"Helburua komuna zen: hiltegia bizirik mantentzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko eka. 11a, 13:01

Aitortza gisa kalaska bana jaso zutenen artean dago Nerea Viana Zugadi, ezkerretan.

Sakana hiltegia biziberritzeko prozesua "luzea" izan dela aitortu du Nerea Viana Zugadik. Bitarte horretan "ez gara geldirik egon. Hiru oinarri sendorekin aurrera egin dugu". 

Kalaskak non du jatorria? 
Estreinako Sakanako Estrategia Planean abeltzainek premia bat identifikatu zuten: bertako haragia eraldatzeko azpiegitura kolektiboen beharra. Bestetik, ordura arte hiltegia kudeatu zuten ibarreko harakinek hura martxan mantentzeko laguntza eskatu zuten. Helburua bakarra zen: hiltegia bizirik mantentzea. 

Erronka?
Jakina, hiltegi txikiak ixteko joera zegoen. Baina oinarri onak zeuden, hiltegia bera, erronkaren ardura partekatua eta Sakanarendako estrategikoa zen proiektu bat zen. 

Abiapuntu horrekin, zer?
Erabaki zen hiltegiak oinarrizko hiru elementu izan behar zituela etorkizunean. Alde batetik, tokiko elikadura eredu iraunkor baterako tresna izan behar zuen. Hau da, hiltegiak eta eraldatze guneak haragiaren ekoizpena eta kontsumoa lotzen lagundu behar du, salmenta bide laburragoak sustatuz, gertuko eta kalitatezko haragiari balioa emanez, eta kate guztian zehar harreman ekonomiko justuak bermatuz, ekoizletik hasi eta kontsumitzailera arte. Aldi berean, nekazaritza proiektu herrikoi eta sostengarriak mantentzen lagundu behar du. Eta, gainera, hiltegiak duen paper dinamizatzaileari esker, belaunaldien arteko transmisioa eta eskualdatzea erraztu behar ditu. Ez bakarrik abeltzaintzan, baita herrietako harategietan ere.

Zein zen bigarren oinarria?
Hiltegiak zerbitzua irekia eta gardena eskaini behar du. Halako hiltegi txiki batetik duen gauzarik onena da erabiltzaileei banakako arreta eta tratua ematea posible dela, gardentasunez. Dena begi bistan dago, ongi egiten dena eta hobetu daitekeena. Horretaz aparte, zerbitzua ahalik eta erabiltzaile gehienengana iristea da helburua. Jakina, hori guztia abereekiko errespetuz eta haien ongizatea babestuz lan egitea ezinbestekoa da. Hori prozesuan zehar bermatzen da, tentuz eta presarik gabe lan eginez. Eta, bestalde, hiltegia Sakanako bihotzean kokatuta egonik, aziendak ez ditu distantzia luzeak egin beharrik. 

Eta atzeneko oinarria zein zen? 
Gobernantza partekatuan oinarritutako kudeaketa sistema bat ezartzea. Proiektuaren erabakietan eragile publiko eta pribatuek parte hartzea, abeltzaintza sektorea zentroan jarriz. Hiltegi txikiak funtsezko engranajea dira landa ekonomian eta sare guztia dinamizatu dezakeen elementu eta zerbitzu publikotzat ulertzen da, eta, beraz, tokiko entitateen babesa ezinbestekoa da.

Oinarriak zehaztuta, zer pauso eman zenituzten?
Alde batetik, hiltegiko azpiegiturak berritzeko inbertsioak egin ditugu: zatikatze eta eraldatze gune berria, zaldi azienda hiltzeko linea berria aktibatu da, ziurtagiri ekologikoa lortu da… Eta, bestetik, hiltegiaren etorkizuneko estrategia, kudeaketa eredua, eta bestelakoak lantzen aritu gara. Kalaska kooperatiba 2022an sortu genuen Etxarri Aranazko Udalak, Sakanako Garapen Agentziak (ibarreko gainerako udalak ordezkatzen ditu), abeltzainak eta hiltegiko langileak. 2023ko akaberan Kalaskak hiltegiaren kudeaketaren lekukoa hartu zuen. Hiltegian haragia eraldatzeaz gainera, elikadura eredua bera ere eraldatzea da helburua. Horretan, ezinbestekoa ikusten dugu bai erabiltzaileen bai gizarte osoaren inplikazioa. Azken finean, hiltegia ez da bakarrik abeltzainendako edo harakinendako, guztion elikaduraren mesedetara dagoen beharrezko tresna bat baizik.