Pilota

Joanes Bakaikoak promesen hirugarren Buruz Buruko txapela lortu du

Guaixe 2025eko maiatzaren 26a

Joanes Bakaikoak pozik jantzi zuen Buruz Buruko B Serietako txapela, buruz buruko bere hirugarrena. UTZITAKOA

Aurrelari etxarriarrak 15 tantotan utzi zuen Asier Agirre, Labriten jokatutako final handian

B Serietako Buruz Buruko finala larunbatean jokatu zen, Labrit lepora betea zela. Joanes Bakaikoa etxarriarrak arerio latza zuen, Asier Agirre aspaldiko ezaguna, eta batek zein besteak bere zaleak zituen alde, animatzeko prest. 

Joanes Bakaikoak ezin hobe planteatu zuen partida. Oso kontzentratuta, ez zen partidatik atera. Lehen tanto gogorren ondoren, errenta ateratzen hasi zen: 2-8. Sakea ongi baliatu zuen –guztira 7 tanto egin zituen sakez– eta gutxika Asier Agirre desmuntatzen hasi zien. Erritmo eta abiadura handiko partida izan zen, eta Agirrek ezin izan zion hasierako 2-8 horri buelta eman. 5-9tik 5-13ra joan zen Bakaikoa, gero 7-14 jarri zen, eta nahiz eta Agirre 14-16ra gerturatu, etxarriarra ez zen urduritu, ez zuen ezer oparitu, eta azken hiru sake-errematei esker, 15-22 irabazi zuen Joanes Bakaikoak, B serietako Buruz Buruko bere hirugarren txapela lortuz. 

Guztira 347 pilotakada gurutzatu zituzten ordu bat eta zortzi minutu iraun zuen partidan. Bakaikoak 15 tanto egin zituen eta 6 galdu, eta Agirrek 9 tanto egin zituen eta 7 galdu. Beraz, antzeko akatsak egin zituzten; aldea Bakaikoaren sakeetan eta egindako tantoetan egon zen. 

Buruz buruko hiru txapel horiei lau eta erdian dituen beste hiru txapela gehitu behar dizkio Joanes Bakaikoak. Pilotari fina, ona eta handia da etxarriarra. Datorren urtean lehen mailako Buruz Burukoan parte hartzeko eskubidea lortu du, merezimenduz.