Pilota

Joanes Bakaikoak Buruz Buruko B Serietako final handia jokatuko du

Guaixe 2025eko maiatzaren 19a

Joanes Bakaikoa, pozik. EITB

Zubizarreta gaindituta iritsi da etxarriarra finalera. Agirre izango du aurkari maiatzaren 24an, Labriten

Joanes Bakaikoa etxarriarra bolada ezin hobean dago. 2024. urtean Lau eta Erdiko B Serietako txapela irabazi eta gero, Binakako Txapelketan ez zuen parte hartu, baina Buruz Buruko B Serietako Txapelketa bikain prestatzeko probestu zuen, eta txapelketa ikusgarria egin du, final handirako sailkatu baita.

Maiatzaren 16an Azkoitian jokatutako finalerdietan 22-10 hartu zuen mendean Zubizarreta III.a, partida ikusgarrian. Aurrelari etxarriarrak ez zuen pilota bat bera ere galdu, eta 16 tanto egin zituen. Zubizarretak, aldiz, 10 tanto egin zituen, eta 6 pilota galdu. 

Bakaikoak Agirre izango du aurkari maiatzaren 24an Labriten jokatuko duten final handian. Agirrek 4 tantotan utzi zuen Aldabe finalerdian, ikusgarri arituz, eta arerio latza izango da Joanes Bakaikoarendako. Etxarriarrak ofizioa eta esperientzia ditu alde, bere palmaresean Buruz Buruko bi txapela baititu, 2018an eta 2023an lortutakoak, eta 2017an txapeldunordea izan zen. Horretaz gain, Lau eta Erdiko hiru txapela ditu: 2018koa, 2021ekoa, eta 2024koa. Bere palmares ederrari beste txapela bat gehitzeko prest dago etxarriarra. 

Agirre bere arerioak Binakako hiru txapel dauzka (2018, 2020 eta 2024), 2017an Lau eta Erdiko txapela irabazi zuen, eta 2024an Buruz Buruko txapeldunordea izan zen. Hirukoa osatzeko falta zaion Buruz Buruko txapela lortu nahi du, eta txinpartaz betetako partida espero da Labriten.