Ekainaren 7an Larunbatean LXVII. San Joan Txirrindulari Proba jokatu zen Seguran (101 km), aldi berean afizionatuen Euskadiko Txapelketa izan zena. Ibilbide oso gorabeheratsua zuen lasterketak, tartean bigarren eta hirugarren mailako zortzi mendate puntuagarri. Ergoeneko azken mendatean Alejandro del Cidek (Gomur Cantabria) erasoa jo zuen, eta Mikel Uncilla etxarriarrak (Rural Kutxa-Alea) jarraitu egin zion. Segurako kaleetan Uncillak erasoa jo zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:38:15), Alejandro Del Cidi 10 segundo aterata. Hirugarren Gorka Corres (Rural Kutxa-Alea) sartu zen, 23 urtez azpiko Euskadiko Txapelduna izan zena. Euskadiko elite txapelduna Asier Castilla (Euskadi Fundazioa) izan zen, sailkapen orokorrean hamabigarren sartu eta gero.
Eskaintza berezia
Mikel Uncillak denboraldiko lehen garaipena lortu du, afizionatuen ibilbidean bere bigarrena, 2023an Laudion lortutakoaren atzetik. Garaipena Burundan eta Aralarren urte luzez bere taldekide eta bidelagun izandako Mikel Regili eta haren lagun Ibai Hoyosi eskaini zien Uncillak, ekainaren 1ean trafiko istripuz zendutako bi txirrindulari ohiei. "Mikel, Ibai, hau zuendako da. Aste hau mentalki zeinen gogorra izan den deskribatzea ezinezkoa da, baina hunkituta nago garaipen hau zuei eskaini ahal izateagatik. Faltan botatzen zaituztegu, eta inoiz ez zaituztet ahaztuko" azaldu du.
Sakandarrak Irungo Done Pedron
Ekainaren 8an afizionatuen mailako Done Pedro Sari Nagusia jokatu zen Irunen. Iker Trigok (Vigo-Rias Baixas) lasterketa bikaina egin zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara (3:38:37), Franklin Archiboldi (Natural Greatness) minutu pasa ateraz (3:39:56). Nafarroako selekzioarekin aritu zen Luca Martinez junior lakuntzarra 26. sailkatu zen (3:46:04), Euskadi Fundazioko Aimar Tadeo lakuntzarra 38. (3:46:21), Nafarroako selekzioko Ekain Imaz junior altsasuarra 43. (3:46:21), eta Mikel Uncilla etxarriarra 44. (3:48:07)