Mendi lasterketak

Triku Trailerako atzerakontua, abian

Guaixe 2025ko api. 2a, 10:30

Bi distantzia ditu probak: 21 km-koa, ohikoa, eta 10 km-koa. ARTXIBOA

Ekainaren 29an, igandea, Etxarri Aranazko kanpinean jokatuko da mendi lasterketa, eta izena ematea zabalik dago.

Triku Trail taldeak antolatuta, aurten ekainaren 29an, igandea, jokatuko da XI. Triku Trail mendi lasterketa, Etxarri Aranazko kanpinean.  

Aurten ere korrikalariei bi distantzien artean hautatzeko aukera eskaintzen die Triku Traileko antolakuntzak: ohikoa, 21 kilometrokoa (1.300 m+), eta 10 kilometrokoa (565 m+). Proba luzea Nafarroako Mendi Lasterketen Rankingerako puntuagarria da. 

Izena ematea martxoaren 28an zabaldu zen, eta tramitazioa egiteko Triku Trailen webgunera edo RockTheSport webgunera joan beharra dute interesatuek. Etxarri Aranazko probak harrera ezin hobea duenez, antolakuntzak izena ematea lehenbailehen egiteko gomendioa egin du.