Odol emaileen topaketa

Guaixe 2025eko maiatzaren 27a

Etxarri Aranazko odol emaileendako auzate ederra izan zen.

Bost aitortza egin ziren. Eta odol emaile berriak egiteko deia luzatu zen.

Maiatzaren 9an eta 16an odola emateko hitzorduak pasa ondoren, Etxarri Aranazko odol emaileek beste hitzordu bat izan zuten maiatzaren 18an: herriko odol emaileen topaketa. Jubilatu elkartean egin zen. Adonako diruzain Salvador Apezetxea Zabaleta lekunberriarra eta Juan Jose Calvo De La Fuente bokal ziordiarra izan ziren ekitaldian elkartea ordezkatu zutenak. Egindako odol emateak eskertu eta etxarriarrak odol emaile egitera animatzeko eskaera egin zuten. 

Ekitaldian aipamena egin zieten 50 alditan odola eman dutenei: Jose Antonio Senar Elso lizerratarra, Margarita Jaka Garmendia, Isidro Luis Tabar etxarriarrak eta Mª Carmen Lopez Galartza bakaikuarra. Haiek Iruñeko Baluarten apirilaren 6an egindako ekitaldian jaso zuten urrezko domina. Odola 25etan emateagatik zilarrezko domina jaso zuen ekitaldian egon ezin izan zuen Arturo Carreño Mundiñanok. Aitortzen ondoren auzatea izan zen. 

Etxarri Aranatzen 150 odol emaile zeuden 2024an, haietatik bost berriak ziren. Haietatik 113k (%75,33) eman zuten odola, aurreko ustean baino bederatzi gehiagok. Guztira 241 odol emate egin zituzten, aurreko urtean baino 50 gehiago. Egindako odol emateetatik 212 Etxarri Aranatzen bertan egin ziren eta 45 beste herriren batean. 19 odol emate atzera bota behar izan zituzten.