UPNk Etxarri Aranazko Udalean duen zinegotziak Juan Frommknecht Lizarragak pintaketen inguruko eta zenbait ekitaldietarako espazio publikoa uzteari buruzko mozioa aurkeztu zuen azkeneko bilkuran. Premiazko bidearen bidez aurkeztu zuen idatzia, baina udalak ez zuen premia onartu eta mozioa ez zen eztabaidatu.
Erregionalistak aurkeztutako mozioak udalari eskatzen zion "herriko pintada guztiak ezabatzea, edozein edukitakoak izanda ere, uda baino lehen, udalaren aurrekontuan partida egokiak sartuz". Aldi berean, udalari eskatu zion "ETAren biktimei min handiagoa ekar diezaieketen ekitaldi edo jardueretarako espazio publikoak ez uzteko", baita "herriaren normalizazio demokratikoaren eta bizilagun guztien bizikidetza osasuntsuaren alde pauso erabakigarriak emateko" konpromisoa hartzeko eskatu zuen.
Argudioak
Frommknechtek azaldu zuenez, "Etxarri Aranazko hiri paisaia ez da demokrazia bati dagokiona, eta ez du herritarren arteko erabateko elkarbizitza errazten. Hainbat gairi buruzko pintaketa ugari daude oraindik ere: ETA talde terroristaren alde, erakunde horretako presoen alde, Guardia Civilaren kontra, Elizaren kontra, epaile baten kontrako mehatxuak... anormaltasun demokratikoa eta elkarbizitza normalerako oztopo garrantzitsua dira".
Bestalde, erregionalistak gaineratu zuenez, "UPN erabat aurkakoa da gizakien kontrako deliturik larrienak egiteagatik judizialki zigortutako pertsonen aldeko ekintzak edo bilketak egiteko espazio publikoa uztearekin". Azken horren adibide gisa Zama doinuz arinduz musika jaialdia eskolako frontoian egin zela adierazi zuen.