Apirilaren 4an hasiko da Buruz Buruko Serie B-ko Txapelketa. Martxoaren 26an aurkeztu zuten, Azkoitian, bertan hasiko baita txapelketa. Finala Iruñeko Labrit pilotalekuak hartuko du, maiatzaren 24an.
Baikoko sei pilotarik eta Aspeko beste horrenbestek hartuko dute parte. Bilboko enpresatik Joanes Bakaikoa etxarriarra, Alberdi II.a, Eskiroz, Zubizarreta III.a, eta martxoaren 29an Tolosako Beotibarren jokatuko diren aurretiko bi kanporaketako irabazleak ariko dira: Morgaetxebarria edo Lizeaga, eta Agirre edo Senar. Eibarko promotoretik, aldiz, Salaberria, Egiguren V, Exposito, Murua, Aldabe eta De la Fuente pilotariak lehiatuko dira zilarrezko Buruz Burukoan.
Txapelketa final zortzirenetako lau kanporaketekin hasiko da. Segidan, final laurdenetako ligaxka jokatuko da. Bertan sartuko da lehian Joanes Bakaikoa, apirilaren 11n, Gasteizko Ogetan, zerrendaburua baita. Bere arerioa Expositok eta Morgaetxebarria edo Lizeagaren arteko irabazleak apirilaren 5ean Bilbon jokatuko duten final zortzirenetako kanporaketatik aterako da. Azkenik, finalerdiak Azkoitian jokatuko dira, eta final handia Labriten.
Gogotsu
Aurkezpenean bildu ziren pilotari guztiek txapelketaren gogortasuna eta zailtasuna nabarmendu zuten. Argi dago txapela lortzeko lan itzela egin beharko dela. Iritzi berekoa zen Joanes Bakaikoa, nahiz eta berak buruz buruko promesen bi txapela izan, 2018koa eta 2023koa. “Ilusio handiarekin nago, hemen gauden guztiok bezala, eta txapela polita egiteko gogotsu. Buruz Burukoa oso gogorra da, elkarri mina handia egiten diogu; badakit zaila izango dudala edozeinen kontra arituta ere, baina nirea ematen saiatuko naiz”.