Seigarren txapela, eta segi aurrera

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 3a, 13:00

Makina bat etxarriar hurbildu ziren Labritera Joanes Bakaikoa animatzera. UTZITAKOA

Joanes Bakaikoak B Serietako Buruz Buruko bere hirugarren txapela lortu zuen larunbatean Labriten, Asier Agirreri 15-22 irabazita. Horiei lau eta erdian dituen beste hirurak gehitu behar zaizkio. Etxarriarra denboraldi ikaragarria egiten ari da

B Serietako Buruz Buruko finalean ikusgarri aritu zen Joanes Bakaikoa Satrustegi pilotari etxarriarra. Baikoko aurrelariak bere enpresako Asier Agirre izan zuen aurkari, eta hasieratik ateratako aldea ezin hobeki kudeatu zuen, bere hirugarren Buruz Buruko promesen txapela lortuaz, 2018 eta 2023koaren atzetik. "Oso pozik nago, sekulako ilusioa egin dit" aitortu du Bakaikoak. 

Gakoak
Hasiera bikaina egin zuen etxarriarrak, 2-8 aurreratuta. Finalaren gakoetako bat izan zen, hortik aurrera Agirrek beti atzetik ibili behar izan zuelako. "Maila handia du, eta banekien berari eroso jokatzen uzten banion eskuinarekin min handia egingo zidala. Hori ekiditen saiatu nintzen, eta uste dut bere jokoa baliogabetzen jakin nuela. Gainera, tanto luze eta gogor batzuk jokatu genituen, eta banago pixka bat bete zela. Agian berak eskuinarekin gehiago luzatzen zuen pilota, baina nik eutsi nion, jokoan iniziatiba hartu nuen, eta bera defentsan jarrarazi nuen. Hori ere gakoa izan zen. Gero, partida erdian hurbildu zitzaidan (14-16) eta mina egin zidan, baina bukaeran nire jokoa egin ahal nuen, eta 22ra iristea lortu nuen". 

Bakaikoa guztiz kontzentratuta egon zen, ez zen partidatik atera. "Nire helburua izan zen partida guztian zentratuta mantentzea. Kontziente nintzen momentu txarrak iritsiko zirela, partida erdian gertatu zena, eta une txar horietan burua hotz mantentzea zela gakoa. Eta uste dut mantendu nuela". 

Josu Igoa etxarriarra da bere botilleroa, baina pilota partida zuenez, bere fisikoko entrenatzaileak, Ruben Ayerrak, hartu zuen bere tokia. "Konfiantza handia dugu. Esan nion edozer gauza esateko, ona edo txarra, beldurrik gabe. Eta oso ongi". 

Labrit bete zuten zaleen artean etxarriar ugari zeuden. "Tantoz tanto euren animo oihuak nabaritzen nituen, eta asko eskertzen diet". Ondoren, "behar den moduan" ospatu zuen txapela. "Labriten jokatzea baino leku hoberik ez dago gero ospatzeko, bertan zaudelako, Iruñeko Alde Zaharrean. Hor ibili ginen presarik gabe, gustura". 

Hobetzen
B Serietako 2025eko Buruz Buruko txapela irabaztearekin batera, datorren urtean maila nagusiko Buruz Burukoan jokatzeko txartela lortu du Bakaikoak. "Bai, eta kontentu, baina geroz eta gehiago uste dut norberak egunerokoan % 100 eman behar duela, eta bereziki horregatik oso pozik nago, uste dudalako hobetzen ari naizela; horretan jarraituko dut, ongi entrenatzen, eta dudan guztia ematen. Egia da txapelketak irabazteak poza ematen dizula, baina azken hau irabaziko ez banu ere, ni pozik egongo nintzateke egiten ari naizen denboraldiarekin". Eta ez da gutxiagorako. 2024an lau eta erdikoa irabazi zuen, eta 2025ean Buruz Burukoa. Sei ditu guztira, hiru Buruz Buruko, eta beste horrenbeste lau eta erdiko. 

Soilik binakako txapela falta du hiruko koroa lortzeko. Aurten, lau eta erdikoa irabazi berritan, enpresak ez zuen binakakorako hautatu, katedraren sorpresarako. "Enpresaren erabakia izan zen, eta errespetatzen dut. Bakoitzak bere esku dagoena ahalik eta hobekien egin behar du, eta horretan zentratzen naiz ni. Binakakoarena ez zegoen nire esku, eta horri ez dago bueltarik ematerik". 

Udako torneoetarako gogotsu
Txapelketa ofizialak despedituta, udako torneoak datoz. "Gustuko ditut. Beste mota bateko tentsioa egoten da, askoz ere lasaiagoa. Partida kopuru aldetik, udan gehiago jokatzen ditugu, baina politak dira, disfrutatzekoak". 

Bizkaia torneoan Sollube taldeko buruz buruko pilotaria da. "Txapelketa berezia da, taldeka jokatzen dena, 10 tantoko bi set-etan". Udako lehendabiziko torneo garrantzitsuena sanferminetakoa da. "Nafar guztiondako berezia da sanferminetan aritzea. Ahalik eta hobekien jokatzen saiatzen gara, baina, horretaz aparte, Labriten dagoen giro berezi hori barneratzen saiatzen naiz. Berezia da sanferminetan jokatzea, bizitza guztirako oroitzapen polita".