Pilota

Joanes Bakaikoa, finalerdietan

Guaixe 2025ko mai. 2a, 07:56

Joanes Bakaikoak Igoa izan zuen botillero. Ikusgarri aritu zen. BAIKO

Aurrelari etxarriarra erraz gailendu zitzaion Julen Egigureni, 16 tantoko takadaz

Joanes Bakaikoa Baikoko aurrelari etxarriarrak Buruz Buruko B Serietako finalerdietan egoteko txartela lortu du, maiatzaren 1ean Tolosako Beotibarren Julen Egigureni erraz irabazi eta gero.

Partida estua eta gogorra espero zen. Egiguren hobeki hasi zen, erasokor eta txisparekin. 6-9 aurreratu zen, baina hori izan zen bere azkeneko tantoa, hortik aurrera etxarriarrak bolada ikusgarria izan zuelako. 16 tantoko takadarekin, Bakaikoak Egiguren jokoz kanpo utzi zuen. Sakea eta bigarren kolpea izan zituen bidaide, eta ez zen bere helburutik atera. 38:26 minutu iraun zuen partidan, 195 pilotakada gurutzatu ziren eta Joanes Bakaikoa 22-9 gailendu zitzaion Egigureni. 

Maiatzaren 16an Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko diren finalerdietan, Joanes Bakaikoak Iraitz Zubizarreta izango du aurkari. Beste finalerdia Aldabek eta Agirreren eta Salaberriaren arteko irabazleak jokatuko dute.