Olibondoa, Etxarrik Palestinarekin bat egiten duela adierazteko

Guaixe 2025ko api. 3a, 10:46

Landatutako olibondoa eta aldamenean jarritako argibidea. UTZITAKOA

Andra Mariko berdegunean landatu zuten. Genozidioa gelditzea eta Israelekin harreman guztiak moztea eskatu zuten landaketaren ondoren.

Palestinako Ama Lurraren Eguna da martxoaren 30a. Hori dela eta, "genozidioaren akabera eta Palestinarendako lurra, bakea eta askatasuna aldarrikatzeko" ekitaldiak egin ziren hainbat herri eta hiritan. Haien bidez, "Palestina libre bat lortzeko, sionismoarekiko harreman politiko, ekonomiko eta sozial guztiak bukatzea" exijitu zuten. 

Etxarri Palestina elkartasun taldeak deitua, Andra Mari ermitako berdegunean olibondo bat landatu zuten atzo. Ekitaldian ekimeneko kide batek eta Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albeniz Bregañak hartu zuten hitza. Despeditzeko, olibondoaren parean dantzariak aurreskua dantzatu zuen. 

Landaketa horrekin "Palestinarendako aldarrikatzen dugun bake eta justizia nahia irudikatzen dugu". Landaketa egin ondoren, olibondoaren ondoan, informazio panel txiki bat jarri zuten. Han Etxarri Aranatz Palestinarekin bat irakurtzeaz aparte, Marwan Makhoul poeta palestinarraren honako idatzia dago: "politikoa ez den / poesia bat idazteko / txoriak entzun behar ditut / baina txoriak entzuteko / bonbardaketa amaitu behar da". Gernika Palestina deialdi herritarrak, Yala Nafarroa Palestinarekin eta Etxarri Aranazko Udalak bat egin zuten deialdiarekin.