Udala herriko bide sarerako ekarpen eske

Guaixe 2025ko api. 7a, 09:00

Proposamenak, gorriz.

Herri barruan oinezkoendako eta bizikletendako bide seguruak sortu nahi ditu udalak. Hiru adar proposatu ditu plaza, Donejakue bidea eta Sakanako Bizikleta Bidea Sarea oinarri hartuta

Udalak bide sare bat sortu nahi du herri barruan oinezkoak eta txirrindulariak seguru ibil daitezen. Alde Zaharra futbol zelaia, Zugarreta eta Aldapasororekin lotu nahi ditu udalak. Proposamenak ontzeko kontuan izan ditu plaza oinezkoendako dela eta herria zeharkatzen duen Donejakue bidea eta Sakanako Bizikleta Bide Sarea.

Proposamenen informazio panelak apirilaren 7tik 10era liburutegian ikusgai izanen dira eta apirilaren 11n eta 12an, eguraldiaren arabera, plazan edo estalopean. Panel horietan proposatutakoaren mapa eta egin beharreko lanen zehaztapenak egonen dira. Ibilbide proposamen horien inguruko etxarriarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak: adostasuna, desadostasuna, aldaketak, hobekuntza posibleak eta bestelako bideak diseinatzeko proposamenak.

Hiru proposamenak 

Futbol zelaiko bidea 
Eragatik eskolarantz jotzen du Donejakue bideak, udaletxeraino joan eta Ugalde eta Sagarmiñeta kaleetatik eta Kanpozelaitik pasatzeko. Aurki eskola eta herriaren arteko bizikletendako eta oinezkoendako hiru metroko bidegorria eginen du. Proposamena da bide hori eskolatik futbol zelairaino luzatzea.

Eskolako aparkaleku paretik abiatuko litzateke, bidearen ezkerraldetik ikastolaraino. Hango zebrabidean eskuin aldera pasako litzateke, futbol zelaiko aldagelaraino iristeko. Hiru metroko zabalerabide mistoa litzateke. Bidea bertikalean eta horizontalean seinaleztatu eta 15 km orduko abiadura muga luke. Bide hori egiteko dagoen zoladura berrituko litzateke, gainera, bi aldeetan segurtasun baranda jartzea aurreikusi da. 

Zugarretako bidea
Seinaleztapenaren bidez plazaren oinezkoen eta bizikleten erabilera partekatua zehaztuko litzateke. Plazatik 2,2 metro zabaleko bizikletendako bi norabideko bidegorri batek Larrañeta kalea zeharkatuko luke autobus geltoki ondoko zebrabidera. Burundabide kalea zeharkatu ondoren, Lurloi eta Arkuetabide kaleak hartuko lituzke Zugarretako ermitaraino iristeko.

Azken bi kale horiek ziklo-kaleak lirateke. Hau da, bizikletek lehentasuna izanen lukete, nahiz eta motordun ibilgailuekin elkarbizi 30 km orduko abiaduran. Ez da obrarik beharko. Zebrabidearen ondoan bizikletak aparkatzeko gune bat izanen da.

Aldapasoroko bidea
Larreñondo kalean, autokarabanen gunearen ondotik abiatuko litzateke bide hori, Sakanako bizikleta bide sarearekin bat egiten duen tokian. Malkorramendi kalearen iparraldean dagoen Kattubidetik pasa eta Malkorramendi kalera aterako da, handik asfaltatu gabeko bidetik Aldapasoro auzora joateko.

Kattubide bizikletendako bi norabideko zoru berrituko bidegorria litzateke. Malkorramendin lurra trinko eta bidearen bi aldetan segurtasun barandak leudeke. Aldapasorora arteko bidea ere txukunduko litzateke.