Astekaria

"Meritu pixka bat izanen dugu, baina kartek agintzen dute"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko api. 15a, 12:45

Mikel Goikoetxea Garziandia eta Xabier Urrestarazu Larrañaga sariekin. EHMUS.EUS

Mikel eta Xabier Euskal Herriko Mus Txapelketako txapeldunordeak Finalerako sailkatutako 128 bikoteen artean etxarriarrak baino hobea bakarra izan zen, Leitzako Jose Manuel Zabaleta eta Jose Miguel Gonzalez.

Arabako Zigoitiko Gopegi herrian jokatu zen 16. Euskal Herriko Mus Txapelketako finala apirilaren 5ean. Bigarren gelditu ziren etxarriarrek garaikurra, bi pertsonarendako Kariberako bidaia eta 1.500 euro eskuratu zituzten.

Nola zegoen antolatuta finala? 
Xabier. Badakizu hasieran hiru partida dauzkazula eta, suabe-suabe joanda, partidaz partida. Lasaitasunez hartu behar da, bestela ezin da halako txapelketa luzea jokatu. 

Mikel. Hirukote batean denok denon kontra jokatu genuen, ligaxka. Partida gehien irabazten duen bikotea hurrengo errondarako sailkatzen da. Eta partida kopuru bera irabazi badute bi bikotek, bakoitzak irabazitako eta galdutako jokoen kopurua hartzen da kontuan.

Zuek ligaxkatik onik atera zineten. 
X. Bai. Mus polita izan genuen, egia esan. Lehendabiziko bi partidak 3-0 irabazi genituen, eta kasik hirugarren partidarako sailkatuta geunden. Hirugarrena 3-1 irabazi genuen.


Etxarriarrak ligaxkan jokatzen.

Eta bigarren partea nolakoa izan zen?
M. Hortik aurrera zuzeneko kanporaketak jokatzen dira. Beste bikote baten kontra jokatu eta irabazten duenak, aurrera, eta galtzen duenak kanporatuta gelditzen da.

Goiz osoa horretan eman zenuten?
X. Ligaxka ondoren kanporaketa bat jokatu zen, ondoren bazkaltzera gonbidatu gintuzten. 17:00etan beste kanporaketak hasi ziren, final zortzirenak. 22:00ak aldera bukatu genuen.

Eta arratsaldean zenbat partida jokatu zenituzten?
M. Beste lau. Guztira zortzi partida.

Erritmoa mantentzeko, zer?
X. Egia esan, ez dakit. Bazkaltzen duzu, tripa bete-bete eginda musean jokatzen hasten zara eta jokoaren inertziarekin ahazten zaizkizu tripak, hotzak, loganea... eta aurrera segi.

M. Musa aurreikusi ezin den zerbait da. Zure kartak jokatzen dituzu. Batzuetan zorte handiago edo gutxiago duzu. Baina, beno, zorte handia izanez gero, aurrera egiteko aukera asko dituzu. Zorteak pixka bat, edo nahiko lagundu zigun eta, pixkanaka-pixkanaka, aurrera joan ginen.


Bigarren parteko partida jokatzen Xabier eta Mikel.

Zorteaz aparte, karta onak edo trebezia beharko dira, ezta?
M. Pixka bat jokatzen badakizu, zorteak lagundu beharko zaitu. Zorterik ez baduzu, besteak karta hobeak baditu, zaila da irabaztea. Eta, egia esan, egun hartan nahiko lagundu zigun. Meritu pixka bat izanen dugu, baina, batez ere, kartek agintzen dute.

Noiz ohartu zineten aurrean buka zenezaketela?
X. Ligaxka, lehenengo partea, hain ongi bukatu genuen, beno, ba, “kanporaketak jokatzera!” Kanporaketak pasatzen hasi eta, "jo, dagoeneko, final erdietan gaudela! Eta zergatik ez ailegatu finalera?" Eta hala izan zen.

Finala nolakoa izan zen? 
X. Oso estua izan zen. 1-0 irabazten hasi ginen, ondoren: 1-1, 2-1 eta 2-2. Eskolan bukatu genuen, bi tantoren faltan bi bikoteak. Nik pentsatu nuen irabazia nuela, baina, azkenean, besteak karta hobeak atera zituen eta zorte puntu hori, momentu hartan, besteari tokatu zitzaion.

Txapeldunorde geldituta, penaz edo pozik?
M. Hasieran esan balidate, sinatuko nuke. Baina behin haraino iritsi eta, pena ematen du: "zer egun polita pasa dugun! Baina bukaera falta". Niretako finalera ailegatzea pentsaezina zen. Ailegatu ginen, eta ongi.

Bi tantorengatik galtzea, pena, bai, ezta?
X. Bai. Txapela behatz puntekin ikutzen duzu, baina gabe gelditzen zara. Baina finaleraino ailegatzeagatik meritu pixka bat izanen dugu, eta pozik!


Finaleko une bat.

Jendeak zer esan dizue? 
M. Bai. Etxarrin izugarrizko mus zaletasuna dago. Jendeak jakin zuen, eta jende dezentek zoriondu gintuen. Polita izan zen, bai.

Sariarekin, zer asmo?
X. Galdera ona (kar,kar,kar). Ea noiz edo nola joaten garen. Hitz egin beharko dugu, ea zer suertatzen den. Baina gastatuko dugu, bai.

Karibean ez dakit musean aritzerik izanen duzuen.
M. Batek daki! Sekula ez dakizu non jokatu daitekeen.

X. Norbait etortzen bada, jokatuko dugu.

Noiztik muslariak?
M. Oso gaztetatik, gutxi gorabehera 15-16 urterekin jokatzen hasiko ginen. Betidanik.

Eta jokorako bikote?
X. Ez dakit, sei-zortzi urte? Behin jokatzen hasi eta orain senar-emazteen pare, txapelketa guztietan batera jokatzen dugu.

M. Ez dakit jokatzeko bata bestearekin nola elkartu ginen. Behin batez elkartu, jokatu genuen eta handik aurrera elkarrekin jokatzen segitzen dugu. Izena ematen dugun txapelketa guztietan elkarrekin jokatzen dugu.

Txapelketa askotan parte hartzen duzue?
X. Etxarriko Xapatero tabernarena, Euskal Herrikoa... horietan. Ez gara toki guztietara jokatzera joaten.

Lagunarteko partidak?
X. Kontra jokatu izan dugu behin edo beste.

Z. Bestela, bazkari edo afari baten ondoren partidaren bat jokatzen duzu.

Euskal Herriko txapeldunorde izanda, bakarren batek zuekin jokatu nahiko du? 
X. Badaezpada, bitan pentsatu beharko du (kar, kar, kar). Etorriz gero, gustura asko jokatuko dugu. Problemarik ez.