Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko pilota selekzioek jokatutako GRABNI txapelketa Nafarroako selekzioak irabazi zuen maiatzeko lehen asteburuan, bi modalitateetan, ezker paretako frontoian eta trinketean, bigarren urtez jarraian gailenduz. Frontoiko 28 finaletatik 18 irabazi zituen Nafarroak, eta trinketeko 10 finaletatik 5. Beraz, txapeldun bikoitza da. Bi etxarriar lehiatu dira GRABNI-an: Aaron Arbizu pilotaria eta Maialen Larraza palista.
Arbizu, pena pixka batekin
Aaron Arbizu senior mailako gizonezkoen binakakoan lehiatu da. "Ligaxkan bi partida jokatu nituen, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kontrakoak. Gipuzkoaren kontrakoa oso partida gogorra izan zen. 22-21 irabazi genuen. Bizkaiaren kontrakoa ere borrokatua izan zen; 22-17 gailendu ginen". Arabaren eta Errioxaren kontrako lehiak Alduntzinek eta Antton Apezetxeak jokatu zituzten. Gipuzkoaren kontrako finala Arbizuk eta Canabalek jokatu zuten. Ligaxkan bezala, oso estu joan zen lehia. "Aurretik jarri zitzaizkigun, 20-13, eta pixka bat berandu erantzun genuen. 22-18 galdu genuen, pena".

Larraza, harro
Maialen Larraza bigarrenez lehiatu da GRABNI-an, juniorren binakako paleta goma modalitatean. Bi urte hauetan Espinaleko Elaia Zabalzarekin osatu du bikotea. "Iaz ligaxkako partida guztiak jokatu genituen, eta guztiak irabazi, baina Bizkaiaren kontrako finalean erori ginen" gogoratu du. Aurten, ligaxkako partida guztiak irabazita iritsi ziren finalera baita ere, eta finalean arerioa berdina zen: Bizkaia. "Horregatik beldur edo errespetu pixka bat genuen finalari begira. Ez zen iazko bikote berdina, aurtengoak Inunciaga eta Uxue ziren".
Finala oso estua izan zen, maila handikoa. "Oso parekatua izan zen; atzetik joaten ginen, baina oso berdinduta. 20. tantoan lau tanto segidan egin genituen, eta hor erabaki zen finala". Azkenean, 30-24 gailendu ziren nafarrak. "Gure finala irabazterakoan oso harro sentitu nintzen, eta baita Nafarroak selekzio gisa bai trinketean eta bai frontoian irabazi zuela jakin genuenean. Oso berezia izan zen".
