Futbola

Etxarri Aranatz, kopa ekartzeko prest

Guaixe 2025eko apirilaren 16a

Etxarri Aranatz, Ziraukiri irabazita kopako finalera sailkatu izana ospatzen. ETXARRI ARANATZ K.E.

Etxarri Aranatz futbol taldeak Carcastilloko Larrate taldea izango du aurkari apirilaren 17an Funesen jokatuko duen finalean. Ikusmina handia da eta lau autobus abiatuko dira Etxarritik taldea animatzeko

Gutxika, iritsi da egun handia. Apirilaren 17an, Ostegun Santua, Etxarri Aranatz futbol taldeak eta Carcastilloko Larratek FNF Karbel Kopako finala jokatuko dute Funesko Juan Bertol futbol zelaian, 17:00etan hasiko den partidan. Partida eremu neutroan jokatuko zela erabaki zuen Nafarroako Futbol Federazioak eta Funes aukeratu zuen, Carcastillotik gertu baina Etxarri Aranaztik urruti dagoen tokian, toki ez oso neutroa, agian, baina horrek ez ditu etxarriarrak kikildu. 

Izan ere, kopak ilusio handia piztu du Etxarri Aranatzen. Etxarriko zaleez betetako lau autobus abiatuko dira Funesera, Etxarri animatzera. Erregional mailako ligan ikusgarri ari da Ioseba Bakaikua lakuntzarrak gidatzen duen taldea, sailkapenean bigarren jarri baita. Horrek, jakina, konfiantza handia eman dio taldeari eta orain kopa lortzeko ilusioa du taldeak. 

Larratek preferente mailan jokatzen du; Etxarri Aranatzek, aldiz, erregional mailan. Paperaren gainean maila gehiago beharko luke Larratek, baina Etxarri Aranatz erregional mailako igoera postuetan dago eta ez da kikiltzen. 

Txapeldunaren beste saria
Kopako irabazleak, kopa irabazteaz gain, badu beste sari bat: Errege Kopako aurretiko kanporaketa jokatuko du hirugarren mailako igoera faseko kanporaketan igo gabe geratuko den taldearen kontra. Beraz, kopaz gain, asko dago jokoan.