"Lege arrunta aplikatuz presoen auzia buka daiteke"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko maiatzaren 19a

Sareko kideak ekimenaren berri ematen. Eskuinetik lehena Mikel Mundiñano Larraza. UTZITAKOA

Sarek antolatutako Puzzlea osatu arte ekimena Euskal Herriko 29 herritatik pasa da asteburuan, tartean da Etxarri Aranatz. Mikel Mundiñano Larraza etxarriarra Sareko kidea da.

Sareren ustez, espetxetako salbuespen politikaren bidez hainbat eta hainbat presori oraindik etxerako bide hori oztopatzen zaie. Ekimen ibiltari baten bidez horren berri emanen dute.

Puzzle bat osatu beharra ikusi du Sarek, zein puzzle?
Konponbidearen puzzlea. Oraindik hainbat dira, salbuespen legeak medio, etxerako bidean oztopoak dituzten euskal presoak. Aldi berean, deportatu eta iheslarien auziari edota biktima guztiek merezi duten aitortzari dagokionean ere badaude behin betiko itxi beharreko hainbat hainbat korapilo. Zentzu horretan dator asteburuko ekimena. Herri honetan bizi izan dugun gatazkaren ondorioen konponbidearen logikan, biolentzia ezberdinen biktimak merezita duten egia eta aitortzarekin batera, eskatzen ari gara euskal presoei legea aplikatzea. Urteetan zehar luzatu den eta egun oraindik sufrimendua eragiten duen euskal presoen auziarekin bukatzeko baldintzak daude. Hori lege arrunta aplikatuz egin daiteke. Modu horretan, gainera, etorkizunari begira jar gaitezke, eta elkarbizitzan ere ekarpenak egiteko aukera ematen digutelako. Herri honetan eman den gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidea behar bat da gure herriarendako, Etxarrirendako, Sakanarendako eta Euskal Herriarendako.

Konponbiderako puzzle zatiak aipatutakoak dira?
Bai. Puzzle zati horien guztien baturak eraman behar digu elkarbizitzarako, bakerako eta konponbiderako agertokira. Horretarako, bai presoen auzia bai biktimen aitortza beharrezkoak dira.

Zergatik daude egoera horretan?
Oraindik gatazka honek utzi dituen ondorioak konponbidean ez direlako jarri. Horretarako aski da salbuespen legedia indargabetzea eta lege arruntaren bidez preso guzti horiek etxerako bidean jartzea. Ez da inongo pribilegiorik. Baldintzak betetzen dituzten kasuetan, espetxe eta gizarteratze politikek preso guztiei zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ematen diete. Euskal presoen kasuan salbuespen politika horrek ez du hori ahalbidetzen.

Zenbat daude egoera horretan?
Lege arrunta aplikatuko balitz, momentu honetan %100a ia kalea zapaltzen egongo litzateke, modu batean edo bestean. Horrek esan nahi du zigorra betetzen jarraitu luketela, baina kalean. Hori ez ahaztu. Espetxe politikak birgizarteratzeko hainbat aukera ditu eta erdi-askatasunean edo hainbat baldintzatan kalea zapaldu eta, beraz, zigorra betetzeko aukera ematen du. Momentu honetan motibazio politikoko 132 presoetatik 116 dira presoen kolektibokoak. Eta horietatik erdia gutxi gorabehera kalea zapaltzen ari da, 3. graduaren edo 100.2 artikuluaren (astegunetan lanera ateratzen da presoa) bitartez. Baina oraindik 57 preso 2. graduan daude. Ez daukate aukerarik kalea zapaltzeko.


Ekimenak geldialdia egin zuen Etxarri Aranatzen. AHOTSA.INFO

Ekimenak Etxarrin geldialdia egin du. Nolakoa izan zen?
57 preso eta 29 herri biltzen duen ekimen bat da. Furgoneta bat herriz herri ibili da, guztietan geldialdia eginez. Herrietakoak 15 minutuko ekitaldi laburrak izan dira. Herri bakoitzean presoen errealitatea azaleratu da. Eta aldarrikatu da benetan puzzle zati hori beharrezkoa dugula konponbidearen puzzle oso hori osatu ahal izateko.

Zein da Etxarri Aranazko argazkia?
Lau euskal preso daude. Horietatik bi erregimen irekian, 3. graduan, ari dira beraien zigorra betetzen. Haietako batek kontrol telematikoa du eta ez du espetxera itzuli beharrik. Bestea astelehenetik ostegunera lo egitera espetxera doa eta asteburua etxean ematen du. Eta beste biak 2. graduan, erregimen itxian daude. Unai Parot Navarro Zaballako espetxean dago. 35 urte eramaten ditu espetxean, bere garaian asmatu zitzaion trikimailu judizial baten bidez jarri zioten zigorra nolabait luzarazi zioten. Juan Ramon Karasatorre Aldaz Iruñeko espetxean dago. 13 urte egin zituen estatu frantseseko espetxeetan. Auzitegi Nazionalean ebatzi zenak Frantzian betetako urte guzti horiek onartzea dakar. Horren zain gaude. Biek baldintzak betetzen dituzte kalean egoteko.

Zer aurreikuspen ditu Sarek?
Gatazka honek utzi dituen ondorioen konponbide oso bati ekiteko baldintza badaude. Espetxeetako auziari irtenbidea emateko lege arrunta aplikatzea besterik ez dago. Eskubidea dute, inongo pribilegiorik gabe. Aldi berean, herri honetan egon diren biolentzia guztien biktimek merezi duten aitortza eta egia egin beharko genuke. Horretan badaukagu oraindik zer egitekoa. Guztien eskuetan dago. Garrantzitsua da momentu honetan eremu politikoan gatazkaren konponbidearen inguruan eman beharreko adostasunak eta akordioak. Eremu judizialean abokatuek egin behar duten lan izugarri hori: salbuespen hori indargabetu eta presoek legea arrunta aplikatuz etxerako bidean jartzeko. Eta gizartearen aktibazioa. Herri honek badu behar bat honi konponbide bat emateko. Honi konponbidea emanda, herri honek etorkizunari begiratu ahalko dio parez pare, atzean utzi dezakegulako urtetako gatazka honek utzi duen sufrimendua. Gure ametsa da presorik, iheslaririk eta deportaturik gabeko, eta biktima guztiak aitortuak izango diren herri bateko parte izatea.