Lakuntzako eta Etxarri Aranazko bost lagunek The Chuch Back Boys taldea sortu dute, hau da, elizaren atzeko mutilak. "Bidea pixka bat hasi zen elizaren atzean; bertan denbora asko pasatzen genuen. Julen eta biok talde bat egin nahi genuela hasi ginen esaten, izugarria izango zela, eta egun batetik bestera batekin eta bestearekin hitz egiten hasi ginen", azaldu du Ametz Lizaur taldeko gitarrista eta abeslariak. Hasiera batean Beñat Ganboa bateria joleari esan zioten, ondoren Enaitz Begiristain gitarra jolea hasi zen, baxua jotzen, eta ondoren Urritz Alegre baxu jole bezala sartu zen. Horrela sortu zuten boskotea. Musika proiektua egitaren ideia duela pare bat urte izan zuten, eta aurreko urtean martxan jarri zuten. Dagoeneko zenbait kontzertu eman dituzte, espero ez zuten harrerarekin.
"Kaosa" hitzarekin deskribatu dute The Church Back Boys taldea. "Pixka bat ateratzen dena egiten dugu. Ez dugu erreferentzia zehatzik, eta gainera bakoitzak bere gustuak ditu". Momentuz, bertsioak jotzen dituzte, baina dagoeneko musika propioa sortzen hasi dira, "lau kanta edo grabatzeko nahiarekin hasi gara, baina ikusiko da".
Denetarik
Estilo aldetik "oso dibertsifikatuta" dagoela esan dute taldeko kideek: "Hardcoreta, rock, punk, oi, street punk... Mix bat. Ez dakigu ezta guk; kañeroa". Hori da, hain zuzen, The Church Back Boys beste taldetatik nabarmentzen duena: "Jotzen ditugun kantekin. Talde asko, nolabait esateko, lerro jakin bat batean mugitzen dira. Abesti komertzialagoak jotzen dituzte, modan daudenak, eta gure ustez musika horrela hiltzen da".
"Betidanik egon diren taldeak gogoan ditugu; eszena eraldatzen joan da"
Sakanako taldeen abestiak jotzen dituzte, lekukoa hartu dute: "Bertako taldeak gustatzen zaizkigu: Behin Betiko, Al Karajo... Pena ematen digu musika hori ez egotea". Gazteek ez dute talde horien garaiak bizi, "baina musika iritsi zaigu. Oso txikiak ginela Embajada entzuten oroitzapenak ditugu. Gurasoen historiaren parte dira". Hortaz, Sakanako musika eszena ez dela "inoiz hil" esan dute: "Denborarekin eraldatzen joan da", eta haiek "betidanik egon diren taldeak" gogoan dituzte. "Gure adinako gazteek ez dute horrelako musika jarraitzen". Garai bateko Lakuntzako Ilargi diskotekan "diru gutxigatik" kontzertu onak entzuteko aukera zegoela gogoratu dute, "orain ez dira horrelakoak ikusten, eta pena ematen digu". Lehengo musikak "politikoki ere mugitzen" zuela gaineratu dute: "Jendeak gehiago pentsatzen zuen, oso kontzientziatua zegoen. Gaur egun jendea ez da lerrokatzen. Politika tabu bat bezala da".
The Church Back Boys taldeak sei kontzertu eman ditu: bi Lakuntzan, bi Altsasun eta bat Olatzagutian. "Lakuntzako bigarren azken orduko zerbait izan zen, ez genuen jotzea espero, eta harrigarria izen zen". Lehenengo kontzertua bertan jo zuten, "hiru kanta izan ziren, gaizki prestatuta, eta oso urduri geunden; bueltatzea eta show-a eman behar genuela pentsatu genuen". Harrerarekin "harrituta" gelditu ziren taldekideak. "Oso harrera ona izan genuen".
Ostiral arratsaldetan biltzen dira, "sakratua", Etxarri Aranazko entsegu lokalean, eta ahal badute astean zehar ere biltzen dira. Taldearen helburuak ongi pasatzea, "musika ez hiltzea"; eta Sakanako musika berpiztea eta jarraitzea dira. "Noski, oso ongi egongo zen bira bat egitea...". Sakanatik kanpo kontzertuak eman nahi dituzte.
Momentuz, bi abesti sortu dituzte "eta hirugarren batekin hasi gara". Sortze prozesua "kaotikoa" dela aitortu dute, taldearen izaerarekin jarraituz.
Taldekide gehienak musikaren munduan berriak dira, eta taldean jotzen duten instrumentua bere kabuz ikasi dute. Alegreren kasuan Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan ikasi zuen, eta "izatez txirularia naiz, baina baxu elektrikoa hartu nuen". Begiristainen kasuan saxofoia ikasi zuen, "baina beste musika bat gehiago gustatzen zitzaidan, eta baxua eta gitarra zerotik ikasi nituen". Ganboa ere musika eskolan egon zen, "txikitan" baina utzi zen, "gero bakoitza gure kabuz jotzen hasi ginen, taldea sortu arte".