Astekaria

Auzolanean egindako etxeak

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 16a, 13:30

71 urte dituzten etxebizitzak.

Txantrea auzoko lehen harria jarri zutela 75 urte bete direla eta Iruñeko auzoa hainbatetan izan da notizia. Halako babestutako etxebizitzak garai berean Etxarri Aranatzen egin zirela kontatu du Javier Mauleon Ijurrak.

Zugarreta eta Bureña kaleen artean dauden etxebizitzei Casas baratas deitu diete betidanik etxarriarrek. Babestutako etxebizitza horiek auzolanean eraiki zituzten eta lan haietan aritu zen eta bizirik dagoen bakarra Javier Mauleon Ijurra da. Sakanan halako etxebizitzak eraiki ziren aurreneko herria Etxarri Aranatz izan zela azaldu du Mauleonek. Ondoren etorriko zirela Irurtzun, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordikoak. 

Gerra ondorengo Etxarri Aranatz hartan etxe premia zegoen. Hainbat etxetan bi familia bizi ziren. Etxarri Aranazko errepide bidegurutzetik Andra Mari ermitaraino Harinera eta Mariñelan etxea, gutxi gehiago zegoen. Ermitaren parean, errepidez bestaldean, "Probintzianon soro handi bat zegoen han eta udalak trukatu egin zien", azaldu du Mauleonek. "Sobra ere, gobernuak Patronato Francisco Franco eskaini zuen hori egiteko". Halako patronatoak "herri guztietan egin zituzten, etxeak egiteko". Etxe premia zuten Mauleonen aitak eta beste gizonezko batzuek prestatu zuten dena, eta haiek zeuden patronatuan. 


Etxarri Aranazko ikuspegia 1945ean. IDENA

Lanak 1951. urtean hasi zituzten, gaur egun ermitatik gertuen dagoen etxebizitzatik hegoalderantz. 40 bat lagun elkartu ziren eta denak joaten ziren etxeak jasotzera, auzolanean. "Askotan haietakoren baten semeren bat ere joaten zen, aitaren partez-edo". Guztien artean 46 etxebizitza jasoko zituzten. Mauleonen aita ere eraikuntza lanetan aritu behar zen. Baina hil egin zen. Astebetera, 14 urterekin, zerrategian lanean hasi zen Mauleon, baita eraikuntzan ere. Gerora Zumarragan Orbegozon lan egiteko eskaintzarekin joan zitzaizkion etxera, baina ez zuen onartu. "Zerrategikoa lan gogorra zen: oholak, enborrak... denetarik zegoen". Etxeak eraikitzen ari ziren gainontzekoek bezala, Mauleonek ere zortzi orduko lanaldia egiten zuen lantokian. "17:30era arte zerrategian, eta 18:30ean hara, 22:00etaraino. Jaietan ere lan egiten genuen, 14:00etaraino". Auzolan hartako gazteena zen Mauleon eta "mandatuak egiten, baten-batean gosari eske etxera, beste batean ardoa eramatera... horrela asko, hasieran behintzat. Ondoren, besteak bezala, lanean hasi nintzen". 

Lanen hasiera
Mauleonek azaldu duenez, "urik ez zegoen, eta bidegurutzetik hasita ermitaraino ura eramateko lanak egiten hasi nintzen: kunetatik, zanga atera eta uralitazko hoditeria horietakoa jarri genuen. Hodia 50ekoa zen". Lan horrek ez zuen etxarriar guztien oniritzia: "jende asko kexatu zen, ur asko eraman behar zela hara eta herrian faltako zela. Jendea kexatu zen". Aurreneko lan hori egin ondoren etxeen eraikuntzan hasi ziren. Lanerako erremintak egunero udaletxeko alondegira (erraldoiak gordetzen diren eta Guaixe Irratia dagoen tokian) eramaten zituzten egunero, gordetzeko. 

Ura eraman ondoren, lehen urtean mendira joan-etorrian ibili ziren. "Lizarragako tuneletik 300 metrora-edo, bideberri kontra, horretarako harrobia egin zen eta handik harria dinamitarekin ateratzen genuen". Langintza horretan zeregin berezia izan zuen Mauleonek: "dinamitaren kargu egin ninduten. Nik eramaten nituen pistonak, bolbora eta metxa". Azaldu duenez, "harrobietan lan asko egindako koadrila bat zegoen". Haiek harrian "zuloak eskuz egiten zuten. Barra metroren bat sartzen zuten, ondoren bolbora sartu eta... Aldiko hamar-hamabi tiro egiten genituen. Gero Quintanaren eta Poloren kamioian harria behera, zimenduak egiteko". Jakina, kamioiak eskuz kargatzen zituzten, "orduan ez zegoen ez makinarik ez ezer. Masa eta dena orduan eskuz egiten zen, dena eskuz". Soberan gelditzen zen dinamita bueltan ekartzen zuen, "edo, bestela, han ondoan estolda bat zegoen eta hurrengo egunerako han estaltzen nuen". Igandeetan joaten ziren harrobira. Lehenik, 07:00etako mezara joaten ziren ermitara eta, 08:00etan, kamioietan, gora. 


