Naroa Anso Iriarte Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Batzordeko kultur artekotasun batzordeko burua da, Juan Pablo Santano Zabala eskola irakaslea eta Iñigo Orella Alzueta ikastolako pedagogia zuzendaria. Elkartasun azokako antolatzaileak laguntzen honakoak izan ziren: Etxarri Aranazko Udala, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Etxarri Aranazko boluntario taldea, Sakana Harrera Harana eta Nafarroako Gobernua.
Zergatik antolatu duzue elkartasun azoka?
Naroa. Sakanako ertzeetan bazeuden elkartasun azokak, baina ez, ordea, erdiko aldean. Eta Etxarri Aranatzen egitea pentsatu genuen. Herri nahikoa anitza da. Eta aniztasun hori plazaratzeko egokiena iruditu zitzaigun Etxarrin egitea.
Zeinek antolatu duzue?
Juan Pablo. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua, Andra Mari ikastola, San Donato eskola, eskolako guraso elkartea eta Etxarri Palestina elkartasun taldea. Antolakuntza ere nahikoa anitza da.
Azokatik pasatzen denak zer opatuko du?
Iñigo. Gure ikasleen, familien etxeetan egoera onean zeuden gauzak. Bigarren edo hirugarren bizi baten bila dauden gauzak. Kontsumo arduratsua egiteko aukera bat izanen da azoka, elkartasun ikuspegia lantzeko, eta gure inguruan ekonomia aukera txikiagoa duten familiei horiek eskuratzeko aukera emanen zaie. Hainbat balio lotzen dira: elkartasuna, jasangarritasuna eta, gainera, bertatik bertara.
Geroz, bi ikastetxeetako komunitateak inplikatu dituzue elkartasun azokarako material bilketan?
J.P. Bai. Gure kasuan eskolako irakasleak, zuzendaritzak, baita guraso elkarteak ere. Azken horren bidez familiak inplikatzea lortu genuen, eta eskolara gauza pila ekarri zituzten. Bestalde, ikasleak ere protagonista handiak izan ziren. Helburua zein den kontatu diegu. Beraiek jakinaren gainean daude. Ez da lehen aldia eskolan halako elkartasun ekintzak egiten dituztenak. Ezagutzen dute palestinar herriaren Historia, eta gaur egun gertatzen ari dena. Eta, gustu handiz, beraien aletxoa jarri zuten. Beraien eskulanen bidez larunbaterako material gehiago sortu genuen. Inplikazio handia dago eskolan.
I. Ikastolan ere oso harrera ona izan zuen. Adin jakin bateko ikasleek parte hartu zuten. Urtez urte halakoak lantzen dituzte, baina halako elkartasun kontuak gehiago barrura begira egiten dira. Honek bestelako dimentsioa dauka, oso garrantzitsua. Ikasleen artean harrera ezin hobea izan zuen, baita familien artean ere. Ezinbestekoa da azoka beraien unibertsoan kokatzea eta agerian uztea haiek modu batera bizi direla eta beste batzuek ez dituztela aukera berak, eta haiekiko elkartasuna adierazi behar dutela. Keinu oso polita da, lantaldean aritzeko, modu kooperatiboan, herriko beste eragileekin batera, eta elkartasun helburu batekin.
Elkartasunaren helburua zein da?
N. Iruditzen zitzaigun herri mailako ekimen bat izan behar zuela, eta denok elkartu behar genuela halako egoera zaila daukan Palestinako herriari elkartasuna adierazteko.
Herrian azokaren inguruan mugimendu bereziren bat sortu da?
J.P. Lehendabiziko urtea da eta bidea zabaldu dugu. Guk gure inguruko jendearen sentipena jaso dugu. Eta ikusten da jendea sentsibilizatzen ari dela. Eta lehendabiziko pauso bat izanen da. Espero dezagun heldu den urtean beste elkartasun azoka bat bideratu behar ez izatea Palestinar herriari. Baina beharko balitz, atea zabaldu dugu.
I. Gurean ere antzeko. Azpimarratzekoa da bi ikastetxeez eta udalaz aparte, Etxarri Palestina elkartasun taldea hor dagoela. Palestinan bizi duten egoera latza da, eta horri ikusgarritasuna emateko oso momentu egokia da. Eta ikasleengan, familiengan horrekiko sentsibilizazioa sentitzea ongi dago. Elkartasun azokak herrian hondarra utziko duela uste dut. Azokan herria bizirik ikusiko da, elkarri laguntzeko prest.
Azoka arratsaldez.
N. Lehen aldia da halako azoka bat arratsaldez antolatzen duguna. Egutegi kontuengatik eta hainbat arrazoirengatik ezin izan dugu goizez egin.
Aurrena eta azkena?
N. Ez. Lan egiten jarraituko dugu, ahal dena jende eta elkarte gehiagorekin.