"Abesbatza Txikiarendako horrelako ikuskizun bat prestatzea erabat berria izan den erronka bat izan da". Irati Morentin Etxarri Aranazko Abesbatza Txikiaren zuzendaria da. Lehendabiziko aldiz ipuin musikatu baten emanaldia eginen dute: Josu Elberdinen Jostailugilea. "Narrazioaren, antzerkiaren, musikaren eta ahotsen bidez jostailugile baten istorioa kontatzen du". Maiatzaren 25ean, igandea, 17:30ean, Lakuntzako kultur etxean mustuko dute ikuskizuna.
Arbizuko eta Etxarri Aranazko 6 eta 14 urte bitarteko hamasei haur eta gaztek osatzen dute aurten Etxarri Aranazko Abesbatza Txikia, bi kide berri dituela azaldu du Morentinek. "Aldatzeagatik" aurten zerbait berezia prestatzea erabaki zuten: "Beti egiten genituen kontzertuak abestu ordu eta erdi gutxi gorabehera eta listo. Hasi ginen pentsatzen zer egin genezakeen, partiturak begiratzen, eta Josu Elberdin konpositorearen ipuin musikatuak aurkitu genituen". Konpositoreak kororako "asko" konposatzen duela esan du Morentinek, baita ipuin musikatu asko sortu dituela ere. "Jostailugilea aukeratu genuen Interneten bazirelako abestien ereduak entzuteko aukera, eta ikaste prozesua errazagoa da horrela". Abesbatzak "ez duela inoiz" horrelako zerbait egin nabarmendu du zuzendariak: "Hor ibili gara: abestiak ikasi, pixka bat antzeztu...".
Abesbatza Txikiko kideek "pozik eta ongi" hartu dute ipuin musikatua egitearen erronka. "Oso kontentu daude, kanta eta kanta artean arropa aldatu behar dute, txanoa jarri... Beraiendako hori mundiala da. Entseguetara iristen direnean galdetzen dute ea mozorrotuko diren".
"Abesti guztiak ikasi ditugu, ez dira asko, baina ez genituen ezagutzen, eta eskerrak Interneten bazirela". Partiturak istorioa gidatzen duen narratzaile bat proposatzen du, eta tartean abestiak sartzen dira, eta zuzendariek antzezlan "pixka bat" sartu diote. "Bi narratzaile egongo dira eta istorioa kontatzen joango dira. Orduan, jostailugilea agertuko da, arazo batzuk izango ditu, eta jende desberdinarekin elkartzen joango da arazo horiek konpontzeko". Antzezlana "xumea" dela esan du Morentinek, baina ilusioarekin hartu dute proiektua. "Beraiek pozik ikusten ditugu, eta horrekin nahikoa. Zerbait desberdina eta berezia izango da".
Elkartasun kontzertua
Etxarri Aranazko Abesbatzak ere emanaldi berezia izan zuen Barañaingo Auditorioan maiatzaren 18an, igandea, Proclade Yanapay Fundazioak antolatutako Zinema bidaia bat gala solidarioan. Abesbatzaz gain Marcos Vicentek zuzendutako musikari boluntarioek osatutako orkestra batek jo zuen ere ere. Irabaziak Indiako Bangalore hiriko desgaintasunen bat duten haurrendako funtsendako izango dira.
Abesbatzan zuzendari aldaketa izan dute; Alicia Armendarizek eszedentzia hartu du eta Itsaso Loinaz musikariak hartu du abesbatzaren zuzendaritza. "Abeslari lirikoa da, sopranoa, musika irakaslea, eta operetan abesten du ere". Haren bidez parte hartuko dute elkartasun kontzertuan: "Gala antolatzen ibiltzen da eta proposatu zien abesbatza batek parte hartzea, eta gu animatu ginen". Iruñerrira itzultzeko "aitzakia" dela esan du Morentinek. Aldaketa guztiak "gorabeheratsuak" direla esan du abesbatzako kideak, "egokitu arte aste arraroak izan ziren, baina behin ezagututa, aurrera".
Proclade Yanapay Fundazioaren galan orkestrak hainbat abesti jo zituen eta orkestrak eta abesbatzak batera beste batzuk. Abesbatzaren kasuan The Lord of the Rings, Como entrenar a tu dragón eta Gladiator filmetako abestiak interpretatu zituzten. "Aldi berean ekainaren 8an Etxarri Aranatzen udaberrian urtero ematen dugun kontzertua prestatzen egon gara; aurreko ostiralean egin genuen lehenengo entsegua orkestrarekin". Orkestra batekin jotzea berezia izaten dela gaineratu du Morentinek. Kasu honetan, boluntarioak dira: "Badago jendea musikaz asko dakiena, beste batzuk zaleak dira...".