Etxarri Aranazko Udalak 2.800.947,25 euroko aurrekontua du, aurreko urtean baino 100.000 gehiago. Maria Saez de Albeniz Bregaña alkateak azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetatik jasotako diruagatik hazi da. Euskalerriari frontoiko uralitazko teilatua kendu, berria jarri, intsonorizatu eta kanpoko aldea margotu eginen du udalak. Lanek 200.000 eurotik gorako aurrekontua dute". Aurtengo foru aurrekontuari EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa baten bidez udalak 155.000 euro jasoko ditu. Teilatua berritu ondoren, udalaren asmoa da han eguzki plakak jartzea.
Kirol azpiegitura horri lotuta, alkateak jakinarazi du txarteldegia dagoen tokia, frontoi txikia hartzen duen tartea, udalak itxi eginen duela. Han erabilera anitzeko gela sortuko dute. Gainera, frontoiaren sarreraren ondoan, harmailaren azpian, komuna publikoak eginen ditu udalak. "Frontoian beti jende ugari izaten da eta aldageletan dauden komunak ez dira nahikoak. Lanak uda aldera eginen lirateke, pala denboraldia despeditu ondoren", azaldu du Saez de Albenizek.
Bestalde, alkateak gogorarazi du "bandalismoagatik eta erabilera txarra ematen zaiolako, frontoia denboraldi batzuetan itxi behar izan dugu. Astez, normalean, pala entrenamenduak izaten dira. Eta asteburuan zinegotziak arduratzen gara frontoia zabaltzeaz. Gauez itxita uzten dugu".
Aldaketak gizarte enpleguan
Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Lakuntza eta Urdiain arteko udalak hartzen ditu. Babestutako Gizarte Enpleguaren bidez orain arte udalek nork bere langileak kontratatu izan dituzte. Aurten aldaketa izanen da, haiekin batera egoteko begirale bat kontratatuko dute, eta programaren bidez kontratatutako langileak begiralearekin ariko dira. "Babestutako Gizarte Enpleguaren bidez kontratatutakoak profil berezia dute, eta hori kontutan izanik, zailtasun gutxiko lanak eginen dituzte. Baina, aldi berean, lan eta gizarte harremana sustatu nahi da", azaldu du Silbia Sesma Nazabalek, mankomunitateko presidenteak. Lantalde hori zazpi udaletan lanean ariko da sei hilabetez. Aipatu mankomunitatearen batzarrean zehaztuko dira zein lan zehatz eginen dituzten.
Bestalde, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen mankomunitateari udalak 117.000 euro eman dizkio. Udalen ekarpenekin mankomunitateak lau programa garatzen ditu. "Gero eta eskaera handiagoa izanen da", azaldu du alkateak. Jakinarazi duenez, elikagai bankuaren bidez 80 bat familiek jasotzen dute jatekoa. "Kopuru hori ere gora doa, eta etxarriar peto-petoak dira jasotzen ari direnak". Bestalde, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin langabezian dauden bi pertsona kontratatuko ditu udalak.
Hiltegia eta argiteria
Etxarri Aranazko Udalak hiltegiaren atzeko aldean abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko gunea eraikitzeko lanak hasi ditu. Kamioiak garbitzeko eraikinak 66,73 m²-ko azalera izanen du, eta, haren parean, hesian, ateratzeko beste ate bat zabalduko da. Lanek 79.110,11 euroko kostua dute. Obra finantzatzeko udalak gobernutik 70.000 euroko dirulaguntza jaso du. Gainera, ura presioan botatzen duen makina eskuratzeko 7.960,42 euro bideratuko ditu.
Eskolako teilatuan jarritako eguzki plaken bidez sortutako argindarraren zati bat hiltegira bideratuko du udalak. Baita ikastetxera, argiteria publikora eta frontoiko argiteriara ere. Gainera, partikular batzuei ere eskainiko zaie eskolan sortutako elektrizitateaz hornitzea. "Nola egin aztertzen ari gara. Eta hileroko argazkia zein den baloratuko dugu ondoren".
Bestalde, Larrañetan auto elektrikoendako bi kargatzaile jarriko ditu udalak. "Horiek jartzeko, aplikazioaren eguneraketa baten zain gaude. Baina ahalik eta azkarren jarri nahi dugu martxan, zeren dena prest dugu", azaldu du alkateak.
Larrialdi guneaz
Malkorramendi kaletik Zumurdiñeta industrialdera aldatu zuen Sakanako Mankomunitateak hondakinak uzteko larrialdi gunea. "Erabilera oso okerra denez, eta utzikeriari emanda gaudelako. Lehen han uztea ez zegokion gurdikada bat hondakin eramaten bazen astero, leku aldaketaren ondoren bi dira, gehi altzariak, gurpilak eta beste. Horregatik, Mank-ekin batera, isunak jartzeko baimena emanen diogu Foruzaingoari", jakinarazi du alkateak. Udaletik etxarriarrei "arduraz jokatzeko" dei egin diete, "hondakinak behar bezala kudeatzen aktiboki laguntzeko" eskatuz. "Herri garbi bat mantentzea eta ingurumena errespetatzea komunitate osoaren konpromisoa eta inplikazioa eskatzen duen zeregin komuna da".
Bestetik, udalak hirigintza plana berritzeko eskatu dio gobernuari. Foru administrazioaren laguntzarekin basoko eta dermioko bideren bat konponduko da. Eta 2026an berrituko da Zumurdineta industrialdeko zorua. Bestalde, Kontzezio ermitarako bidean, autobia azpiko pasan euria egiten duenetan ura pilatu eta altuera handia hartzen zuen. Nafarroako Gobernuak urak tamaina hori ez hartzeko beharrezko lanak egin ditu.
Egur lotea etxean jasotzeko interesa zuten 32 pertsona agertu ondoren, estreinakoz, udalak etxeko surako egur lotea eskuratzeko bi modu eskaini ditu: orain arte bezala eta baso enpresa batek moztea eta eskatutako tokira enborrak eramatea. Maiatzaren 16ra arte egin daitezke eskaerak. Horretaz aparte, Ebroko Ur Konfederazioarekin harremanetan da udala, zubiaren ondoan ibaira erori den txipua kentzeko. Azkenik, udalak eskolatik herrirainoko bizikletendako ibilbidea egiteko lanak 64.454,60 eurotan eman ditu. Lanek %75eko laguntza dute.