Apirilaren 17a sekulakoa izan zen Etxarri Aranatzen. Ordu txikitan bukatu zen festa Funesen hasi zen, Etxarri futbol taldeak bertan jokatu baitzuen Nafarroako Futbol Federazioko kopako final handia, Zarrakazteluko Larrateren kontra. Bost autobus abiatu ziren Etxarritik taldea animatzera, eta Xabat Goikoetxea Jaka kapitainak kopa jaso zuenean egin zuen eztanda festak. Ahaztezina izan zen eguna gogoratu du kapitainak.
Xabat Goikoetxea, Etxarriko KAPITAINA zara, letra larriekin idatzita.
(Kar-kar) Hemen hasi nintzen futbolean, eta bizitza guztia hemen eman dut, Lakuntzako Lagun Artean ibili nintzen bi urtetan izan ezik. Urte asko dira.
Iruñeko talderen batera joateko tentaziorik ez al duzu izan?
Lakuntzara joan nintzen urte haietan eta ondoren deitu ninduten, baina ez nuen nahi izan. Hirugarren maila zer zen Lagun Artean probatu nuen, eta horrekin nahiko. Aurretik, jubeniletan nengoela, Ohorezko Mailako Oberenan probak egin nituen, baina ez ninduten hartu. Aurre denboraldi guztia egin nuen, gogorra, baina nonbait jokalari hobeak zituztenez, ez ninduten hartu.
Urte asko dira Etxarri Aranatz taldean, eta denetatik tokatu zaizu. Preferente mailatik erregionalera jaistea, berriro ere preferentera igotzea, eta atzera ere jaistea.
Jaitsi, itzo... denetatik. Preferentetik jaitsi ginen azkeneko aldia 2022/2023 denboraldia izan zen. Lagun Artearekin biak batera jaitsi ginen. Gu jaitsi, eta Altsasu igo zen orduan preferentera. Ez genuen preferente mailan Sakanako hiru taldeak bat egin. Mailaz jaistea oso gogorra da.
"Finalak ilusio handia piztu zuen. Bost autobus joan ziren Funesera, ikaragarria"
Iaz erregionaleko laugarren multzoko liga irabazi zenuten baina igoera fasean ez zineten igo, eta aurten hirugarrenak zaudete, igoera fasea jokatzeko postuetan.
Iaz liga irabazi genuen, baina erregional mailan ligako txapelduna ez da automatikoki preferentera igotzen. Erregionalean lau multzo daude, eta multzo bakoitzeko lehen lau taldeek, hamasei guztira, igoera fasea jokatzen dute. Ligako txapeldunek baita ere, nahiz eta bi aukera izan aurrera egiteko. Nire ustez ligako txapelduna zuzenean igo beharko litzateke preferentera, baina araudia aldatu zuten. Gerta daiteke urte guztian ongi egotea, eta gero bi kanporaketa galdu eta ez igotzea.
Iaz polemika izan zenuten. Beriainen kontra igoera fasea jokatzen ari zinetela, zuen taldekide bati irain arrazistak egin zizkiotela salatu, eta zelaia utzi zenuten. Salaketa jarri, baina igoera fasetik kanpo geratu zineten.
Hala da. Federazioaren erabakia ez zitzaigun batere gustatu. Erreklamatu genuen, baina ez zuten atzera egin. Minduta geratu ginen; berriro hutsetik hasi beharra.
Erregional mailako laugarren multzoko ligan hirugarrenak zarete, San Jorgerekin bigarren postuagatik borrokatzen, maila onean. Altsasu liderrak lau jardunaldiren faltan liga irabazi du. Ikusgarri ari da, partidarik galdu gabe.
Joan zen urtean jaitsi zen Altsasu preferentetik, eta aurten erregionalean ikusgarri dago. Oso indartsu daude, oso ongi. Ez dute partidarik galdu. Gu ere ongi ari gara, eta San Jorge gure artean dago. Talde oso ona dute.
