Euskaraldia 2025

"Txapa gau mahaian dut, jartzeko prest"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mai. 9a, 13:30

Reme, Mikel eta Eva Maria mintzakide etxarriarrak.

Euskara praktikatzera elkartzen dira ostiral arratsaldero hiru etxarriar: Reme Ulaiar Huizi, Mikel Larraza Hernandez eta Eva Maria Palazuelos Markotegui. Euskaraldia bertan dago eta zein asmo dituzten azaldu dute.

1 Nolaz zaudete Mintzakiden?
Reme. Lasatzeko. Beste jende batzuekin hitz egiteko. Lagunak bezala, oso gustura pasatzen dugu. Nirea etxeko euskara zen, eta dena gaztelaniaz hitz egiten nuen. AEKn hasi nintzen eta, gehienbat, euskaraz hitz egin nahi dut. 
Mikel. Ikasketengatik Etxarritik kanpo urte asko egon naiz, eta ez dut euskara asko praktikatu. Kanpoan nago lanean, euskara praktikatzeko eta etxarriarrekin unetxo bat pasatzeko nago. 
Eva Mª. Euskaraz hitz egiteko, jendearekin egoteko eta gustura egoteko. AEKn hasi nintzen, eta orain jende guztiarekin eta dendan euskaraz hitz egiten dut. 

2. Tabernan elkartzen zarete. 
R. Kalean normalean hotza, euria eta iluntasuna. Tabernan oso gustura egoten gara. 

3. Elkar ezagutzen zenuten?
M. Betidanik. 
R. Bistaz. 
E. Nire txikiaren kintoa da Mikel. 

4. Euskaraldia zer iruditzen zaizue?
E. Ongi dago. Euskarak herrian gelditu beharra du, are gehiago Etxarrikoak. 
M. Euskara praktikatzea gure keinu bat da. Eta gehiago bulkatu behar da. 
R. Ni oso pozik nago Etxarrin orain askoz euskara gehiago egiten delako. Gazte nintzela betikoek egiten zuten, baina orain askok. Gure adineko gutxiago hasten gara euskara ikasten eta Mintzakiden.

5. Aurreko Euskaraldietan parte hartu duzue?
E. Bai. Ez dakit zergatik, Belarriprest txapa hartu nuen. 
M. Ez. 
R. Bai. Ni oso lotsagabea naiz eta, gaizki, baina Ahobizi izan nintzen. 

6. Eta zer moduz?
R. Orain, kasik pentsatu gabe, jendea euskaraz agurtzen dut eta gaztelaniara pasatzen badira, ni ere bai. Ahobizi izanen naiz aurten ere. Jendeak euskaraz hitz egiteko intentzio gehiago izan beharko luke. Bihotzean dugunaz jabetzeko. 
E. Tontakeria bat zen Belarriprest hartzea. Nik hitz egitea nahi nuen. Baina ez dakit zergatik hartu nuen Belarriprest. Aurten Ahobizi izanen naiz. Aurrekoan ongi moldatu nintzen, kaletik txaparekin ibili nintzen. Baina Altsasura-eta ez nintzen joan. Orain gau-mahaian dut, jartzeko prest. 
M. Nik aurten parte hartuko dut. Erriberan nago lanean, orduan, ba, zaila. Txapa eramanda, apika, sorpresak. 

7. Zer dakizu Euskaraldiaz?
M. Bakarrik dakit Guaixen irakurritakoa. Badakit egun batean jende asko hitz egiteko elkartzen dela. Baina ez dakit egitarauren bat egonen den. 

8. Txapa jantzita zenutela, jendearen ohituretan aldaketa ikusi zenuten?
R. Ez. Etxarrin denok dakigu eta euskaraz. Beharbada kanpotarren batek ez daki zer den txapa hori eta, beti bezala, erdaraz hitz egiten dizute. Aurten txaparekin Iruñean proba eginen dut. Baina ikusten duzu txapa, eta, bai. 
E. Ni hasi nintzen jendearekin euskaraz hitz egiten, eta haiek niri ere euskaraz. Baina ez txapagatik. Txaparekin bakarren bat ikusiz gero, harekin hitz egiten nuen. Denekin hitz egiten dut, baita paseatzera joaten naizenean ere. Eta ez badut ezagutzen, euskaraz hasten naiz. Ez dakitela badiote, erdaraz hitz egin eta kitto. Eta Etxarritik kanpo, joaten naizen tokiaren arabera ere euskaraz hitz egiten dut. Euskaraz hitz egiten entzuten badut, nik ere egiten dut. 

9. Euskaraldirako zein helburu jarri diozue zuen buruari? 
M. Aspaldi nire buruari jarri nion helburua. Kuadrillan denok dakigu euskaraz hitz egiten, baina beti erdaraz. Ohitura. Euskaraz hasi nintzen. Euskaraz hitz egiten saiatzen ziren, baina arraroa zen, haiekin erdaraz hitz egitera ohituta baikeunden. Ezin izan genuen ohitura aldatu. Euskaraldian zerbait egiten saiatuko gara. 
E. Jende gehienarekin euskaraz hitz egitea. C1 titulua ere nahi dut, baina klasera gramatika ongi ikastera joan behar dut. 
R. Egun batzuetarako Galiziara oporretan joan behar gara, eta egun batzuk Euskaraldiarekin bat egiten dutela uste dut. Euskaraldian euskaraz hitz egiteaz kontziente zara. Baina jende batzuekin ezin da. 

10. Zenbat egoten zarete elkarrekin?
E. Astero ordu bat. Batzuetan pixka bat gehiago. 
M. Oso azkar pasatzen da. Taldean gustura gaude. Kafetxoa hartu, txiste batzuk edo astean zehar egindakoa kontatu, txutxumutxu batzuk, 

11. Bakarren bat gehiago etor daiteke?
R. Nahi badute, bai. Anima daitezela. Oso polita da. 
M. Baina pasta batzuk ekarri beharko ditu (kar, kar, kar). Ez du ez adinak ez euskara mailak inporta. Ongi pasa eta euskara praktikatzea da. Ostirala beste modu batera pasatzeko.