Sektore bizi bat bermatzeko

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko ekainaren 11

Hiltegiari eutsi zioten harakinen ordezkariak eta abeltzainena.

Kalaska kooperatibak Sakanako elikadura sistema iraunkor eta kolektibo baten balioa azpimarratzen du. Abeltzain txikiei beraien produktuak dibertsifikatzeko aukera ematen die. Bazkideak direnak eta ez direnak erabil ditzakete zerbitzuak

Kalaska kooperatibaren bigarren urteurrena ospatu zen garagarrilaren 1ean. "Ezberdinen artean aurrera egiteko gaitasuna" goraipatu zuen, "bide egokitik aurrera egiteko oinarria jartzen duelako", azaldu zuen aurkezle lanak egin zituen Aritz Ganboa de Migelek. Horregatik, aitortza egin zieten hiltegia bizirik mantendu zuten harakinei eta proiektua aurrera egiten lagundu duten abeltzainei. Guztiek mandar bana jaso zuten. Erakundeetako eta ibarreko ekoizleak biltzen dituen Belardiko ordezkariek kalaska bana jaso zuten opari gisa. 

Urteurren ekitaldian aitortza gehiago izan ziren. Kalaska kooperatiba sustatu duten erakundeetako ordezkariek, Belardi bertako ekoizleen elkartekoak eta bazkideak kalaska bana jaso zuen opari. 

Esanak
Maria Saez de Albeniz Bregaña Etxarri Aranazko alkateak azpimarratu zuenez, "udalak betidanik garrantzia eman dio hiltegiari. Eta bulkada indartsua eman nahi izan diogu hiltegiari zatikatze gela eraikiz. Aurreko legegintzaldian hasitako apustu handia izan da. Horretan segituko dugu, Etxarri eta Sakanarendako oso estrategikoa den proiektua baita". Eskerrak eman zizkien hori posible egin duten eragile eta norbanako guztiei.

Aitor Larraza Carrerak, Sakanako Garapen Agentziako buru gisa, esan zuenez, "erakundeetatik askotan matraka handia ematen dugu Sakanako Estrategia Planarekin. Kalaska horren oso adibide ona da". Larrazak azaldu zuenez, "Kalaskak bi zutabe ditu: ekonomia garapena eta elikadura". Nabarmendu zuenez, "kooperatibak erakutsi du zeharkako modu batean lan egitean, kasu honetan, abeltzainak eta erakundeak, gauzak aurrera ateratzen direla". Abeltzainek proiektuan jokatutako papera nabarmendu zuen Larrazak, "haiek gabe honek ez baitzuen zentzurik izanen". Nabarmendu zuenez, "garrantzitsua da zerbitzu publikoak bertan eta eskuragarri izatea. Proiektu honekin gaur egun arazo handiak dituen zerbitzu bizi bat ematen dugu".

Ruben Goñi Urroz Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusiak adierazi zuenez, "Kalaskako proiektua estrategikotzat jotzen dugu. Bertako elikadura sustatu eta lehen sektoreari ematen dion bulkadagatik". Goñik gaineratu zuenez, zerbitzua bertan izatean lehen sektoreko ustiategien erreleboan izan dezakeen eragina nabarmendu zuen. "Bertako azienda arrazen sustapenari eta ingurumena zaintzeko beste modu bati hauspoa edo indarra eman diezaieke". Proiektuaren garrantzia azpimarratzearekin batera, "aktore guztien arteko elkarlanean" azpimarra jarri zuen. "Elkarlan horretan jarraitzeko" nahia adierazi zuen gobernuko ordezkariak.

Esker ona
Kalaska errealitatea bada, hainbat eragileren esku hartzeari esker da. Alde batetik, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia Garapen Departamentuko Eskualde Aktibazio Planen dirulaguntza dago. Bestetik, Ingurumen eta Landa Garapen Departamentua, salmenta bide laburrak sustatzeko planarekin lagundu duelako. Bestalde, Daniel eta Nina Carasso fundazioaren ezinbesteko laguntza izan dira Kalaskaren martxan jartzean, Alimentación Sostenibleko del Campo a la Despensa deialdiari esker Kalaska: zintzarrien iraultza proiektua errealitate bat delako. Eta modu batera edo bestera laguntza eman dute ANELek, Olatukopek eta INTIAk.