UPNk presoen aldeko eta Guardia Civilaren kontrako kartel eta pintaden kontra

Guaixe 2025eko maiatzaren 29a

UPNek salatutako muraletako bat. UTZITAKOA

Gutxienez herriko hiru lekutan daudela salatu dute eta epaitegian helegitea jarri du.

UPNk Nafarroako Administrazio Tribunalera jo du Etxarri Aranatzen ETAko presoen aldeko kartelak eta pintadak daudelako, baita Guardia Civilaren kontrakoa edo independentziaren eta sozialismoaren aldekoak ere. Erregionalistek salatu dutenez, elementu horiek gutxienez udalaren jabetzako hiru tokitan daude: frontoian (ETAko presoen amnistiaren aldeko eta Guardia Civilaren kontrako pintadak), liburutegiaren alboko fatxadan (ETAko presoak itzultzearen, independentzia eta sozialismoa aldeko pintadak) eta udaletxeko estalopean dagoen udalaren iragarki-oholetik metro bat pasatxora (ETAko presoen aldeko kartelak daude).

Erregionalistek adierazi dutenez, udal eraikinetan pintada horiek egitea edo lelo horiek dituzten kartelak jartzeko baimena ematea, bereziki toki non herriko haur eta gazte guztiak jolastera doazen, "Konstituzioak ezarritako objektibotasun eta neutraltasun printzipioen kontra egiten du, herritarrei mezu politikoa helarazten baitzaie udal baliabideak erabiliz". 

UPNrendako, "legearen kontrako jarduketaz aparte, ETAko presoen aldeko sinbologia hori "anomalia demokratikoa da edozein leku zibilizatutan, non baimentzen den eraikin publiko batean Legearen, segurtasun kidegoen eta indarren eta ordezkari publikoen kontra atentatu dutenen askatasuna eskatzen duten kartelak jartzea".

UPNk gogorarazi du Juan Frommknecht Etxarri Aranatzeko zinegotziak bi aldiz eskatu duela osoko bilkuran pintaketak ezabatzeko, eta beti erantzun gisa isiltasuna jaso duela. Erregionalistek adierazi dutenez, "garaia da haur bakar batek ere ez dezan ikusi inongo herritan heroi gisa delitu horiek egin zituztenak. Bada garaia paisaia Nafarroako herri guztien gorrototik ezabatzeko. Bada garaia anormaltasun horiei garrantzia emateko, eta bada garaia hiri-paisaia normalizatzeko. Biktimen eta haien familien memoria errespetatzeko garaia da, eta publikoa ez erabiltzekoa, goratu behar ez liratekeenen oroitzapena inola ere goratzeko", ondorioztatu dute.