"Bizi behar den esperientzia bat da. Dragon Khan bat bezala dela esaten dugu; errusiar mendi bat. Negar egiteko, barre egiteko...". Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioaren Julene Illarramendiren deskribapena da. Illarramendi Iñurri elkarteko sortzailetako bat da, Miren Cuerdorekin batera; bertso saioa maiatzaren 30ean Etxarri Aranazko kultur etxean izan zen Alaia Martin, Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena eta Oihana Iguaran bertsolariekin; gai jartzailea Amaia Agirre izanen da.
Iñurri elkartea
Iñurri elkarteak "minbiziaren ikuspegi feminista, eraldatzaile eta transformatzaile bat" ematen duen elkartea dela azaldu du Illarramendik. Bere ama minbizi metastasikoarekin hil zen duela zazpi urte, minbizia hamar urtez izan ondoren: "Ni harrapatu ninduen hamar urte neuzkanetik hogei urte neuzkanera". "Tribu baten beharra" nabaritu zuen, "momentuan ez nekien zer behar nuen, baina galduta sentitu nintzen". Ama hil eta bi urtetara Instagram kontua sortu zuen "pixka bat istorioa kontatzeko" eta Miren Cuerda, herrikidea, batu zitzaion. "Nahigabean hasi ginen, ez genekielako zer bide hartu, baina polikipoliki oraingo Iñurri sortu genuen". Batez ere elkarteak akonpainamendua egiten du, "minbizia duten pertsona oro, baita minbiziaren inguruan ari diren guztiak ere".
"Elkarte txikia da, orain ez hain txikia, baina gertukoak gara; benetako akonpainamendua egiten dugu". Minbizia duen pertsona batek laguntza behar duenean daude. "Kamisetak atera ditugu eta 'Ez badakizu zer esan ekarri kroketak' diote". Bestetik, tabuak "hautsi" eta dibulgazio lana ere egiten du elkarteak. "Batzuetan gaizki jokatzen dugu ez dakigulako nola jokatu ondo. Gauzak ezkutatu dira, eta guk erakusten ditugu: bularrak, gorputz desberdinak... Iruditzen zaigu minbiziaren iruditegia oso markatua dagoela, eta beti ez da horrela". Nola jokatu edo "behintzat" haien ikuspuntua ematen dute.
Osasun publikoaren aldeko lana da elkartearen beste mugarrietako bat: "Inbertsioa eskatzea; inbertsioak bizitza salba dezake, eta hor gaude gauzak hobetu daitezkeela esaten". Tratamenduak badira, baina jaioterriaren edo bizilekuaren arabera "desberdina" izan daitekeela azaldu du Illarramendik: "Tratamendu integrala behar dute; mundu guztiarentzat eskuragarria dena. Horrekin ere borrokan gaude".
Sentitu beharra
"Momentu batean negarrez zaude eta hamar segundotara barrez"
Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatu solidarioa "benetan sentitu behar" dela esan du Illaramendik: "Amaia Agirre da gai jartzailea, baina berarekin batera gaiak minbizia duten pertsonek jartzen dituzte. Orduan, badauka berezitasuna". Proiektuak berak bularreko minbizia, ahotsa eta hitza, feminismoa, bertsolaritza eta umore berriak lantzen ditu. . "Momentu batean negarrez zaude eta hamar segundotara barrez. Marabillak egiten dituzte hitzekin". Musikatua ere bada, Araitz Bizkaik eta Oihana Landa musikariek jartzen dute musika, "eta oso goxoa da".
Emozioz betetako saio bat izango da. "Errealitate bat ere, hankak lurrean jartzeko modu bat". Illaramendik bertsolarien "ausardia" eskertu du ere, "gai askorekiko ikuspuntua ematen dute". Gozatzeko egun bat izango dela gaineratu du.