Astekaria

"Etorkizuna irakurtzeko bola bat erosi beharko dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko api. 9a, 12:16

Joxe Aldasoro bakarrizketalaria. UTZITAKOA

Joxe Aldasorok 'Batrakomiomakia' bakarrizketa berria eginen du apirilaren 11n, ostirala, Etxarri Aranazko kultur etxean, Irrizikloa programaren barruan.

Joxe Aldasoro etxarriarrarena izanen da Etxarri Aranazko Udalak antolatutako Irrizikloa zikloaren hirugarren eta azken bakarrizketa, apirilaren 11n, ostirala, 19:00etan, herriko kultur etxean. Sarrerak 6 eurotan eros daitezke udalaren webgunean. Munduaren egoeraren inguruko bakarrizketa aurkeztuko du umoregile etxarriarrak: Batrakomiomakia

Bakarrizketa saio berria, ezta?

"'Batrakomiomakia' gerraren epikari egiten zaion kritika bat da; ereserki homeriko bat"

Bai. Duela pare bat urte egin nuen aurrekoa Etxarri Aranatzen eta beste nonbaiten, eta kontuan hartuta nola dagoen mundua sortu dut; zoro batek agintzen du, beste batek ukraniarrak gerrara bidaltzen ditu... Batrakomiomakia ereserki homeriko bat da non kontatzen den saguen eta igelen arteko gerra bat. Pixka bat gerraren epikari egiten zaion kritika bat egiten da. 

Nola sortu zenuen? 
Asmatu nuenean oraindik ez zegoen, beno, bai, mundua hankaz gora zegoen, baina oraindik ez zegoen hain gordina egoera. Azken astetan gerra hotsak zabaldu dira, kit ospetsua delakoa, Espainian aurrekontuekin jolasean berrarmatzen horregatik, Gazan txantxa gutxi egia esan... 

Zetorrena aurreikusi zenuen? 
Bai. Abenduan ere beste bakarrizketa batean aurreratu nuen ZETAKen urtarrileko Mitoaroa urteko ekitaldi kultural garrantzitsuenetarikoa izango zela, eta jiji jaja baina uste dut asmatu dudala ere. Agian, ez dakit, irakaskuntza utzi eta etorkizuna irakurtzeko bola bat erosi behar dut. 

Nola izan da sorkuntza prozesua? 
Aurreko bakarrizketa 2023an egin nuen, Etxarri Aranatzen. Zatiak idazten joan naiz, blokeak idazten, eta bloke horiek probalekuetan eta mikro irekietan probatzen joan naiz. Gasteizko taberna batean eta Iruñeko Laban, esaterako. Prozesu luze bat da. Idatzi frogatu berridatzi, berriz frogatu eta berridatzi. Egia da azken asateko gauzak sartu ditudala, eta seguruenik azken egun hauetan ere EAEn irakaskuntza greban gaudela, eta azken ukituak ematengo dizkiot. 

Albisteekin berritzen joan zara. 
Ez nuen nahita egin, baina egin dudan egituraketak aukera eman dit aktualitateko gauzak ere sartzeko; eskemak aukera eman dit. Kasualitate hutsa izan da. 

Zertaz hitz egiten du? 
Berez hitz eiten dut bakarrizketalariok hitz egiten dugunaren inguruan: gure buruaren inguruan. Beti edo nik behintzat harrikada edo labankada batzuk botatzen saiatzen naiz. Niri hunkitzen nauten gauzak, gertaerak, notiziak eta abar hartzen ditut. Hunkitu zentzu zabalean: hunkitu barre egiten didatelako, mina ematen didatelako, sufriarazten didatelako... Zerbait sortzen dizkidaten gauzak edo bizipenak. Lanetik hasi eta aktualitate sozial, politiko eta abar horretatik abiatzen naiz. Iritzia baino gehiago da gaiak mahai gainean jartzea. 

Eta nola ematen zaie gaiei buelta umorearekin lantzeko? 
Batzuetan ez da erraza. Lehendabizi gai horri buruz barre egiteko prest egon behar zara. Beste batzuetan ez zaude prest. Absurdotik jotzen baduzu edo kontraesanak balitza badituzu adierazpenetan edo gertaeretan hatzarekin ematea da. Bilaketa bat. Gero egitura zehatz bat da, txista edo kontakizun batena; informazioa bota edo deskribitu eta errematea ematea. Barrearaziko duen esaldi hori bota. 

Norberatiksortzen dira edo ikasten da?
Badira teknika batzuk. 2021ean ikastarotxo bat egin nuen eta teknika batzuk badira eta horiek pixka bat landu behar dira. Badago jendea txisteak egiteko eta erremateak egiteko berez dutena. Hitz egiteko modu komiko edo barregarri hori badute, beste batzuk ez hahinbeste. 

Euskarazko umorearen loraldia dago? 
Ni hasi nintzenean 2021ean ez zegoen. Bazegoen bakarrizketalari batzuk gerora ezagutu nituenak: Txiki, Donostiarra, Plazaola bera... Umore klase hau egiten urteak daramatzate. Baina zirkuiturik ez zegoen. Azken urte hauetan sortzen ari da. Donostia aldean Kar kar kar kolektiboa, bakarrizketalari batzuk, zirkuitua sortu dute eta saioak antolatzen dituzte inguruetan ere. Gipuzkoan zirkuitu hori badago. Iruñean Laban apustua egin dute eta Araban ere zerbait mugitzen ari da. Bai, ari da horrelako loraldi bat izaten. 

Beharrezkoa zen? 
Euskarak guztia behar du, baita umore mota hau ere. Stand up deitzen den eta estatubatuetatik datorren umore hau modan dago Europa osoan, eta esparru horretara euskaldunak ere iritsi behar gara. Bestela, hizkuntzekin gertatzen den, beste batek okupatuko du leku hori. Zer puntutaraino izango den moda eta zenbaiterako erortuko den ez dakigu, baina euskarak eta euskaldunok behar dugu. Baikor egoteko arrazoiak daude, garapen bat badago eta nik uste fruitu batzuk emango dituela.