"Kalitate eta gardentasun adierazle da Kalaska"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko eka. 11a, 13:02

Belardi eta erakundetako ordezkariek eta bazkideek aitortza jaso zuten. Leire mikrofonoarekin.

Leire Ganboa De Migel Kalaska kooperatibako arduraduna Kalaska kooperatibak bigarren urteurrena ospatuko du igandean. Zer den kalaska eta zertan aritzen diren azaldu du.

Gero eta mugimendu handiagoa dago Kalaska kooperatibak kudeatzen duen Sakana hiltegian eta haren aldamenean dagoen eraldaketa gelan.

Kooperatibari fale txiki baten izena eman diozue, kalaska. Zergatik?
Kalaskak soinu berezia egiten du. Gure mendi eta larreetan, natur ingurunean daukagun paisaia hori eduki ahal izateko musika bat beharrezkoa da, gure abereek kalaskarekin egiten duten musika. Halako proiektu batek natur eta herri bizi bat erakusten dituzte, soinu batekin. Horregatik hartu zuen proiektuak izen hori. Egon daitezela kalaskak gure inguruan luzaroan. Gure ekoizpen eredu horren adierazle da kalaska, mendietan animaliak aske larratzeak ematen dien ongi izaterena. Sortzen den haragia badakigu nondik datorren. Eta kalitate eta gardentasun adierazle ere bada Kalaska.

Zer garrantzia du hiltegiak?
Etxarri Aranazko hiltegia, zoritxarrez, Nafarroan gelditzen diren bi hiltegi txikietako bat da, bestea Iruritan dago. Inguruan halako hiltegirik ez dago. Sakanako harakinek egindako lan eta ahaleginari esker dugu. Horregatik gauzatu ahal izan genuen Kalaska. Etxarriko hiltegia bizirik egotea gauza handia da bai harakinendako bai ustiapen txikiak dituzten abeltzainendako. Animalia hiltzeko beste norabait joan behar badute garraioan eta denboran, besteak beste, gastua da. Etxarrin egotea garrantzitsua da abeltzainendako. Eta askoz ere gehiago harakinendako. Bertako abereak bertan hiltzen dituzte eta beraien harategitara eramaten dute haragia.

Aurretik hiltegia kudeatzen zuen harakinen kooperatibak haren kudeaketa uztea erabaki zuen, eta hala jakinarazi zioten Etxarri Aranazko Udalari. Orduan erabaki zuen Kalaskak proiektuan eraldaketa gelaz aparte hiltegia ere sartzea.

Hiltegiak zein abererekin lan egiteko baimena du?
Ardiak, ahuntzak, txekorrak eta joan zen urtean zaldikiarekin (behorrak, pottokak) lan egiteko baimena lortu genuen. Ardiak eta ahuntzak hiltzeko lerro bat dugu eta beste bat txekorrak eta zaldi aziendarako. Txerriak edo hegaztiak hiltzeko baimenik ez dugu. Baina hurrengoa txerriena lortzea izanen da.

Eraldaketa gela egin duzue aldamenean. Zer da hori?
Hasieratik eraldatze gela hiltegiaren ondoan aurreikusi zen. Esaterako, txekorrak dituzten abeltzainek aberea hiltegira eraman, han hil eta orain aukera dute eraldaketa gelan txekor hori nahi duten moduan prestatzeko. Badaude haragi loteak zuzenean saltzen dizkietenak herritarrei, dendei edo ostalariei. Horretarako xerrak, xehatutako haragia edo hanburgesak egiten dituzte. Arkumeen kasuan aukera dute zatitu, laurdenetan moztu laberako, saiheskiak mozteko… Norberak erabakitzen du bere aberea nola eraldatu nahi duen. Hori dena, freskoan. Hanburgesak, saltxitxak eta txistorra egiteko aukera dago. Baina oraindik txistorra eta saltxitxekin ez gara hasi. Hiltzen dugun guztia zatitzeko eta eraldatzeko baimena dugu. Baita txerrikia ere. Baina txerria beste hiltegiren batean hil beharra dago eta hona ekarri. Eraldaketa gelak urte eta erdi daraman martxan, eta oraindik ez diogu duen etekin guztia atera.

Zeinek erabil dezake eraldaketa gela?
Bazkide diren abeltzainek beraien haragia eraldatzeko aukera dute. Baina edozein pertsona etor daiteke eta eraldatzeko zerbitzua eska dezake, nahi duenarendako irekita dago. Kasu horretan, bazkide ez direnek ez dute eraldatze gela erabiltzeko aukerarik eta hiltegiko langileek egiten dute lan hori.

Bazkideek ere aukera dute langileek beraien haragia eraldatzeko. Animalia prestatu ondoren, haragia hotz kameran gelditzen da. Abeltzainek horrela antolatzeko aukera dute: momentuan behar dutena hartu, edo hurrengo egunerako utzi. Bazkide ez direnek, orain arte behintzat, dena aldi berean eramaten dute. Gehienetan norberaren kontsumorako izaten da. Askotan familiakoen artean banatzen dituzte txekor zatiak. Momentuz aukera egon dago txekor bat ekarri eta lehenik erdia eraman eta, esaterako, hurrengo astean beste erdia eramateko.

Horrek zer onura ditu?
Abeltzainek ekoizpena dibertsifikatzeko aukera dute. Esaterako, gazta egiten duen artzainak orain arkumeak berak saltzeko aukera du. Gainera, sakandarrok bertako produktuak kontsumitzeko aukera dugu.

Eraldatze gela martxan hasi denetik garapenik izan da?
Bai, lehen aldian behin erabiltzen zen eta orain astero bada zerbait, bai bazkideen aldetik bai bazkide ez direnen aldetik ere. Nafarroako haragi ekologikoa saltzen duen Trigo Limpio kooperatibak lehen Iruritan hiltzen zuen azienda eta Ariben eraldatu. Orain guztia Kalaskan egitea erabaki du.

Bazkideak aipatu dituzu...
Etxarri Aranazko Udala eta Sakanako Garapen Agentziaz aparte, zazpi bazkide erabiltzaile ditu Kalaskak. Sei, ustiategiak dira eta zazpigarrena Lezaungo Zunbeltz nekazaritzako eta abeltzaintzako test gunea. Hiru langileak ere bazkideak dira. Aurretik hiltegian lanean zeuden langileak dira, gaur egun Kalaskako bazkide direnak. Jarraitzeak asko erraztu digu lana, haiek oso ongi kontrolatzen baitute lana. Bazkide izan nahi duenari beharrezko azalpen guztiak emanen dizkiogu.

Aurrera begira?
Azienda garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuak garbitzeko eta desinfektatzeko gunea egiteko lanak aurki hasiko dira. Hiltegiaren hego mendebaldean 66,73 m²-ko teilape bat izanen da, eginkizun horretarako beharrezko instalazioak dituenak. Behin ibilgailuak garbi daudela, kanpoko hesian zabaldutako ate berri batetik atera beharko dute. Lanak Larragako Construcciones Luis Fernandezek eginen ditu 79.110,11 euroren truke.