Joanes Bakaikoak Buruz Buruko B Serietako Txapelketa bikaina egin du. Ostiralean Azkoitian jokatutako finalerdia 22-10 hartu zuen mendean Zubizarreta III.a, lehia ikusgarrian. Bakaikoak ez zuen pilota bat bera galdu, eta 16 tanto egin zituen. Maiatzaren 24an, Labriten, final handia jokatuko du Asier Agirreren kontra, 17:30ean hasiko den jaialdian.
Agirrek 4 tantotan utzi zuen Aldabe finalerdian, eta arerio latza izango da aurrelari etxarriarrarendako. Bakaikoak ofizioa eta esperientzia ditu alde, bere palmaresean Buruz Buruko bi txapela baititu (2018, 2023), eta 2017an txapeldunordea izan zen. Horretaz gain, Lau eta Erdiko hiru txapela ditu (2018, 2021 eta 2024). Agirrek Binakako hiru txapel dauzka (2018, 2020 eta 2024), 2017an Lau eta Erdiko txapela irabazi zuen, eta 2024an Buruz Buruko txapeldunordea izan zen. Beraz, txinpartaz betetako partida espero da Labriten.
Buruz Buruko ikusgarria egin duzu.
Txapelketa ona, bai. Lizeagaren kontrako lehen partidan ongi aritu nintzen, baina Aldaberen kontrako bigarren partidan ez nintzen horren eroso sentitu. Handik aurrera, ordea, nire burua txisparekin ikusi dut eta Egigurenen kontra eta Zubizarretaren kontrako finalerdian sentsazio onak izan nituen eta neure burua bizi ikusi nuen.
Agirreren kontrako finala oso estua espero da.
Finala oso gogorra izango da. Asier pilotari gogorra da, pilotari osoa. Pazientzia handia izan beharko dut beraren kontra jokatzeko, eta partidan zentratuta egon beharko naiz, bera pilotari gogorra delako, partidari eusten dion horietakoa. Beraz, partidan zentratuta egon beharko naiz uneoro.
Finalean giro ikusgarria egongo da Labriten.
Beti egoten da, eta bi pilotariak nafarrak izanda, are gehiago. Nik uste sekulako giroa egongo dela, festa giro ikaragarria. Beraz, biak ongi kontzentratuta egon beharko gara, distrakziotan ez erortzeko, egongo den burrunba ikaragarria izango baita.
Atzera ere Josu Igoa etxarriarra eramango duzu botillero?
Azken bi urteetan Igoa eraman izan dut botillero. Oso gustura nabil Josurekin, ziurtasun handia transmititzen didalako eta konfiantza handia dugulako, baina bera ere pilotari fina da eta partida dauka larunbatean; beraz, ezin izango du etorri. Ea zorte handia duen. Nik oraindik ez dakit ziur nor eramango dudan baina edonor dela, ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara.
Buruz Buruko zure laugarren finala duzu jokoan. Hirugarren txapela litzatekeena lortzeko gogotsu egongo zara, ezta?
Hau laugarren finala da Buruz Burukoan, baina orokorrean zortzigarrena da, eta oso pozik nago. Datu politak dira hauek, baina unean uneko momentuak bizitzea da garrantzitsuena, eta horretara joango naiz, momentu hau bizitzera. Ea finala ongi ateratzen den.