Ekoizleek plaza hartu zuten

Guaixe 2025ko api. 28a, 10:06

Plazatik azienda pasaraziz Urbasako larreen irekiera irudikatu zuten.

Ibarreko hamar ekoizle batzen dituen Belardi elkarteak antolatu zuen Amalur azokak Etxarri Aranazko plaza itxuraldatu zuen. 

Ekoizleak eta artisauek beraien ohiko lantokiak utzi eta haien lanaren fruituarekin sortutakoak zuzenean saltzen jarri ziren. Amalurra azokan izan zen. 25 salmahai izan ziren azokan. Plazatik pasa zirenek haietan gazta, barazkiak, eztia, ogia, hestekiak, ardoa, zukuak, pastak, arropa, bitxiak eta beste opa zitzaketen. Gainera, aurreko edizioetan bezala, arkume haragi pintxoak dastatzeko aukera izan zen. 

Azokako berritasuna aziendaren presentzia izan zen. Urbasa-Andiako larrean zabalik daudela adierazi eta azienda mendira igotzen zela irudikatzeko hiru saldo pasa ziren plazatik, bi zaldiak ziren, bestea behiak. Herrian barna kalejiran ibili ondoren, gaitariak azokari soinu banda jarri zioten. Pieza eta pieza artean Eneida Carreño Mundiñano esatariak azokako ekoizle eta artisau guztiak elkarrizketatu zituen txandaka. Eta azienda pasatzeko garaian Joxe Aldasoro Jauregi izan zuen aldamenean, eta hark hainbat kontu azaldu zituen. 

Euskaraldia batzordeko kideek txapak banatu eta izen-emateak hartu zituzten. Aldamenean zituzten Inklusibitatearen Aldeko Batzordekoak, inklusibitatearen betaurrekoak jartzera gonbidatu zutenak, begirada aldatu ahal izateko. Euren postutik hainbat lelo zituzten pegatinak banatu zituzten. Gainera, betaurrekoak jarrita Gabonetan egindako argazkiak ikusgai jarri zituzten. Etxarri Palestina Elkartasun Taldeak joskintza taldekoek egindako manta eta gazta baten zozketarako txartelak saldu zituzten. Bestalde, Juan Luis Larraza Lakuntza idazleak herrian girotutako bi liburuak, Bernoa eta Luis Lizarraga kapitaina, saldu zituen.