Futbola

Etxarri Aranatzek kopa ekarri zuen etxera

Guaixe 2025ko api. 28a, 10:15

Etxarri Aranatz taldeko jokalariak eta entrenatzailea, Joseba Bakaikoa, kopa jaso berri. NAFARROAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Etxarrik 1-2 irabazi zion Carcastilloko Larrateri Funesen jokatutako final handian

Apirilaren 17an jokatu zen Nafarroako Futbol Federazioaren kopako finala, Funesen. Etxarri Aranatzek eta Carcastilloko Larratek jokatu zuten finala. Etxarri Aranaztik bost autobus joan ziren taldea animatzera, eta Carcastillotik zazpiren bat. Beraz, giro ederrean eta zaleen babesarekin jokatu zen finala. 

Lehen zatia oso borrokatua izan zen. Bukaera aldera, arbitroak Etxarri Aranazko Geovanny Quezada jokalariari txartel gorria atera zion, sarrera gogorra egin zuela argudiatuta. Jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Etxarri, eta 43. minutuan Larrateko Labordak gola sartu zuen. Atsedenaldira, beraz, jokalari bat gutxiagorekin eta 1-0 galtzen joan zen Etxarri Aranatz. 

Sakandarrek, ordea, ez zuten behera egin. Jokalari bat gutxiagorekin, lan gehiago egitea tokatu zitzaien. Hasi eta berehala Jon Erdoziaren golari esker bana berdindu zuen Etxarrik. Bi taldeek aukera sendoak izan zituzten, eta partida luzapenera zihoala zirudienean, deskontuan, Jon Erdoziak garaipenaren gola sartu zuen eta, 1-2 irabazita, kopa lortu zuen Etxarri Aranatzek. Xabat Goikoetxea kapitainak izan zuen kopa jasotzeko ohorea, eta zale etxarriarren artean zoramena barreiatu zen Funesen. 

Ondoren, ongietorri beroa egin zieten Etxarri Aranatzen. Kopa herriari eskaini, eta jokalariren batek baino gehiagok iturrian sartuta ospatu zuen kopa lortu izana. Parranda ordu txikiak arte luzatu zen Etxarri Aranatzen, festa egun handia izan baitzen.