. Jasotarrak, Olloki, Ezpeleta, Berako Alzate eta beste asko batzen dira.
Lizarragabengoa eta Etxarri Aranatz tartean kokatzen da.
Kontuan hartu behar da Bernoa liburua idatzi nuenean Luis Lizarragaren pista banuela, orduan, saiatu nintzen bi nobelak lotzen; batez ere bukaera lotzen. Hari bat moztu gabe utzi nuen bigarrenarekin lotu ahal izateko. Toponimiak garrantzi handia izan zuen bai Bernoan bai honetan ere. Azken batean, erdi aroko abizen guztiak edo gehienak toponimiarekin zerikusia dute. Orduan, leize bat omen zegoen eta hortik Leiza-rraga omen dator. Historialariak horrela diote eta nik errespetatu besterik ez dut egin. Luis de Lizarragak Lizarragabengoan eta Etxarrin jauregiak zituen.
Nor zen Luis Lizarraga?
Nafarroako Erreinua defendatu zuen kapitainetako bat izan zen. Hasieratik borroketan ibilitako pertsonaiak ziren. Bere borrokak batez ere 1516 eta, are gehiago, 1521ean Gaztelak Nafarroa erabatekoz bereganatu zuenean eman ziren. Zaharrenak zirenak eta gaztelar erregeari barkamena, parentesi artean, eskatu ez ziotenen artean hauek zeuden; Jaime Velaz de Medrano, Baquedano, Olloki, Jaso eta abar. Kapitain zahar bezala gelditzen ziren.
Zein zen kapitain hauen lana?
Nafarroako erregearen gudalostearen barruan bakoitza bere gizonekin joaten zen. Velaz de Medranok eramango zituen ez dakit zenbat gizon, besteak ez dakit zenbat... Nik Lizarragarri jarri dizkiodan gizon multzoak ez ziren asko. Burunda, Arañaz eta Arakilen jende gutxi bizi zen eskualdea zen; orduan, guda handirik ez zen izan. Liburuan aipatzen dut Luis de Lizarragak seguruenik Gipuzkoa aldetik laguntza izan zuela; Goierri aldeko Segura, Lazkao, Ataun eta herrialde horietako jendea izan zuela bere 150 gizonezko taldea izateko. Handiagoak ez ziren.
Ohituraz etsaiak izan direnak, beraz, desmitifikatu dituzu?
Bai. Ikasketak Gipuzkoan egin nituen eta hezkuntza oso ona izan zen, bost urte egin nituen, giro euskalzalea, Lazkaoko beneditarretan. Baina beti sumatzen ziren nafarrekiko bromatxoak eta ukituak. Oraingoan pausu bat eman dut eta uste dut mugak ez zirela geografikoak, baizik eta hizkuntzak sortzen zituenak. Seguraski Gipuzkoako herriekin harremana estua zen, eta desmitifikatu nahi izan dut. Euskaldunendako ona da.
Sakana historian jarri duzu?
Ez dago ezer ez. Ez da artxiboetan ere agertzen. Norbaitek aurkitzeko aukera badu, ongi etorriak izan daitezen istorio gehiago. Agertzen da 1521ean eta 1522an Jaime Velaz de Medranok Amaiurko gaztelua defenditzen zuela Gaztelaren esku erori baino lehen ordainketa batzuk egin zitzaizkiela eta hemendik joan ziren gizonezkoei. Hor gelditzen da dena. Nik uste alderdi horretatik ez bakarrik Etxarri Aranazko Udalak eta Lizarragabengoako Kontzejuak, baizik eta Sakana osoan, horretan murgilduta egon beharko lukeela. San Martin de Unxeko lagunekin harremanetan geundela erakutsi ziguten duela urte bat jarri zuten Ramirez de Baquedanoren omenezko harria. Guk daukagun lehenengo pertsonaia ospetsua da; duela 500 urtekoa. Pixka bat janda nauka pertsonaiak, ez dut ukatzen, baina uste dut oso erreferente historiko garrantzitsua dela. Irabazleek kontatzen dute historia.
"Pertsonaia hauek berreskuratu behar ditugu; memoria historiko garrantzitsua da"
Galtzaileok ez genituen baliabiderik eta hor gelditu dira. Artxiboetan agertzen diren gauzak dira kendu zizkiguten gauzak edo kondenatuta zeudelako. Erreferentzia txiki horietatik jaso dugu historia. Horregatik guztiagatik dei bat egiten diet udalei: pertsonaia hauek berreskuratu behar ditugu. Hau ere memoria historikoa da; oso garrantzitsua. Harro egoteko moduko pertsonaiak dira.
Eleberri bat da, benetako datuak fikzioarekin tartekatuta. Nola egin duzu?
Argi izan behar da historia oso gauza zehatza dela, egiazkoa izan behar du, ez dago gezurretarako tarterik. Erreala da. Ni ez naiz historialaria. Historiako pasarte batzuk hartu, forma eman, eta gertakizunak bata bestarekin lotu ditut historian agertzen den pertsonaia horri bizitza emanez.