Jon Erdoziak, Aritz Oiarbide lehengusua eta Jokin Larrieta izan zituen aurkari martxoaren 16an Azpeitian jokatutako Gazteen 23 urtez azpiko finalean. Bi kanaerdiak mozten azkarrena izan zen (3:43), Jokin Larrietaren (4:07) eta Aritz Oiarbideren (4:16) aurretik.
Etxarri Aranatzen jokatutako txapelketako kanporaketan azaldu zenuen Donostian lan egin eta bertan bizi zarela, eta horregatik behar bezala entrenatzeko tarterik ez duzula. Finalean, ordea, 20 segundo atera zenizkion Larrietari, tarte nahiko polita.
Bai, ongi atera zen. Entrenatzearen kontuaren inguruan, bi kanaerdikoko lanean hori ez da hainbeste nabaritzen. Lan luzeetan, ordea, bai. Astean behin entrenatzen dut aizkoran, eta Donostian, dudan denbora gutxian korrika egitera ateratzen naiz pixka bat, eta gimnasiora ere joaten saiatzen naiz. Fundamentuz ezin dut asko entrenatu, baina bi kanaerdirendako, nahiko ongi.
Denbora horretan (3:43) egotea espero zenuen?
Ez dakit esaten. Entrenatzen denbora hartzen genuen, baina egun batean egurra gogorragoa da, bestetan hobea... hortaz, denbora baino, niretako sentsazioak dira gehiago, nola aurkitu zaren. Finalean ez nuen neure egun hoberena izan, baina ongi atera zen. Lehengusuak, Aritzek, esan zidan berak sentsazioak ere ez zituela hoberenak izan. Nekatu antza nengoen, eta besteak ere hor nonbait, ikusten denez.
Iker Vicentek eta Eneko Saralegik Urrezko Binakako Aizkora irabazi zuten. Goi mailako txapeldun handiak gertu ikustean, beraiekin alderatuta mundu bat dagoela sentitzen duzu edo beraiek dauden tokira hel zaitezkeela?
Aizkoran jarraitzen eta behar bezala entrenatzen, orduak sartzen, goi mailara heltzea lortu daiteke, baina orain entrenatzen dudanarekin... zaila. Beraiekin biltzeko pauso handi bat falta zaidala uste dut.
"Behar bezala entrenatzen goi mailara heltzea lortu daiteke, baina momentu honetan beraiekin biltzeko pauso handi bat falta zaidala uste dut"
Iker Vicente eta Eneko Saralegi txapeldunak izatea ez zen sorpresa handia izan. Vicente tarteko denean, bera da faborito...
Bai, Iker beti da faborito, hori ziur.
23 urtez azpiko txapela irabazteaz gain, Gazteen Kopa irabazi zenuen, hau da, 19 urtez azpiko txapeldun Oier Mitxelena altsasuarraren kontra jokatu zenuena. Bi kanaerdi erdibitzen azkarrena izan zinen (4:23) Mitxelenaren aurretik (4:36). Baten faltan, bi sari.
Bi txapeldunen arteko kopa antolatu zutela ez genekien Izarraitzera iritsi arte. Sorpresa izan zen, baina ondo. Gainera, norberaren txapelketatik kopara deskantsatzeko denbora bagenuen, eta, hortaz, arazorik gabe.
Lan motzek horretarako aukera ematen dute.
Bai, lan batetik bestera denbora utzita eta pixka bat errekuperatuta, ongi, zeren ez baduzu tartea uzten... Lan motz horietan kargatu egiten zara, eta berehala hasten bazara, lehertuta zaude.
Luis Mari Bengoak, Urrezko txapelketak eta bestelakoak antolatzen dituen Egur Sport enpresako presidenteak, erretiroa hartuko duela iragarri zuen Azpeitian. Norbaitek bere tokia hartuko du? Hala izan ezean, herri kirolak zintzilik gera daitezke.
Bai, hori argi dago. Bengoak Egur Sportekin egiten zuen lana herri kirolarendako oso garrantzitsua zen. Federazioen txapelketa ofizialez gain, Euskadikoak eta Nafarroakoak, urtean behin izaten direnak, beste guztia erakustaldiak edo Bengoaren Egur Sporten txapelketak baitira. Oraingoz ez dakit zerbait etorriko den.
Paradoxikoki, gaur egun gazte pila bat hasi zarete bai aizkoran, baita harri jasotzean ere, tartean emakume asko.
Alde horretatik ez dago arazorik. Duela urte batzuk bai bazegoela herri kirolarien eskasia gehiago, baina orain jendea badago, eta geroz eta gehiago. Esaterako, Sakanako Aizkora Eskola beti beteta izaten dugu.
"Orain jendea badago herri kiroletan, geroz eta gehiago. Ea zerbait sortzen den"
Hori ikusita pentsatzekoa da norbait animatuko dela aizkora eta harri jasotze txapelketak antolatzen jarraitzeko.
Ea hala den. Urrezko Aizkorak ez baluke jarraituko pena handia litzateke. Horrenbeste urtez ibili eta gero... Nolanahi ere, Egur Sportek egiten zuena jarraitzea ez da erraza; gogo asko duen norbait sartu beharko litzateke. Lan handia da hori eramatea.
Zein da zure erronka nagusia?
Aurtengo helburu garrantzitsuena urria aldean jokatuko den Nafarroako lehen mailako kanporaketa da. Ongi prestatu nahi dut, txapelketa horretan lanak handiagoak baitira. Beraz, orain pixka bat lasaiago egon nahi dut, eta entrenatzeko denbora izan. Ekainean Etxarrira bizitzera bueltatuko naiz. Nahiz eta Donostian lanean segi, joan etorrian ibiliko naiz, eta espero dut aizkoran entrenatzeko tarte gehiago izatea lehen mailako kanporaketa prestatzeko.
Etxarri Aranazko feriak urrian dira. Polita litzateke bertan Nafarroako lehen mailako kanporaketa hori jokatzea.
Bai, jakina! Baina hau ez dago gure esku.
Sanferminetan herri kirol jaialdi garrantzitsua izaten da, bertan aritu izan zara.
Nafarroako Lehenengo mailako Bikotekakoa jokatzen da sanferminetan, baina aurreko urteko txapelketako sei edo zortzi lehenek jokatzen dute, euren artean bikoteak osatuz. Beraz, ni hor ez nintzateke sartuko. Ez bada erakustaldiren bat sortzen...
Zenbat txapela dituzu?
Hiru txapela. Duela 2 urte hasi nintzen aizkoran. 23 urtez azpiko Gazteen Banakako txapela bitan irabazi dut, iaz eta aurten, eta gero beste txapela bat irabazi nuen baita ere, banaka. Binakakoan bi aldiz atera naiz. Lehengusuarekin jokatu nuenean finalean aizkora hautsi zitzaigun enborrean, guztia makurtu zen eta txapeldunordeak geratu ginen. Aurten ere aritu naiz, baina ez ginen finalera sailkatu.
Finalean giro polita zegoen Azpeitian. Txapela ospatu zenuten?
Bai, egun horretan giro polita izaten da. Finala bukatuta, sagardotegian bazkaldu genuen eta gero etxera, atseden hartzera.