Andra Mari ikastolan ikasturte hasieran jakin zuten ikasle batek, Alainek, minbizia, leuzemia zuela. Horregatik, ikasturte honetan ezin izan du ikaskideekin klasera joan. Hori dela eta, ikastolak erabaki zuen ikasleekin aniztasuna eta inklusibitatea lantzeko Denok Berdinak, Denok Desberdinak kanpaina minbiziaren errealitatera bideratzea. Kanpainaren bidez "desberdintasunaren aurrean ikasleak errespetuz eta enpatiaz jokatzea du helburu", azaldu du Iñigo Orella Altzuetak, ikastolako zuzendari pedagogikoak. "Azken batean, Ikastolen Pertsona Ereduaren barnean ikasle eraldatzaileak hezi nahi ditugu, humano eta solidarioak direnak".
Orellak azaldu duenez, ikasturtean zehar ikasleek hainbat keinu txiki egin dute Alain, bere arreba eta familia laguntzeko. Esate baterako, ikasturte hasieran Alainen arrebaren kurtsokideek erabaki zuten denak klasera musukoarekin joatea elkartasuna adierazteko. Haur minbiziak suposatzen duen egoeraz ohartzeko eta ikasleak sentsibilizatzeko hainbat jarduera ere egin dituzte, esaterako: aste honetan ikasleak egiten ari diren kilometroak batzen ari dira "bisera ahalik eta hurrunen eramateko", DBHn etxean haur minbizia izan duten ikastolako bi amen testigantza jaso dute, txikienek ipuin baten bitartez gaia landu dute eta Porrotx eta Mari Mototsen mezua jaso dute lasterketan parte har dezaten animatuz.
Urtero moduan, Etxarri Aranazko Euskal Festaren barruan Naparpellet Binakako Lasterketa antolatzen du ikastolak. Igandean 17:00etan izanen da. ikasleek eta helduek binaka edo zortzinaka parte hartuko dute lasterketa solidarioan, denek bisera jantzita elkartasuna adieraziz. Aurten izaera solidarioa izanen du eta bildutako dirua Nafarroan minbizia pairatzen duten haurren familien Adano elkartera bideratuko du. Horregatik, 5 euroa "0 dortsal" solidarioa erosteko aukera izanen dute lasterketan parte hartzen ez dutenek, baina ekarpen ekonomiko txikia egin nahi duten helduek. Lasterketaren bukaeran hainbat sari zozketatuko dira zortziko taldeetan parte hartuko dutenen artean. Bildutako dirua Alainen familiari emanen zaio Nafarroan minbizia pairatzen duten haurren familiak biltzen dituen Adano elkarteari emateko.