Ligan bigarrenak edo hirugarrenak sailkatuz gero, zer aldatuko litzateke?
Igoera fasean izango genukeen aurkaria. Bigarren sailkatuz gero, igoera fasean beste multzoetako hirugarrenak izango lirateke gure aurkariak, eta hirugarrenak sailkatuz gero, beste multzoko bigarrenak.
"Jokalari bat gutxiagorekin, gure planteamendua ez zen aldatu: erasora atera ginen"
Lau jardunaldi geratzen dira liga despeditzeko. Bukaerara arte dena ematea eta entxufatuta egotea garrantzitsua izango da.
Jakina, eta igoera fasera dinamika onean iristea. Azkenean, futbolean dinamikak dira, boladak. Bolada onean harrapatzen bazaitu, dena askoz hobe doa, eta txarrean, dena gehiago kostatzen da.
Zuen helburu nagusia Preferentera igotzea da, baina ligako ibilbidean, ia konturatu gabe, kopako finalera iritsi zineten. Etxarrik lehenengoz jokatu du kopako finala?
Baietz esango nuke. Jubenilen mailan kopa irabazi zuten orain gure taldean dauden jokalari batzuek, baina talde nagusiak uste dut ez duela finalik jokatu.
Funesen jokatu zenuten, Zarrakazteluko Larrateren kontra. Taldea ezagutzen al zenuten?
Ez. Beraiek preferente mailakoak dira, kategoria bat gorago daude, eta normalean Erriberako taldeek multzo batean jokatzen dute eta gainontzekoek beste batean.
Etxarri Aranaztik bost autobus joan ziren Funesera. Finalak ilusio handia piztu zuen herrian.
Bai, ikusgarria. Kluba momentu onean dago. Harrobi handia, emakumeen taldeak sortu dira... Oso gogotsu dago jendea, agerikoa da. Erreleboa dago, eta jende berria gogoz sartu da. Honekin guztiarekin ere zaleak animatuta daude, ilusionatuta. Jende asko etortzen da futbol partidak ikustera, nik jokatzen dudanetik inoiz baino gehiago.
Zarrakaztelutik ere jarraitzaile ugari joan omen ziren.
Bai, pila bat. Zazpi autobus, hor nonbait. Asko zeuden. Giro oso ona egon zen finalean.
"Kopa jasotzerako unea arraroa izan zen: Emozioa, poza... denetatik. Ez zaigu sekula ahaztuko"
Ongi hasi zineten, aukera askorekin, baina aldapa gora jarri zitzaizuen finala. 41. minutuan arbitroak txartel gorria atera zion Quezadari, eta egoera okertzeko, 2 minutura gola sartu zizuen Larratek. Atsedenaldirako nolako panorama...
Jokaldia ikusi nuen, bertan nengoelako. Sarrera gogorra izan zen, egia da, baina niretako txartel horia zen, gehienez. Joseba Bakaikoa entrenatzaileak esan zigun lehenengo gauza “lasai" izan zen. Lasai egoteko. Gure artean hitz eginda, bagenekien zer egin behar genuen: guztia bider bi. Josebak aldaketak egin zituen, baina erasoan segitu genuen. Izan ere, gu ideia horrekin joan ginen finalera. Nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin geratu, planteamendua ez zen aldatu, oso argi zegoen: irabaztera ateratzea. Eta, zorionez, ongi atera ziren gauzak.
Jon Erdoziak berdinketaren gola sartu zuen bigarren zatia hasi eta berehala. Horrek airea eman zizuen, eta parean jarri zineten.
Bai. Aurkaria gainean ikusten duzunean nerbioak sortzen dira, eta horrek estutzen zaitu. Hala sentituko zen Larrate. Jokalari bat gutxiagorekin, ez genuen gehiegi sufritu ere, nahiko ongi egon ginen.
Larrate Preferenteko taldea da. Maila gehiago duela nabaritu zen?
