Astekaria

Plazetan Hogei Berriro, eta askoz gehiago

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mai. 6a, 13:03

Hogei Berriro taldea kontzertu batean. UTZITAKOA

Lizarragabengoako festetan mustu zen Maider Ansa abeslaria Hogei Berriro Txuma Flamarique gitarra joleak sortutako taldean. Ordezkari gisa sartu zen, eta dagoeneko "azken hogei urtetako kantak" interpretatzen dituen taldeko kantaria da

"Aukera ikusten dudan aldiro gustura parte hartzen dut deitzen nauten tokietan" 

Maider Ansak, Tximeleta taldeko abeslari zenarendako, kantatzea "zerbait oso naturala" dela esan du, "aukera ikusten dudan aldiro gustura parte hartzen dut deitzen nauten tokietan". Azken aldian, Maixux Zugarramurdi amarekin, "amaren itzalean, egia esan", eta “Maixuxen alabak” taldearekin ari da. ZEIDFesten parte hartu zuten, esaterako: "Ama joatea nahi genuen, amari erreferentzia egin nahi genion, orain ezaguna egin dela (ZETAKen Hileta kantu nafarra abestian parte hartu du), eta azkenean animatu zen". Ama eta ahizpekin ez ezik, talde batean kantatzeko, Hogei Berriro, dei bat jaso zuen Ansak, eta horrekin plazetara itzuli da. Maiatzaren 3an, Altsasuko Alde Zaharreko festetako egitarauaren barruan kontzertua eman zuten. 

"Txuma Flamariquek sortu zuen Hogei Berriro. Tximeleta taldeko sortzailetako bat izan zen, gitarrista urte askotan. Bere proiektu bat da". Taldea sortu zuenean Maitetxu Roka deitutako abeslari bat zegoen, "baina kontzertu batzuk atera ziren eta egoera pertsonalagatik ezin izan zituen eman, eta Txuma nirekin gogoratu zen; pare bat kontzertu egiteko zen". Ansak egin zituen, "oso gustura", gainera. Horietako bat Lizarragabengoako festetan izan zen, eta Orkoionen eta Burlatan ere egon zen . Orduan, Rokak talde uztea erabaki zuen, eta Ansak abeslaria bihurtu zen. "Pixka bat errebotean sartu naiz, baina oso naturala izan da".

Nostalgia
Hogei Berriro proiektu lasaia dela azaldu du Ansak. "Ez da Tximeletan bezala urtean 60 bat kontzertu genituela, eta ez dugu nahi ere. Lasai-lasai, lagunen artean, kantu ezagunak eta goxo-goxo ari gara". Dozena bat kontzertu aurreikusten dituzte, "disfrutatzeko". Ansa abeslaria eta Flamarique gitarra jolearekin batera, Jon Uribetxeberria bateria joleak eta Ion Dorregarai baxu joleak osatzen dute taldea.

Taldearen izenak aipatzen duen bezala, Hogei Berriro, 20 urtetik atzerako kantak interpretatzen dituzte: "Euskal kantak; adin bat ari gara hartzen eta orduan pixka bat nostalgiko jarrita gure gazte garaiko kantak jotzen ditugu gehienbat: Mikel Laboa eta Xabier Lete, Lertxundi, eta gero Sorkun eta Zea Mays, Katamalo...".

"Herritara joan, jendearekin egon, gustura kantatu... Plazetan egotearen politena da"

Lizarragabengoako kontzertuan Ansa "ordezko gisa" egon zen, eta lehenengo kontzertu ofiziala bihar Altsasun emanen duena izanen da. "Lizarragabengoak festak ziren eta pozik gelditu ziren; oso polita izan zen, udara hasiera zen...". Plazetan egotea "honek daukan politena" dela esan du Ansak: "Herritara joan, herriko jendearekin egon, gustura kantatu... Feedback-a gertutik izatea".

Tximeletarekin Sakanan "jendeak oso ongi hartzen" zituztenaren sentsazioa du Ansak. Gainontzeko proiektuekin ere "dezente" jotzen ari dela gaineratu du. Hogei Berriro mahai gainean dituen kontzertuak Sakanan direla aurreratu du: Arbizu, Lakuntza, HatortxuRock eta Etxarritik deiak jaso dituzte.

Hogei Berriro taldeko kideak esperientzia handiko musikariak dira, "ni uste dut onak garela", eta proiektu berrian "txukun" ari direla esan du abeslariak. Kontzertuak "potetxo batekin gustura" entzuteko dira, "egin izan dugu kultur etxean eta oso gustura ere", baina plazetako eta udara giroan murgiltzen dira hobe. "Ordu eta erdiko bertsio kontzertu bat da".