Javier Mauleon Ijurra.

Eraikuntza
Etxeak jasotzeko harea-eta Altsasutik eraman zuten. "Baina blokeak egiteko makina bat erosi zen. Blokeak orain Eroski zabaldu duten tokian egiten ziren. Han egin, hara eraman eta jarri". Hormigoi makinarik ez zegoenez, blokeak jartzeko masa errepidean bertan egiten zuten, "palarekin eta medialunarekin. Trafiko gutxi zegoen orduan". Etxeak eraikitzeko blokeak erabili zirenez, ez zen burnirik erabili haien eraikuntzan. 

Etxeak jaso zutenen artean kisusgileak ere bazeuden, "denetarik baitzegoen". Baita zurginak ere: Justo Artieda eta Manuel Mundiñano. "Teilatutako egurrak, kapirioak eta dena, neurrira eginda ekartzen zituzten, eta muntatu ere egiten zituzten. Egurra kanpotik ekartzen zuten". Zentraleko Lizarraga izan zen elektrikaria. "Egurrezko hiruzpalau poste jarri zituen eta handik harrapatzen zen argindarra, eta luzagarriren batekin ibiltzen zen. Askotan, euria egitean, argindarra joaten zen eta hark ezin bilatu nondik". 

Materiala gobernuak pagatzen zuen. Lanen martxa ikusteko, noizean behin aparejadoreren baten bisitan izaten zuten. Materiala gobernuak pagatzen zuen. Sebastian Goñik eraman zituen kontuak. "Neguan, lanak aurreratuta genituela, bilerak egiten ziren, lana egin ondoren, 22:00etan. 'Gaur junta' esaten zuten. Etxeren batean sartuta egoten ginen. Hura iskanbila, haiek garraxiak! Denak arrazoia!" Mauleonek azaldu duenez, "bat enkargatu egoten zen, eta ez zuen ezer egiten. Azkenerako, Segundo kamineroa jarri zen, eta denok firme jarri gintuen. Eskerrak harri!" Lanean ari zirenei Iruñetik jana bidaltzen zieten "noizean behin. Urdaia-eta ematen ziguten". 

Etxeak 
Eraikitako etxebizitza guztiak berdinak ziren, beheko solairua eta ganboikoa zuten, eta baratzetarako erabiliko zen lur sail txiki bat ere bai. "Bi etxebizitza ileren artean, puntaz punta, blokeekin horma bat egin zen. Orain dena eraikita dago". 

Lanak 1954an despeditu zituzten. 46 etxeak eraiki ondoren. Gobernadorea etorri zen etxearen eskriturak banatzera, eta Arbillarekin (Etxarriko bikarioa) banatu zituzten. Mauleoni ematean, gobernadoreak harrituta galdetu zuen ea nolaz jasotzen zuen gazte batek. "Bikarioak zerbait esan zion eta negarrez hasi zen". Etxearen eskriturak bere izenean zeuden, baina gerora amari eman zion. Etxeak egin ondoren jabeek zenbait urtez errenta bat ordaindu behar izan zuten hilero: 130 pezeta (0,78 euro).


Mundiñano Orayen familia etxe berrian. UTZITAKOA

Aldaketa 
Herriaren erdian bizitzetik hegoaldeko punta batera bizitzera pasa ziren 46 familia, "kuadrilla izugarria". Mauleonek esan duenez, "bukatu eta, segituan, denak berehalaxe okupatu ziren". Haiek banatzeko zozketa egin zuten. Mauleoni azkena tokatu zitzaion. "Amari azkena tokatzea gaizki iruditu zitzaion. Baina aldamenean bat egin zuten Rafael Albarracin eta Raul Mauleon senideak eta oso lagun zuen Markotegi. Amak haiek ikusi zituenean, pozik!"

Gogororatu duenez, "garai haietan etxeetan kasik ez zegoen komunik. Guk dutxa eta dena genuen! Luxua. Dutxa zahar bat zen, nolabait ere plater bat jarri zen han. Harekin jende guztia harriturik! Argindarra ere bazuten. Herriko etxerik modernoenak ziren". 

Hasieran ez zegoen ez kalerik ez ezer ez: dena lohia! Zikin-zikina dena. Urteak egon ginen hala". Auzo berrian ez zegoen ez dendarik ez tabernarik, "herrira etorri behar zenuen". Argiteria publikorik batere ez zegoen hasieran. Handik urte batzuetara, etxebizitza gehiago eraiki zituzten Zugarreta eta Bureina kaleen artean, baina haiek enpresa batek eraiki zituen. 

Egiteko hura 17 urterekin despeditu zuten Mauleonek eta konpainiak. 17 urterekin etxe jabea zen. Gazteena izanik, eraikuntzako lanbide guztiak ezagutu zituen, eta hiru urteko eskarmentua pilatuta, Legazpiara joan zen kisusgil gisa lanera. Han bere adineko etxarriar kuadrilla zegoen, 15-20 lagun. "Bederatzi ordu lan egiten ziren. Hemen hainbeste ordu lan egitera ohituta, pasada bat iruditzen zitzaidan". Baina hangoak beste etxe batzuk dira.