Hasieran nabaritu zen: oso indartsu hasi ziren. Baina genuena bider bi eman genuen, bereziki bat gutxiagorekin geundenean, eta atera genuen. Kopan Doneztebe, Zirauki, Irunberri... maila handiagoko taldeak izan genituen aurkari, eta atera genituen.
Finala luzapenean erabakiko zela zirudienean, deskontuan sartu zuen garaipenaren gola atzera ere Jon Erdoziak. 1-2, garaipena, eta kopa Etxarrirendako. Zer sentitzen da une horretan?
Denetatik: emozio handia, poza... Bukaera aldera nahiko nekatuta geunden, baina beraiek baita ere. Eta irabaztea eta kopa etxera ekartzea... hori ez zaigu sekula ahaztuko.
Kapitainak jasotzen du trofeoa, eta une horretan zu izan zinen protagonista. Urduri zeunden?
Urduri baino, sentsazioekin. Oso arraro. Nik futbolean halako sentsaziorik ez dut sekula bizi. Partida garrantzitsuak egon dira, baina finala sekulakoa izan zen, nire futbol ibilbideko momenturik bereziena, zalantzarik gabe. Funesen etxarriar asko zeuden: gazte kuadrillak, familiak, haurrak... Gainera kamerak zeuden, elkarrizketak, partida zuzenean eskaini zuen Nafarroako Futbol Federazioak Youtuben... zoramena izan zen.
"Orain ligan zentratu beharra dugu, eta igoera fasera dinamika onean iritsi"
Eta bueltan harrera beroa Etxarri Aranatzen. Pankartak, plazako harrera, eta iturria protagonista.
Lehen iturrira sartzen omen ziren igoera bat edo ospakizun bat zegoenean, eta hala egin nahi izan genuen, baina gutxi sartu ziren (kar-kar). Festak zirela zirudien, sekulako parranda egon zen Etxarrin ordu txikiak arte. Oso egun polita pasatu genuen.
Kopa non dago?
Lehenengo egunean kopa etxera eraman nuen. Apirilaren 21ean ligako partida jokatu genuen Baztanen kontra Etxarrin. Baztanekoek eta Etxarriko harrobiko talde guztiek ohorezko pasilloa egin ziguten; oso polita izan zen. Guztiei eskerrak eman genizkien, eta kopa klubeko egoitzan geratu zen. Eta ez da bertatik mugituko.
35 urte beteko dituzu aurten. Erretiroa gertu ikusten duzu?
Gure taldea oso gaztea da. Gehienek 17-19 urte dituzte, eta gero lauzpabost beterano gaude, ni beteranoena. Momentuz ongi nago, sasoi onean, baina erretiroa gertuago dagoela ikusten dut. Pena ematen dit, baina... Aurten utzi behar nuela esan nuen, baina kopako kontu honekin ez dakit ba... Superkopa hori jokatu beharko dugu (kar-kar).
Izan ere, kopa irabazi izanagatik hirugarren mailara igo gabe geratu den taldearen kontra jokatuko duzue, eta partida hori irabazten duenak 2025/2026ko Errege Kopan jokatzeko txartela lortuko du. Etxarri Errege Kopan, historikoa litzateke!
Bai, ezta? Partida hori datorren denboraldian jokatuko da, data arraroan, abuztuan. Kopa irabazi izanak ilusioa ematen digu partida hori gogoz jokatzeko. Ilusio handia. Hor gaude, gertu-gertu...
Aurretik, liga ongi bukatu beharra duzue.
Joseba Bakaikoa entrenatzaileak esan digu koparena ez zaigula sekula ahaztu behar, baina pixka bat albo batera utzi behar dugula, ligan zentratzeko. Izan ere, helburu nagusia preferentera igotzea da. Nik taldea ongi ikusten dut, borrokatzeko prest. Baikor gaude. Gainera, kopak indar asko eman digu. Ea igoera fasera dinamika onean heltzen garen eta igoera lortzen dugun.